Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Matematikak edertutako artea

Dokumentuaren akzioak

Matematikak edertutako artea

Geometria, konbinatoria eta topologia erabil daitezke euskal dantzetako mugimenduak eta kokapena deskribatzeko. Era berean, zatikiekin adierazten da doinuen erritmoa.
Egilea
Amaia Igartua Aristondo
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2025/03/21
Lotura
Berria

Iruñerriko talde bat zinta dantza egiten, Iruñean, uztailaren 6an. IDOIA ZABALETA / FOKU

Iruñerriko talde bat zinta dantza egiten, Iruñean, uztailaren 6an. IDOIA ZABALETA / FOKU

Irakasleen esanetan, dantzaren urratsak musikaren erritmora egokitzen dira, eta musikaren erritmoa, berriz, konpasen bidez antolatzen da. «Musika matematikoki neurtzeko erabiltzen da konpasa, soinuen iraupena neurtzeko», zehaztu du Rivasek. Pultsu azentuatuak eta ez-azentuatuak uztartzen dira konpasean, eta pultsu azentuatuak markatzen du haren hasiera. Zeinu matematiko batekin adierazten da: zatikiarekin. Zenbakitzaileak zehazten du zenbat pultsu dituen konpas horrek, eta izendatzaileak, pultsu bakoitzak zer nota-irudi irauten duen —bat zenbakia nota biribilari dagokio; bi, zuriari; lau, beltzari; zortzi, kortxeari...—. Arin-arina, esaterako, 2/4 konpasean idatzitako musikarekin dantzatzen da; agurra, 4/4koan idatzitakoarekin; 3/4ko konpasa dagokio fandangoari, 4/4koa jauziari, 6/8koa biribilketari...

Markina-Xemeingo ezpata dantzan sortzen diren zirkunferentzia, erradioak eta lerro ebakitzaileak. OSUNE ORUETXEBARRIA ETA JUDITH RIVAS ULLOA
Markina-Xemeingo ezpata dantzan sortzen diren zirkunferentzia, erradioak eta lerro ebakitzaileak. OSANE ORUETXEBARRIA ETA JUDITH RIVAS ULLOA

Askotarikoak dira, beraz, euskal dantzen erritmoak, baina badago bat berezia dena, ez baita errepikatzen gainerako herri musiketan: 5/8 konpasa. Zortzikoa dantzatzen da erritmo horretan. «Notak nahiko modu bitxian antolatzen dira, puntudunak ere badaude eta. Lehenengo notak ez du besteen iraupen berbera», esplikatu du Rivasek.

Matematikoki ordenatuta

Doinuetatik harago ere nabaria da matematika. Esate baterako, askotariko irudi geometrikoetan antolatzen dira dantzariak. Laukizunena taxutzen dute Bizkaiko makil dantzan eta Gorulariaren arku dantzan, adibidez, eta bestelako poligono batzuetan ordenatzen dira banakoan eta brokel dantzan —pentagonoa—, eta txotxongiloan —hexagonoa—. Horrez gain, korroetan dantzatzen dira euskal doinu ez gutxi, eta, beraz, zirkunferentziak osatzen dira txulalain, jauzietan eta ingurutxuan, eta zirkunferentzia zentrokideak ere bai arin-arinean eta fandangoan kasurako, korro handiaren barruan bigarren borobil bat osatzen baitute dantzariek.

Are oparoagoa da figuren aniztasuna, dena den. Izan ere, biribilean egiten diren beste dantza batzuetan, korroa ez da guztiz ixten, eta, beraz, zirkunferentzia erdia sortzen da zapatain dantzan edo Lekeitioko (Bizkaia) andrazkoen aurreskuan, esaterako. Markina-Xemeingo (Bizkaia) ezpata dantzan, gainera, bestelako elementu geometriko batzuk ere agertzen dira. Hamahiru dantzari aritzen dira beti ezpata dantzan: hamabik zirkunferentzia bat osatzen dute, eta hamahirugarrena erdian kokatzen da, ardatz modura. Harekin gurutzatuko dira gainerako hamabiak, eta beren ezpatekin eta mugimenduekin erradioak eta lerro ebakitzaileak sortuko dituzte.

«Euskal dantzetan konbinatoria topatu dugu, eta beste herrialdeetako dantzetan, ez»

JUDITH RIVAS ULLOAEHUko Matematika Saileko irakaslea

Mugimendu horiek ez dira ausazkoak izaten, ordea. «Simetria kontuan hartzen da, bai dantzarien kokapena erabakitzean, baita urratsak egitean ere», nabarmendu du Rivasek. Arteen lagun hurkoa da simetria, oro har, edertasunaren baldintzetako bat baita pinturan, arkitekturan, eta eskulturan, besteak beste, eta koreografoek ere baliatzen dute mugimenduak aberasteko. Dantzariak posizioz aldatzen direnean, simetria dago lekualdaketaren oinarrian, eta beste horrenbeste biribilean egiten diren dantzetan. Halaber, islapenak ere ohikoak dira taldekako koreografietan, Rivasek xehatu duenez. «Bi dantzarik aurrez aurre egiten dutenean dantza, ispilu baten aurrean ariko balira bezala daude: batak eskuineko oinarekin egiten duena, besteak ezkerrekoarekin egiten du».

Konbinatoria eta txirikordak

Konplikatuagoa ere izan liteke mugimenduaren matematika, edozelan ere. Konbinatoriari erreparatu diote irakasleek. Euskal dantzen konfigurazioan, hainbat egitura errepikatu egiten dira, eta konbinatoriak aztertzen ditu, hain justu, elementu kopuru jakin baten taldekatze edo ordenatze prozesuak. «Euskal dantzetan konbinatoria topatu dugu, eta beste herrialdeetako dantzetan, ez», azpimarratu du Rivasek. Batik bat, permutazioak eta konbinazioak antzeman dituzte. Zortzikoan, adibidez, zortzi dantzariek aldi berean dantzatu eta haien arteko posizioak trukatzen dituzte, eta joera hori permutazioen bidez modelizatu daiteke, Rivasen berbetan. «Zenbakiak nola ordenatu daitezkeen deskribatzen dute permutazioek. Zortzikoko dantzari bakoitzari zenbaki bat ematen badiogu, ikus dezakegu bakoitza non egongo den kokatua dantzan zehar».

Era berean, konbinazioak erabilgarriak dira aukerak behatzeko. «Multzo handi batetik nola aukeratu daitezkeen elementuak multzo txikiagoak sortzeko, horixe deskribatzen da konbinazioen bidez», esplikatu du Rivasek. Zortzikoari dagokionez, zortzi dantzarik osatzen dute multzo handia, eta hortik talde txikiagoak osatzen dira: launakoan, lau dantzariko taldeetan aritzen dira; binakakoan, bikoetan.

Zinta dantzaren mugimenduak, txirikorden teoriaren bidez deskribatuta. OSANE ORUETXEBARRIA ETA JUDITH RIVAS ULLOA
Zinta dantzaren mugimenduak, txirikorden teoriaren bidez deskribatuta. OSANE ORUETXEBARRIA ETA JUDITH RIVAS ULLOA

Topologiak ere badu zeresana: txirikorden teoria erabilgarria da dantza batzuk esplikatzeko. «Aljebrako teoria oso abstraktu bat da txirikordena, baina fisikoki ikus daiteke», esan du Rivasek. Zinta dantzan eta iruleen dantzan mamitzen da, zehazki. «Zintak gurutzatzen direnean, argi ikusten da zer txirikorda sortzen den, koloretako zintek patroi bat osatzen baitute zutoinaren gainean». Iruleen dantzan, txirikorda ez da esplizituki agertzen, zintak ez baitaude lotuta, baina gurutzaketak gertatzen dira berdin-berdin.

Zertan datza, baina, txirikorden teoria? «Bi zinta gurutzatzen dituzunean, bata bestearen gainetik edo azpitik, gurutzaketa bakoitza ikur matematiko batekin deskribatzen da», Rivasen berbetan. Eta, zenbakiekin egin daitekeen legez, gurutzaketak ere batu eta konbinatu litezke, eta eragiketa horiek ere badituzte, orobat, zenbait berezitasun. Adibidez, batuketek zenbait propietate aljebraiko dituzte, hala nola trukakortasuna: hau da, berdin du 3+2 edo 2+3 egitea. Txirikordetan, ordea, trukakortasuna ez da beti betetzen. «Arreta apur bat jarri behar da: trukaketa egoteko, zintek urrun egon behar dute», argitu du Rivasek.

Dokumentuaren akzioak