Dokumentuaren akzioak
Mattin Irigoien: Libertimendua egitea anakronismo bat da kontsumo gizarte batean bizi baikara
MATTIN IRIGOIEN ANTZERKIGILE
Joan den astean, Euskal Irratietan, gaurko inauteriak politikoki zuzenegiak direla erran zuen Antton Lukuk. Zer iruditzen zaizu zuri ?
Libertimenduak ahalbidetzen du ikustea errealitatea alde desberdinetatik. Bai bolanten aldetik eta bai zirtzilen aldetik ere. Bolantek postura ederra dute. Udaberria irudikatzen dute. Zirtzilak aldiz, gaua eta iluntasunaren seinale dira. Baina gorputz eta ahozko askatasun handia dute. Bertsolarien erranak badira ere, eta denen sintesiak ahalbidetzen du errealitate hori beste manera batez so egitea. Libertimendua arte drama bat da, eta usaian entzuten ez ditugun gauzak entzunarazten dizkigu, usu politikoki zuzenak ez diren angeluetatik egia da. Gero, jakin behar da Libertimendua izateko, urtero talde berri bat muntatu behar dela, urteko gertakariak kontatzeko. Ondorioz, zaila izan daiteke gaiak ongi kausitzea, beraz noiztenka, aipaturiko angelu desberdin horiek ez dira beti kausitzen.
Justuki, erran duzu Libertimendua hainbat tokitan ospatuko dela aurten, hala nola Donibane Garazikoaren ondotik, Amikuzen eta Bankan, adibidez. Zerk egiten du gaur egun Libertimenduaren arrakasta?
Lehenik oroitarazi behar da zergatik desagertu zen Libertimendua. Lehen eta bigarren gerretan gazte anitz hil ziren. Gero botere publikoak ez zuen kritika maite. Erran bezala, Libertimenduak aniztasun baten erakusleihoa da, eta aniztasun hori ez zaio gustatzen botereari. Botereak nahi du bere begirada finkatu eta ez beste norbaitena. Beste begiradek dudan ezar dezakete boterea. Ondorioz, Libertimenduaren ttipitze bat gertatu zen, Kabalkada dena. Mintzatzeko ezintasunaren adierazle bezala ari da kabalkada. Kabalkadan ere libertimenduko zantzuak badira. Kabalkadetako laborari bikotea Libertimendutik heldu da. Jendartearen errepresentazioaren fosilizatze bat da hori, hitzik gabea.
Eta beraz, nola berpiztu zen berriz Libertimendua?
Sinplea da. Antton Lukuk ikaragarriko lana obratu du Garazi aldean. Libertimenduak egin zituzten zaharrak elkarrizketatu ditu eta ikerketa lan bat eraman du horren inguruan. Gero, ikerketa hori baino haratago joan da. Libertimendua ez dadila fosilizatua egon, gaurko forma bat eman dio duela hamahiru bat urte Garazin. Horretan interesa dugunek segitu dugu gure aldetik, eta entseatzen gara ahal bezain ongi egiten.
Geroari begira, uste duzu Libertimenduak segituko duela?
Urtero galdera hori egiten diogu gure buruari. Azkenean ezin da erran bai edo ez, ez baita jakiten ahal. Aitzinetik ez dugu erraten ahal zirtzil zein dantza talde bat izanen den. Gazteek prest izan behar dute indar bat emateko eta gero beren lana gizarteari itzultzeko. Hori guztia ez da sekula idatzia. Nik ezin dut erran heldu den urtean Libertimendua izanen dela Donapaleun. Gaurko munduan, Libertimendua egitea anakronismo bat da, kontsumo gizarte batean bizi baikara. Bakoitza ari da bere mundu ttipian, eta beraz hiruzpalau zaharrei begira, gazteen artean artedrama hori muntatzea euskaraz, haien boza plazaratzeko, ez da gauza erresa.
Dokumentuaren akzioak