Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maule-Lextarreko biztanleak arduratuko dira aurten maskaradak antzezteaz

Dokumentuaren akzioak

Maule-Lextarreko biztanleak arduratuko dira aurten maskaradak antzezteaz

Zuberoako hiriburuan bertan emango dute aurrena otsailaren 3an

Komunikabidea
Diario Vasco
Mota
Albistea
Data
2007/01/22

Aurreneko emanaldia otsailaren 3an eskainiko dute, Lextarreko plazan eta larunbatez, nahiz eta usadioaren arabera igandea izan maskaradaren eguna. Aurrenekoa ez ezik, azkena ere -apirilaren 21ean- larunbatez emango da, baina igandez bisitatuko dituzte gainerako herriak. Hamaika hitzordu daude jada finkatuta, baina bada tartean asteburu libreren bat, eta baliteke egitaraura beste herriren bat biltzea. Historian oso atzera egiteak bestelakorik erakusten ez badu, aurreneko aldiz arduratu da Maule-Lextarre euskal herri antzerkiaren laginik oso eta berezinenetakoa urtebeteko lozorrotik ateratzeaz.

Bertan gozatzekoa

Egin izan dira maskaradak Zuberoatik ateratzeko saio arrakastatsuak, baina esperientzian murgiltzeko ez dago tokian tokikoaz gozatzea bezalakorik, nahiz eta kanpotik doanari ez beti erraza gertatu begien aurrean duenaz jabetzea.

Europako azalpen folkloriko aberatsenetakoa da adituen ustez maskarada. Dantza, musika, kantuak eta antzerkia uztartzen ditu, eta antzezleen eta ikusleen arteko mugak ere ezabatzen ditu, festara biltzeko aukera ugari baitute guztiek. Iraupenari dagokionez ere zabala eta luzea da maskarada. Barrikadak ematen dio hasiera goizeko 10etan, eta maskarada bera bazkalondoan egiten da, 16etatik aurrera. Tarte horretan, batez ere arratsalde partean, ondo neurtutako egitaraua jarraitzen du maskaradak, dantzak, jauziak eta koplak tartekatuz.

Bi talderen arteko liskarretan oinarritzen da esanahien aldetik ugaria den ikuskizuna. Gorriak daude batetik -bertakoak-, dotoreak jantzietan eta dantzan. Beltzak dituzte parean -kanpotarrak-, askoz ere zarpailagoak itxuraren eta dantza egiteko moduaren aldetik. Bi talde horietan lerratzen dira maskaradako pertsonaia nagusiak. Gorrien taldeko kide dira, besteak beste, maskaradako aginte gorena duen Jauna eta ikuskizuneko dantzari trebeenak: zamaltzaina, gatüzaina, entseinaria... Beltzen artekoak dira xorrotxak -bi emakumek egingo dute lan hori aurten estreinakoz- buhameak eta Kabanak gidatzen dituen kauterak, Pitxu jostalaria barne. Eta beste...

Maskarada emateko talde zabala behar da, eta horien kopuruaren arabera ere aldatzen da pertsonaiena. Aurten, hogeita hamar lagun dabiltza lanean otsailaren 3tik aurrera -barantailaren 3tik aurrera, zubereraz-, Zuberoan barrena bertako kulturan eta ohituretan sustrai sakon eta bizi-biziak dituen maskarada zabaltzeko.


EGUTEGIA

Otsailaren 3an: Maule-Lextarren (Lextarreko plazan)

Otsailaren 11an: Atarratzen.

Otsailaren 18an: Garindainen.

Martxoaren 4an: Gameren.

Martxoaren 11an: Barkoxen.

Martxoaren 18an: Altzürükün.

Martxoaren 25ean: Arrokiagan.

Apirilaren 1ean: Urdiñarben.

Apirilaren 8an: Hokin.

Apirilaren 15ean: Larrainen.

Apirilaren 21ean: Maulen (Maule gaineko pilotalekuan).

Dokumentuaren akzioak