Dokumentuaren akzioak
Maskaraden hegaletan
Erran dezakeguna da pagolarrak, engoitik, bertze maila batera pasa direla, Xamarren Biziaroak (Pamiela, 2023) liburuak xehatzen digun bezala: “Zernahi adierazpide publikotan parte hartzea garapen maila batera heldu zirelako seinale zen, helduak ziren. Jadanik ez ziren haurrak, orain neska-mutilak ziren, herriko gazteria, zituen abantailekin eta betebeharrekin. […] Maskaradetan jardutea jauzi soziala zen herritarren aurrean, haurrek ez baitzuten parte hartzerik, zerbait iniziatikoa zen, beste mailara pasatzea”.
Neska-mutilak, beraz, helduago bilakatu dira eta Pagola herria bera ere bertze maila batera pasa da: Zuberoa eta Nafarroa Behereak harrapaturik bizi baita, Izpaxuri errekak juntatzen dituelarik biak, herri erdi-erdian. Hala ere, Nafarroa Behereko mapan sartua da ofizialki Pagola, Oztibarren, hain xuxen ere. Maskaradak, komunzki, Zuberoako herriek dituztenez ematen, horregatik azken mendean ez da Pagolan eginik izan. Gaur arte.
Preseski, Buhame Jaunak planteatu du galdera, kasik plazarat sartu orduko: “Pagolarrak zer gara? Zuberotarrez mintzo diren manexak? Ala manexez mintzo diren zuberotarrak?”. Publikoak badu zer gogoeta, zeren eta paperño batean izkiriatu baitu ustezko arrapostua, eta, arta handiz, tolestu du bitan, lautan, zortzitan eta berdin hamarretan ere… Ezin leku helkaitzan kukutu duen arte: uzkian. Beha egon beharko du ikusleak, Buhame erregeak noiz deliberatuko duen, dialektikaren behingoz trenkatzeko.
Pitxuren tripakiekin nola, entseatu gara maskaradaren barrunbeetarat sartzen, azaletik bada ere, maskarada batean parte hartzeak zer erran nahi duen irudikatzeko, are gehiago, herrian berean ez bada jakitate horren transmisiorik izan.
Pagolarren esperientziak erakutsi die Zuberoako geopolitika guzia jokatzen dela maskaraldietan. Mirentxu Lako maskaradariak eman ditu azalpenak: duela urte batzuk, orduko maskarada errezibitu zutelarik Pagolan, bazkal denboran, aktore batzuek portaera “oso desegokia” izan zuten. Baina, bi asteren buruan, barkamen-eske joan zitzaizkien. Afera hartan bukatu zen, “arrunt lañoki”. Alta, aurten, pagolarren aldi izan delarik herri hartarat joatea, ez dute gertakaria predikuan ere aipatu eta etxeetan “normal” portatu dira pagolarrak: “Gogoan genizun duela bi urtekoa, baina guretako iragana zen. Ondotik, heldu taldeak Pagolako helduen taldeari mezua igorri zien eskertzeko nola portatu ziren pagolarrak, mendekurik gabe. Orduan, pagolarrak haien lagun onenak bilakatu gara. Hor ikusten duzu Zuberoan, herriz herri, zure herria nola kontsideratua izanen den hogei bat urtez, ondoko maskarada arte hots! Gu aurten, Suitza total! Dena Bingo! kur-kur-kur".
Pagolako maskarada WhatsApp taldeak ditu deliberoak hartzen; hor baitira bildurik maskaradako gazteak eta txirularia. Goiz honetan, 08:20ean abiatu behar dutenez Pagolatik, hitzordua finkatua dute 07:30ean Aozteia ostatuan; izan ere, Pagolaren auzo-herria baita Urdiñarbe, berehala egina da bidea.
Aozteiko borta zabaltzearekin hantxe dute askaria prest-presta: dena katilu, fruitu-ur, erreximenta, burra, kafe, txokolate-esne... Herriko pilota elkarteak hartu du eginkizuna bere gain: emanaldia duten aldi oroz, behar den tenoreko hor dute dena plantan emanik.
Batzuk ahamen baten jaten ari diren bitartean, anpleki, bertze batzuk arropaz aldatzen hasten dira, trentzak txirikordatzen, ttunttuna akordatzen... Mahai-ingurua apailatzen ari direnak oro gizonak dira, harat-honaka dabiltzanak, bat edo bi salbu: 42 maskaradariek behin bukaturik, xinaurriak bezala ari dira tira ahala den-dena garbitzen.
Partitzeko tenorea jin arte: ahukuan nola, bata bertzearen gibeletik doaz ibilgailuak Pagolatik dagokion herrirat. Kasurako, Urdiñarberat. Beñat da lehenbizikoa, berak baitu puntualtasunen palmares handiena: izan dadin ondoko herrian edo Zuberoako bertze puntan, segur da segizioa tanko tenoreko helduko dela helmugarat; berdin, bi minutu gutitan ere. Korrikako furgonetak bezala, artetan azeleratzen edo abiadura eztitzen du, komenientziaren arabera, ez duelarik ikusmiran puntualtasuna baizik. Beñaten gibeletik, furgonetak du bigarren postua, Yvesek denboraldi osorako utzi dio maskaradari. Xofer: Roger. Handizki idatzi diote karrozeriaren gainean: Pagolako maskarada: Hua!!! Ondotik datozenak gazteak dira eta heldu batzuk; sustatzaile fidelak. Azken hauek ere badute haien WhatsApp taldea, emanaldi bakoitzeko haien buruak antolatzen baitituzte autoak partekatuta.
Heldu dira Urdiñarberat eta barrikadak hausten hasten dira. Baina aitzin, soinulariak segurtatu behar dira; ez da afera ttipia. Izan ere, Pagolak ez baitu txirulari bat baizik: Mirentxu Lako, baina bere burua ikasletzat dauka. Horregatik, estimatzen du errezibitzen duen herriko musikariek lagun dezaten. Alta, azaldu du Lakok: “Batzuetan hor dituzu tenorez, batzuetan ez, batzuetan lau hitzeman dizkigute baina bi agertzen dira. Ez dakigu sekulan sobera zertan konta. Baina gehienetan baduzu norbait”. Hartara, musikari “kakoltzat” badu ere bere burua, bederen “burujabe” dela preziatzen dute, nehoren menpe izan gabe maskaradaren hasteko orduan. Preseski, Urdiñarbek bildu du xixtakoa, aldi honetan, ez baitu herriko musikari laguntzailerik igorri: “Herriko musikariak ez baitira ari / gaur txululari bakarrak bi nesken balentri / holakorik ez züzün ikusi aspaldi/”. Ez omen da sekulan gertatu, hor bezala, txirulari guziak emazteak izatea.
Barrikadaz barrikada ibili da maskarada, Urdiñarben zortzi ukan dituzte, auzo ezberdinetan: anitz da. Urdiñarbetarrek prestatu dituzte mahaiak, jan eta edanez beterik. Batetik bertzerat traktorea eta erremorkaz lekuz aldatzen dituzte maskaradari guziak. Lanbarre auzorat heltzeko, konparazione, hogei minutu behar izan dituzte, Urdiñarbe herriak lurrak zabal baititu.
Aldi oroz, harrera egiten duen herriko dantzariek, bisitarien aitzinetik, lehen dantza emaiten dute barrikadetan. Mezua argi da: “Guk gurea eman dugu, ea guk baino hobeki egiten duzuen”. Horra desafioa. Orain, pagolarrei dagokie haien trebetasunaren erakustea, eta ahalaz, Urdiñarbeko dantzariek baino hobeki egitea.
Ondotik, Pagolako xorrotxek botatzen dituzte Lakok aitzinetik idatzi bertset pertsonalizatuak. “Bertso xorrotxak; ez zorrotzak”, bota du irriz.
Bertsoek zirikatzaileak izan behar dute, Urdiñarbeko eskola frantses elebidunari dagozkionak, eman dezagun, zer errana piztu dute: “Eüskaraz ta frantsesez betetzen haien kaier/ haurra elebiduna denik sinestea oker/ lortuko ditaike murgiltze sistemari esker”. Eleak entzun bezain zalu, ikusleetan zen pastoral bateko errejentak erran du ahoan bilorik gabe: “O, luma zorrotz!”. Lakok zehaztu digunez, “funtsean, barrikadetako bertsoen helburua da hiru lerro ezti igortzea, laugarrenean, aldiz, kilika. Edo, zirika lehenean, eta ilhar bihika irentsarazteko, azken hiruak eztiagoak”. Bertso idazleak onartu du lan handia dela: “Ez duzu aritzea bezalakorik”.
Horretarako, aitzineko asteetan egindako bilaketa-lan fina baitezpadakoa da; herritar zenbait deitu baititu, Urdiñarbeko barrikadetako etxeetako edota egituretako informazioa biltzeko, anekdota hunkigarrien ehizatzeko. Adibide zenbait eman du: zendu berria bada etxeko bat, edo etxe horretakoa xorrotx-ohia bada, edo auzoaren historia begiratu... Segur dena da barrikadetako bertsoek eta Kabanaren zein Buhame jaunaren arratsaldeko predikuek ez dutela zerikusirik.
Lehen aldiz, emakumea izan da Kabana Handia
Maskaradako jauna orenaren zaindaria da, neurtu beharra du barrikada bakoitzean zenbat denboraz egon behar duten eta noiz lekutu, bazkaldu eta arratsaldeko jokoetarat berant ez heltzeko. Ez ditu beti erantzun goxoak entzuten: “Zer? Jada? Zer da Pagolako maskarada hori?!”. Dena zirika.
Barrikadaz barrikada, zortzigarrenerat heldu da ororen buru maskarada: Kerestuek haien eginbeharra bete dute orduan: zamaltzainaren zikiratzea. Kerestu mutilak esprabatzen du lanaren egitea, baina ez baitu kausitzen, Pitxuri manatzen dio: “Hou Pitxu, houuu!”.
Alta, Pitxu, zamaltzaina beharrean, kantiniersaren gona-pean galtzen da eta sasi artean ohartzen ere ezin dela deus zikiratu. Kerestu mutilak du, azkenean, zamaltzaina zikiratzen.
Goizeko aldia, horretan bego
Kabanak edo Aintzindariak hartzen du ardura 42 maskaradariak herri errezibitzailearen etxeetan banatzeko, ez baita nolanahi egiten: komunzki, maskaradako jaun-andereak auzapezaren etxerat baitoaz, musikariak musikarien etxeetarat... Maskaradako karguak eta herrikoak baliokidetzen dira: “Baduzu bi mundu paraleloen konexioa!”, gehitu du Lakok.
Barreiatzen da orduan ihauterietako hitzordua, norbera dagokion etxerat doa. Sarri juntatuko dira berriz, Urdiñarbeko plazan, 15:30ak inguru. Baina, dena ez baita haien gain... Izan ere, maskarada emanen duten herritarren esku dira orain arizaleak, haien etxeetan bazkaltzera gomit baitira eta ez bide da beti aisa eskaintzen errefusatzea, batez ere alkoholari dagokiolarik: “Behar duzu nortasun azkarra errateko: 'Ez, ura otoi'. Sozialki ez duzu batere baloratua alkoholik ez edatea. Lehen herrietan, ohartu nauzu bazkaldu dudan etxeetan, alkohol anitzik hartu ezean ez diotela egiazkotzat maskarada. Hots, aktoreek beharko luketela arrailduak izan zinezko maskaradaren egiteko”. Alta, Lakok azpimarratu digu gazteek badakitela zenbat lan egiten duten emanaldi bakoitza aitzin: 15 bat orenez. Domaia litzateke beraz, azken uneko edariak obra guzia baldintzatzea.
Lakok badu trukoa: “Nonbait jaten dudalarik, gazteen errespetuz, xutitzen nauzu eta erraten dut: ‘Banoa, tenorea baita’. Beste batzuetan, haien etxerat joan aitzin, galdetu izan diet: ‘Tenorea izanen delarik, lagunduko gaituzue plazarat? Bestela, ene autoa hartuko dut’, gertatu izan baitzait nonbaiten kasik kokatua egotea”.
Erran behar da, arratsaldean, Urdiñarbeko plaza luzaz egon dela donuts urtu baten gisan: publikoa horra baitzen, tenoreko, baina… protagonistek beranta bildu dute: 16:00etan abiatu ordez, 17:00ak aise pasatuak baitira. Harritzekoa izan da, ez baita Pagolako maskaradaren berezko ezaugarrietako bat. Hamahirugarren emanaldia izan da Urdiñarbekoa, bukatzeko, oraino hiru aste eskas zitzaizkion, edonork uler zezakeen jokalariak laxatzen hasiak ziratekeela, eta Dalíren ordulariak nola, denborak erlatibitate berria bildu zukeela. Ere, maskarada frankotan ikusi izan dena gerta zitekeen: berant hastearekin batera, arizaleak beroturik plazaratzea.
Baina ez, plaza inguratu dute beti bezain duin, serios eta fresko. Bai suma daitekeela akidura zerbait.
Publikoan, Hernanitik horra den bikoteak eskuan badu iparrorratza; Aritz Ibañez Lusarretak idatzi zuen artikulua: Manexaren gida: 11 gomendio maskaradetan ez galtzeko.
Jakitun ziren historian lehenbiziko aldiz kauteren nagusia, Kabana, emazte batek jokatuko zuela, ez dira beraz estonatu, Kabana puxantak plaza hartu duelarik, hain segurki, hain indartsu, hain fierki. Alta, galdetu diote beraien buruari: “Aurtengo iraultza guzi horiek iraunen dute ondoko urteetako maskaradetan ere?”.
Ainara Agerrek aitortu du arrunt manera “naturalean” hautatu dutela aurtengo Kabanaren rola berak har zezan: “Neska bakarra naiz beltzerian, baina betitik mutiko horiekin laguna naiz; elkarrekin ateratzen gara, besta egiten dugu, eta usatua izan naiz mutiko giroan ibiltzen. Beraz, enetzat ez da iraultza bat, normala da”. Etxeko normaltasuna, haatik, ez da usu kanpoko bera izaten. Alta, normala zaienez, deliberatu dute ez diskurtso feministarik egitea. Plazaz ahalduntzeko, Agerrek sartu aitzineko rolan sartzeko ariketattoa egiten du, anitz laguntzen baitio. Eta, gainetik so egiten ikasi du. “Zer duzu?”, galdetuko balu bezala. “Pertsonaia sortzen duzu holako gauzekin eta segurtasuna ematen dizute, horrek ematen dizu beste energia bat, eta energia horrekin oraino gehiago, eta joan-jinka”.
Pitxu pertsonaiak ere arrakasta gaitza bildu du; Zaza, Eliane eta Patriciak argi dute aurtengoa berezia dela: “Pitxu izugarri on zuzun; bazuzun aspaldi ez genuela holako Pitxu ukan Zuberoan: naturala, librea, ideiak burura heltzen hola batetan, herriaren barnean ere lekua hartzen... Herri bakoitzeko plazetan atzematen dizu zerbait jendea irri eginarazteko, hemen urean sartzea... Urte oroz joaten nauzu maskaradaren ikusterat, eta usu, Kabanak hartzen dizu leku haboro Pitxuk baino, aldi honetan, atzematen dizut, Pitxuk leku alimalekoa hartzen duela, xorrotxekin eta dena”.
Pitxu emanaldiaz izugarri satisfos da: “Goxoa izan da aroaren aldetik eta jokoa ere, aski kontent gara ez baitzen luzeegi. Amiñi bat berant hasi gara, baina aroa alde zen! Bertze herriei konparatuz egia da jende gehiago bazela Urdiñarben, batzarre ona izan da, zinez!”.
Urdiñarbetar bat harritu da ikusi baitu ikurriña maskaradan; Buhame jaunak uzkitik atera duen paperñoa hutsa zen eta bota du: “Ontsa kakiten dugu pagolarrak zer garen, oroz gainetik, euskaldunak baikara!”. Horrekin batera jalgi dute ikurriña, Zuberoako lehoia delarik haboro ikusten: “Ikurrina ateratzea iraultza bat da, buhameek nahitara hautatu dutena, kontzienteki Euskal Herri osoaren sentimendua oso guti garatua baita maskarada zale publiko horretan, beti lehoia izaten baita. Plaza publikoan ikurrina ateratzea zuberotarrez mintzatuz, ikaragarriko berritasuna duzu”, azaldu du Lakok. Azpimarragarria da ere aurtengo jokalariek hautatu duten euskara: zuberotar batuaz gozatu du publikoak, ulerterrazagoa edozein manexendako, ekumenikoagoa. Arizaleetan ez dira denak pagolarrak, oztibartarrak ere baitira, halaxe azaldu digu irriz Pitxuk: “Norberak bere euskalkia emanen dugu eta ageriko gustatzen zaionez beste jendeei. Azkenean, egiazko zuberotar purek erran dute: ‘Ah, manex zenbaitzuendako, halarik ere, ez da txarra; izugarri ontsa ere!’”.
Maskaradan, bi xorrotxak txirikordatzen dituen Pagola Oihaneko airea eman dute. Xorrotx baten aitatxi baita orain arte airea zekien bakarra munduan, zeinak bigarren xorrotxaren ahaide bati ikasi baitzion haurra zela. Maskaradak josi ditu denak, izan ere, Xamarrek dioen bezala: “Erritual zaharrez eta ikusgarritasunaz gain, folklore honek guztiak duen eragin soziala, komunitatea kohesionatzeko elikagaia, kontutan hartzekoa da”.
Dokumentuaren akzioak