Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maskaradatik, dantza garaikidea

Dokumentuaren akzioak

Maskaradatik, dantza garaikidea

Atzo aurkeztu zuen Zuberoako Berritza kultur elkarteak urrian emanen den 'Maxka'roa' dantza ikuskizun berria. 11 dantzari amateur ariko dira, profesional talde batez inguraturik.
Egilea
Joanes Etxebarria
Komunikabidea
Berria
Tokia
Maule
Mota
Albistea
Data
2024/07/20
Lotura
Berria

Txingili'K taldeko dantzariak

Txingili'K taldeko dantzariak. BERRITZA

Berritza Konpainia deitzen zen lehenago Zuberoako taldea, eta bi dantza ikuskizun plazaratu zituen: 2014an Baküna Show eta 2018an Üda Batez. COVID-19aren pandemia garai betean taldeko eramaileak aldatu, eta Berritza elkartea bilakatu zen, eta, dantza ikuskizunak ekoizteaz gain, kulturaren inguruko lan ardatz haboro bideratzen ditu. Aurten dantzari amateurrak sorkuntza berri batean ariko dira, Berritzak koordinatu profesionalez inguraturik. Iragan urtean, Lehen Txinka karrika ikuskizuna eskaini zuten Txingili’K taldeko dantzariek parte hartuko dute sorkuntzan, eta urrian emanen dute lehen aldiz Maxka’roa ikusgarri berria, Maulen. Atzo aurkeztu zuten proiektua Maulen, eta dantzariak hautatzeko, Laida Camus Berritzako ekoizpen arduradunak zehaztu duenez, ez da izan «beste aldietan bezalako casting-ik».

Iazko urte hastapenean hasi ziren Berritzako laguntzaileak eta bi langileak «sorkuntza horretaz gogoetatzen», Camusen erranetan. Koreografo profesional baten eskuetan utzi zuten ikuskizunaren asmatzea eta alde artistikoa, eta Eneko Gil gipuzkoarra hautatu zuten. Azken horri proposamena egin ziotelarik, itsasoaren inguruko lan bat egitea eskaini zioten lehenik. Gilentzat, aldiz, «zuberotar dantza eta bertako testuingurua bazen gai interesgarri bat», eta Errenteriako (Gipuzkoa) Ereintza dantza taldearekin ikasi zituen dantza «zuberotarrak» barnatzea nahiago zuen, maskaradak ardatz harturik: «Lupaz begiratzea bezala da: beltzak eta gorriak, bertakoa eta kanpokoa, zikina eta garbia... Eta galdetzea zer planteatzen duen inauteri erritual horrek. Azkenean, gure erritual propioa egingo dugu, maskaradaren garapen interpretazio bat aurkeztuz», erran du Gilek. Gisa horretako interpretazioen aldekoak eta kontrakoak izanik, Gilek ziurtatu nahi du ez dela «maskaradaren kontrako ezer, ez maskarada aldatu nahi duen ezer ere».

Maskarada interpretatzen

Zuberoako dantza urratsak izanik oinarrian, interpretazioak gidatu du sortzailea momentu oro. Maskaradaren ohiko formari bere begirada pausatu dio Gilek: «Ariketa bat da, ez da maskarada izango, horregatik deitzen da Maxka’roa: maskarada. Xiberoa eta aro edo garai berri baten arteko hitz jolasa da. Zuberoko mendietan existitzen den urtaro berri bat, halako zerbait».

«Lupaz begiratzea bezala da: beltzak eta gorriak... Eta galdetzea zer planteatzen duen maskaraden inauteri erritual horrek». ENEKO GILDantzaria eta koreografoa

Koreografoa Kukai dantza konpainian ere ari da gaur egun, dantza garaikidean. Taulada gainean ariko diren 11 dantzari zuberotarrak, berriz, formakuntza tradizionalekoak dira, eta Gilentzat argi da zuberotarrek «besoak pisutsu, gorputzari itsatsiak, bizkarrezurra kokzixetik bururaino proiektatuta eta ezin burua mugituz» ari direla dantzan. Aitzindariak dira zuberotarrak, dantzatzeko manera «militarra» ikasiak; eta, hain justu, hori aldatzeko lanetan ari da zuzendari artistikoa, «eszenan modu natural batean ibiltzea, elkarri so egitea lasai, zerbikalak erabiltzea... Hots, pertsonak gehiago humanizatzea» kausitu nahian.

Koreografoak ikuskizunari ekarriko dizkion elementuetan, beraz, badira dantza garaikideko osagaiak: «Isiltasuna, soiltasuna, errepikapen dezente izanen dira, erran nahi baitu errepikatuz zerbait desberdin sortzen dela». Iragan apirilean, Gilek lan saio batean dantzarien partetik «erresistentzia txiki» bat sentitu bazuen ere, urrian plazaratuko duten sorkuntzan «dantza tradizionalaren eta garaikidearen arteko lengoaia propio baten bilaketa» agertzea espero du.

Profesionalez inguratuak

Dantzariak amateurrak izanagatik, Berritzaren urteetako logika da ikuskizunak profesionalek gidatzea. Koreografoa bezala, lantaldean profesionalak dira beste partaideak ere. Arropa eta maska egileak Urdiñarbeko Juana eta Ddiddue Etxeberriren Owantshoozi enpresako diseinatzaileak izanen dira. Musikariak, hainbat proiekturen abiarazle eta laguntzaile izan diren Jeremie Garat eta Oihan Oilarj-Ines. Argi teknikari lanetan Ieltxu Ostolaza arituko da.

Gisa horretako muntaketa batek araberako aitzinkontua behar duela begi bistakoa da, eta hori bermatzeko «laguntza» badutela ziurtatu du Camusek: Frantziako Hezkuntza Ministerioak, Euskal Hirigune Elkargoak, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gidatzen duten Ideiak egitasmoaren sostengua ukan dute, baita Euskal Kultur Erakundearena eta Mauleko Herriko Etxearena ere. 

Urriaren 11n eta 12an aurkeztuko dute Maxka’roa lehen aldiz, Mauleko Jai-alaian, 20:30ean. Ondotik ibiliko dira, eta, oraingoz, finkatuak dituzte Donapaleu, Luhuso, Donostia, Donibane Lohizune eta Biarritzera joateko datak, baina gehiago izan daitezke ondoko hilabeteetan ere. Aitzineko urteetan Berritzak aurkeztu sorkuntzetan bezala, lehen partean Zuberoako Eskola Magistraleko parte hartzaileak ikusiko dira: badira urteak Berritzak eta Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak Zuberoako lizeoetako ikasleei dantza barnatzeko parada eskaintzen dietela, horiei ere sorkuntzak prestatuz.

Dokumentuaren akzioak