Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maskaren gibeleko tziganoak

Dokumentuaren akzioak

Maskaren gibeleko tziganoak

Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2009/02/28

Maskarada buhameen erritu bat da, erran nahi baita, tziganoena. Konklusio horretara iritsi da Gotaineko Nicole Lougarot. Baina konklusio soil bat baino gehiago, gure historia begi berri batzuei esker begiratzeko proposamen bat du hori: «Hipotesi anitz botatzen ditut. Aztarna batzuk dira batez ere. Nik espero dut erraten dudan hori herri tradizioen espezialistak direnek kontuan hartzea. Eta, aldi berean, tziganoei interesatzen direnek ere gure ohiturak hurbilagotik begiratzen hastea, ez baitakite buhameak irudikatzen ditugula». Lougarot konbentzitua baita tziganoek anitz ekarri dutela Euskal Herrira. Horrek esplika dezake Europan zehar aurki daitezkeen dantza, besta edo erritual anitzek elkarren artean duten antza: «Elkarri eite dutela ikusten dutenek ez dute loturarik egiten lurralde bakoitz horietan tziganoak izatearekin».

Gaur Miarritzeko Mediatekan, 16:00etan, frantsesez emanen duen mintzaldian hari horri dio tira eginen. Martxo erditsutan Gatuzain argitaletxearekin Les bohémiens liburua kaleratuko du. Lougarot, berez, animatzaile da, mementoan langabezian. Koreografoa ere bada. Aurtengo Gotaineko apiril hasierako Xiru jaialdian, hark koreografiatu Lürraldea dantzan ikusgarria estreinatuko dute. 1802an buhameen aurka egin sarekada irudikatzen du obrak.

Pasio bilakatu zaion gai hau erdi kasualitatez aurkitu zuen Lougarotek, duela hiru urte. Xiru jaialdiarentzat, preseski, txaranga tzigano bat ekarri nahian ari ziren. Interneten bilatzen hasi eta tziganoen musikaz ari zen web orri batean Maule hiriaz mintzo zirela ohartu zen. Delako 1802ko sarekada zuten aipu: «Nik ez nekien ere buhameak tziganoen populuaren parte zirenik. Hemen buhameak aipatzen genituen, bai, baina guk uste genuen bizitzeko manera bat zela. Ez populu bat». Sarekada horretaz gehiago jakin nahian hasi zen bilaketa lana sakontzen. Orduz geroztik ez da gelditu. Beti ari da galdezka, ikasi eta ulertu nahian: «Maskaradetan buhameak zergatik horrela irudikatzen ditugun ulertu nahi nuen hasiera batean. Garai hartako dokumentuetan buhameen deskribapenak irakurrita ohartu nintzen gure maskaradetako buhameen deskribapen bera egiten zutela. Mozkor, alfer, eta abar. Hortik laster duda agertu zitzaidan: maskarada arrazista ote?». Galdera horri begira oraino dudak ba omen ditu. Ez du oraino argi. Geroztik ohartu da herri guztietan funtzionatzeko manera bera dagoela. «Parte guztietan zaila zaie tziganoak eder eta kultura aberats bat duten pertsona gisa irudikatzea».

Alta, XV. mendean Euskal Herrian bezala, Europako beste leku anitzetan ere prozesioetarako kontratatzen zituzten, Besta Berrirako edo beste: «Musikari eta dantzari biziki onak ziren». Euskal Herritik kanpo, leku anitzetan buhame edo tziganoak miresten ziren, ederrak zirelakoan, dantzari onak, abereak zaintzen bazekitelako edo beste, eta aldi berean, beldur zieten.

Maskaradan bertan, 1850a arte, buhameen eta buhame ez zirenen arteko desberdintasuna ez zuten gaur egun bezain argia, Lougarotek dioenez. Kantiniersa, adibidez, buhame bat zen. Gatuzainak bere gatüarekin ingurukoen probokatzen jostatzen zen: «Ez zen gaur bezala, lekuko eta atzerritarren arteko desberdintasunik. Baziren ederrak eta baziren itsusiak».

Europan gaindiko lotura horiek egiten lagundu duena Lougarot Maskarada bera izan da. Leku anitzek baitute berea. Guztietan ijito, tzigano edo buhame bikote edo talde bat badagoela ohartu da Lougarot: «Ezinezkoa da leku guztietan buhameak irudikatu izana, besterik gabe. Horrek arrazoi bat dauka. Horrek nau bultzatu pentsatzera maskarada buhameen erritua dela, tziganoena». Zuberoako maskaradako pertsonaia anitz beste lekuetan ere badituzte. Zamaltzaina, adibidez, Indiako Rajasthanen ere badaukate. Adituen arabera, handik abiatu ziren tziganoak X. mendean. Indiatik hasi eta Europako mendebalderaino iritsi aitzin egin bide osoan zehar aurkitzen da zamaltzaina. Gatuzainaren gatüa ere agertzen da zenbait lekutan. Erritualetan, leku anitzetan ikusten da hiltze eta berpizte bat, hemen Pitxurekin bezala. Zuberoan daukaten berezitasuna beren dantzetan dago. Besteetan ez dira berdin garatuak.

Ipar Moldaviako maskaradan, berriz, kauterak dituzte, Donostiako kaldereroen gisakoak. Biak Rom Kalderoetatik etortzen dira. Hots, horien atzean ere tziganoaak daude. Beste antzekotasun baten adibide bat, Katalunian existitzen den maskarada izan daiteke. Ball de gitanes du izena: «Ezkongaiak eta buhameak aurkitzen dira horko pertsonaien artean». Euskal Herriko zinta dantzaren eiteko dantza bat ere badute integraturik: «Buhameak diren toki anitzetan aurkitzen da zinta dantza». Beste adibide bat, Lapurdiko inauterietako kaskarotak: «Lapurdi itsasaldean bizi tziganoen izen bera dute. Horiek ere kaskarotak deitzen ziren. Baina ez da behin ere barnatu zergatik izen bera duten».

Kaskarotek eite handia dute, halaber, Ingalaterrako morris dantzariekin. Hor ere arrasto bat: «Morris izen hori nondik heldu den zalantzak dituzte hangoek. Greziako Peloponeso eskualdeko tziganoen eremuak More izena zuen». Makil dantzak ere bazituzten garai batez Ball de gitanes horietan. Otsagabiako dantzei eite zuena. Hots, zerrenda luzea, eta luzeago izan daitekeena. Dantzen irudiak ere berez mintzo dira.

 

Sarekadan harrapatu buhameak euskaraz ari

Baionako eta Mauleko inguruetan bezala 1802an, Europa osoan beti izan dira buhameen haizatzeko ahaleginak

N. A.

Gotaine

Testuak lekuko, 1802. urtean 475 buhame atxilotu zituzten Maule eta Baionako inguruetan. Funtsean, sarekadak ez ziren bakarrik Euskal Herrian. Eta 1802ko hori ez zen sarekada bakarra izan, baina horri buruz idatzi dokumentuak gorde dituzte. Urte hartako atxilotuen zerrenda Parisko artxibotik bildu ahal izan du Nicole Lougarotek. Zerrenda horretan ikus daitekeenez, kasik denek euskarazko izenak zituzten. Atxilotuak Louisianara eramatekoak zituzten. Gaur egun Ameriketako Estatu Batuetan sartua den Louisiana 1802an ez zen hala. 1803an saldu zien Napoleonek.

Buhameak kolonietara bidaltzen XVI. mendean hasi ziren. Frantziak bezala, Portugalek eta besteek ere. «Buhameak leku batera heltzen zirelarik, bertakoek buhameek lekuak hustu zitzaten ahaleginak egiten zituzten. Manera guztiak erabiltzen zituzten horretarako». Leku batera etortzen zirelarik, anitz aldian heldu zirelakoan, «era salbaiegi batean menturaz», dio ironikoki Lougarotek: «Tokikoak ez ziren haien beha. Hor zegoen koska».

Buhameak haizatu nahi izan bazituzten, bizkitartean, integratzen ziren. Eta horren lekukotasun bat ere bada 1802ko sarekada. Lyongo presondegira bidali zituzten orduan atxilotutako andere batzuk. Presondegiko zuzendariak utzi idatziek diotenez euskaraz bakarrik mintzo ziren beren artean. «Lekuko hizkuntza mintzatzeak erakusten du ez zirela arras aparte bizi». Euskara hitz egiten zuten, baina, dirudienez, hitz tzigano batzuk sartzen zituzten tartean. Hori erakusten duen beren euskararen bilketak eginak izan dira. Hemengo leku batzuetan, erromintxela hizkuntza forma hori. Lougarotek ere liburuan adibide zenbait ematen ditu. «Tziganoak Europara jin zirelarik, muga guneak hautatu zituzten, anitzetan. Haien kontrako erabakiak hartzen zituztelarik alde batean edo bestean, giroa gehiegi berotzen zelarik haien kontra, bestaldera joaten ziren. Mugari esker ez zuten urrunegi joaterik. Beti leku bertsuetan egoten ziren».

Dokumentuaren akzioak