Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mattin Etxebeste oiartzuarrak irabazi du bigarrenez jarraian Aurresku Txapelketa

Dokumentuaren akzioak

Mattin Etxebeste oiartzuarrak irabazi du bigarrenez jarraian Aurresku Txapelketa

Atzo eguerdian egin zen Modelo aretoan zortzi dantzariren partaidetzarekin
Egilea
Antxon Etxeberria
Komunikabidea
El Diario Vasco
Tokia
Zarautz
Mota
Albistea
Data
2023/09/02
Lotura
El Diario Vasco

Mattin Etxebeste oiartzuarra, lehen saria jasotzen Xabier Txurruka alkatearen eskutik.

Euskal Asteko egitarauaren barne lehenengo bi txapelketak jokatu dira. Atzo eguerdian XXXV. Aurresku Txapelketa izan zen, euria zela-eta, Modelo aretoan. Zortzi dantzari izan genituen oholtzan eta irabazlea Mattin Etxebeste oiartzuarra, bigarren Mikel Garmendia errenteriarra eta hirugarren sailkatua Irati Olaizola legazpiarra izan zen. Aipatzekoa, txapelketak bost dantzari legazpiar izan zituela.

Lau txistulariren laguntzarekin, bi fasetan egin zen lehiaketa eta Etxebeste bera izan zen lehena dantza egiten. Lehenengoan pieza aukeran eta bigarrenean, guztiek zortzikoa dantzatu zuten. Ondoren, epaimahaiaren erabakiaren zain minutu gutxi batzuk itxaron ondoren, eman ziren jakitera lehen hiru sailkatuak. Irabazleak txapela, oroigarria eta 130 euroko saria jaso zituen Xabier Txurruka alkatearen eskutik. Bigarren aldia da jarrain 18 urtetako gazte honek Zarauzko Aurresku Txapelketa irabazten duela. Txikitatik Oiartzun dantza taldeko kidea, baina aldi berean Villabonako Oinkari dantza taldearekin ere ibiltzen da. «Oso gustora lehen saria irabaztearekin», zioen txapelketa amaieran. Dantzan Oinkarirekin jarraituko du baina, aldi berean, egun gutxitan Arkitektura ikasketak hastera doa Donostiako Euskal Herriko Unibertsitatean.

Bertsolari gazteak

Era berean, ostiral gauean, Bertsolari Gazteen XLVII. Lizardi Saria jokatu zen Modelo aretoan eta sei finalisten saioaren ondoren, epahimaikideek lehen saria Amorotoko Garazi Navarrok merezi izan zuela erabaki zuten; bigarren saria eta aldi berean bertso onenaren saria Algortako Unai Mendiburuk jaso zuen; hirugarren sailkatua Hernaniko Iker Ormazabal izan zen: laugarrena Berako Ekhiñe Zapiain; bosgarren Hazparneko Irantzu Idoate sailkatu zen eta seigarren Abadiñoko Bittor Altube, hain zuzen kanporaketa saioan zuzenean sailkaturikoa Ekhiñe Zapiainekin batera.

Bihar, binakako txapelketa

Euskal Asteko Txapelketek bihar, astelehena, izango dute jarraipena, helduen binakako dantza txapelketarekin arratsaldeko 19:00etan hasita, Lege Zaharren enparantzan, dozena bat bikoterekin, partaide kopuru handiena Azpeitia eta Lezo aldekoak. Ea eguraldiak 'tregua' bat ematen duen, izan ere atzokoan egun guztian ez zuen geratu ere egin eta ondorioz, egitarauak zenbait aldaketa izan zituen. Esaterako, euskararen aldeko lasterketa bertan behera geratu zen eta bazkari herrikoia Musika Plazan ordez, Orokieta eskolako frontoian egin zen.

Gogoratu ere, gaur txikien eguna dela, Haurren Euskal Jai Eguna. Dantzarien emanaldi nagusia eguerdiko 12:45etan izango da udaletxeko plazan eta arratsaldean erromeria, Iñurritzan.

Dokumentuaren akzioak