Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Materiagabeko ondare kulturala" izango dute adituek aztergai Iruñean

Dokumentuaren akzioak

"Materiagabeko ondare kulturala" izango dute adituek aztergai Iruñean

Elkarteak urtero eratzen ditu folklore eta kultura tradizionalari buruzko topaketak

Egilea
Arantza Gartzia
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2002/09/03

Eskultura, poesia edo herri arkitekturaren diziplina klasikoen bitartez ulertzeko zailak diren kulturaren beste adierazpideak izango dute gai nagusitzat Iruñeko Ortzadar taldeak urrirako antolatutako jardunaldiek. Horrenbestez, Materiagabeko ondare kulturala lelopean plazaratu eta eztabaidatuko dira, besteak beste, kultura baten harreman moduak, festaren zentzua, kaleko ingurunearen erabilera eta balio sinboliko, erlijioso eta gizartezkoak, bakarkakoak zein taldekoak.



Aurten, Unesco-Nafarroako Enearen babespean izango dira Folklore eta Kultura Tradizionalaren gaineko XVII. Jardunaldi hauek. Ortzadar Euskal Folklore Taldeak 1984az geroztik urtero antolatzen ditu folklorezaleen eta ikertzaileen topaketa hauek, eta gai bakarra lantzen da bertan. Topaketa hauek helburu dute, batetik, ikerketan sakontzea eta hura zabaltzea, eta, bestetik, eztabaidatzeko batzar edo topaketa batzuk eskaintzea. Hortaz, entzuleei irekita egonen dira, behin jardunaldien idazkaritzan izena emanda.



Arriskuan dagoen ondarea



Gaur egun, Ortzadarren aburuz, materiagabeko ondare kulturalaren gaia gori-gorian dagoen gaia da, hura babesten duen legedirik gabe bere iraupena arriskuan dagoelako. Hortaz, ondare hau babesteko berezko legedi bat beharrezkoa da, ´nazioarte mailan kulturen materiagabeko alderdiak nola kulturen euren iraupena arriskuan jartzen dituen mundializazio politika batek araututa baitagoª.



Ortzadarrek uste du materiagabeko ondarea garrantzitsua dela nortasun sortzaile gisa. ´Politikak eta gizarteak tresnatzat erabiltzen baitute, herrialdeen nortasun eta izaeraren ezarpenerako eta haren adierazpenak politikoki interpretatzekoª. Gauzak horrela, Euskal Folklore taldeak ikerketa bide batzuk proposatzen ditu. Bide bat, ondarearen zerrenda bat egitea litzateke, ´zer den ondare eta zer ez zehazteko, edo katalogazio hori eraginkorra izan dadin beharrezko tresnak zeintzuk diren eztabaidatzekoª.



Beste ikerketa ardatz bat, egungo legedia eta haren eraginkortasuna ikertzearena litzateke, edo ezagutzaren transmisio garraioarena. Hau da, materiagabeko ondareari buruzko hezkuntza normalizatu baten gaia jorratu edo komunikabideen paperaren azterketa egitea.



Jardunaldien ´izaera zabalaren eta anitzarenª isla dira hainbat erkidetako hizlarien partehartzea. Izan ere, aurreko jardunaldietan Aragoi, Katalunia, Gaztela edota Kanarietako partaidetza izan dute, ´bai ospe handiko jendea, bai eta ikertzaile gazteak ereª.



Topaketa hauetan aurkezten diren lanak Eusko Ikaskuntzaren liburukian argitaratuko dira. Baita Vianako Printzea Erakundeko koadernoetan eta Ortzadarrek argitaratzen duen Sukil koadernoan ere. Parte-hartzaileak oraindik zehazturik ez badaude ere, lanak jada aurkeztuta daude. Ekainaren 15erako lanaren ideia aurkeztu behar zen, eta egileek urriaren 1a baino lehen behin-behineko testua helarazi beharko dute. Azkenik, batzorde zientifiko batek neurtuko ditu aurkeztutako txostenak.

Dokumentuaren akzioak