Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Materiagabeko interesa

Dokumentuaren akzioak

Materiagabeko interesa

Egilea
Alberto Barandiaran
Komunikabidea
Berria
Tokia
Iruñea
Mota
Albistea
Data
2009/04/08

Caro Baroja anaiek 1964an Lantzeko inauteria berriro egiteko eskaera egin zutenean, seguru asko ez zuten amestu ere egingo haiek bildutako materiala hainbeste zabalduko zenik. Ez zuten pentsatu ere egingo, ondorioz, Lantzeko inauteria Euskal Herri osoko ezagunenetakoa egingo zela eta, haiei esker, berreskuratuko zela. Baina horixe gertatu zen. Astelehenean, Nafarroako Gobernuak interes kulturaleko ondare izendatu zituen, Zubietako eta Iturengo inauteriekin batera. Euskal Herrian mota horretako izendapena jasotzen duten ondare materiagabeko lehen kultura adierazpenak dira.

Atzo bertan, inauteri horien inguruko erakusketa eta argitalpena aurkeztu zuten Artxibo Nagusian. Erakusketak hiru inauteri horien historia, bilakaera eta gaur egungo egoera jasotzen du, eta argitalpena Nafarroako Gobernuak karrikaratzen duen Panorama saileko 40. zenbakia da. Mikel Ozkoidi eta Karlos Irujo izan dira egileak.

Aitormena eta babesa

Interes kulturaleko izendapenak ez du, berez, ondorio praktikorik. Kultura adierazpen garrantzitsuen aitormena da, ezer baino gehiago. Babes neurriak ere aurrez ikusten dira, batez ere zabaltzeko eta iraupena ziurtatzekoak. Karlos Irujok berak nabarmendu baitzuen, atzo, herritarrek beraiek emango diotela, herri kultura adierazpen orori, ezinbesteko babes bakarra. «Materiagabeko ondareari balioa ematea da Unescok bultzatzen duen onarpen honen helburu nagusia, baina herriaren borondatea da azken finean balio duena. Bestela, museorako material bilakatzen dira».

Panorama aldizkarirako argitalpenak inauteri horietako material grafiko joria bildu du, aspaldiko agiriekin batera. Hori da, hain zuzen ere, berriena, egileek beraiek onartu baitute «harrituta» baieztatu dutela informazio asko jorratu gabe zegoela oraindik. «Barojatarrak 60ko hamarkadan inauteri hauei buruz ikertzen hasi zirenean, hara joan ziren, eta landa azterketa handia egin zuten», azaldu du Ozkoidik, «baina dokumentazioa ez zuten aztertu. Eta garai hartako debekuen inguruko idatzizko agiri asko aurkitu ditugu, eta baita argazki asko ere, nahiko ezezagunak».

Esan ohi da botereak menperatzen ez duenak ez duela informazio ofizialik uzten. Debekuen inguruko informazioa da, beraz, gehien dagoena. Ez dago, esaterako, inauterien deskribapen edo azalpenik.

Bien arteko aldeaz galdetuta, bilakaera desberdina izan dutela azaldu du Ozkoidik. «Lantzeko inauteria berriro egiteko baimena eman zutenean, berez galtzen hasia zen. Fosilizatuta zegoen. Eta fosilizatuta geratu da, kanpokoendako inauteri gisa. Ituren eta Zubietan, ordea, debekuak ezarri nahi izan zirenean, neguko ospakizun gisa antolatu ziren, eta buelta eman zioten. Hangoentzako inauteri bilakatu ziren, 70eko hamarkadan turismoa iritsi zen arte».

Dokumentuaren akzioak