Dokumentuaren akzioak
Maskaradarik ez da izanen, «mirakulurik ez bada bederen»
Xiberoan aurreikuspen txar guziak betetzen ari dira. Osasun krisiaren egoeran alimaleko iraulketarik ez bada, aurten ez dira maskaradak ospatuko. Bakoitza bere aldetik, Barkoxe eta Atharratze jadaneko neguaren bukaera iragartzen duen ihauterietako errituala prestatzen hasiak ziren eta baita egutegiak bateratzen ere. Azkenean, ez batak ez besteak, ezingo dute Xiberoko herrietan gaindi ikusgarria eskaini.
«Albiste biziki txarra da» aitortu du Kattalin Erreçarret Atharratze Jauregia elkarteko kideak. Errepikak irailean hasi ziren eta Atharratze nahiz Alozeko hogeita hamar bat gaztek parte hartu zuten. «Arrunt engaiatuak ginen, baina azkenean, albisteak ez gaitu harritu. Halere, min egiten du», aitortu du. Konfinamendu berria iragarria izan zenean, gazteek dena ezeztatzea deliberatu zuten. Kattalinek itxaropen guti du: «Maskaradarik ez da izanen, mirakulurik eta dena kalmatzen ez bada bederen... Zaila da».
Hastapenean, Atharratzek eta Barkoxek haien maskarada muntatu behar zuten eta bi herrietako antolatzaileak hainbat aldiz elkartu ziren koordinazio bat eramateko. Konplikatua bazen ere, azkenean ongi konpontzera arribatu ziren.
Beren aldetik, Barkoxeko gazteek maskarada udaberrian egiteko itxaropena dute oraino. Patrick Queheille dantza irakasleak azaldu duenez, segur da urtarrilean ez dela maskaradarik izanen. Albiste tristea da beretzat ere. «Hala dira gauzak, ezin dugu besterik egin», deitoratu du. Uda aitzin maskaradak egitearen posibilitatea mahai gainean dute, «maiatza inguruan, beharbada». Haatik, deliberorik ez dute hartu.
2020ko maskaradak Altzürükün hasi ziren otsailaren 9an. Apirilera arte iraun bazuten ere, konfinamenduaren eraginez hainbat hitzordu bertan behera utzi behar izan zituzten.
Dokumentuaren akzioak