Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maskaradaren lehen emanaldia, bihar Sohütan

Dokumentuaren akzioak

Maskaradaren lehen emanaldia, bihar Sohütan

Berrogeita bost jokalari eta dantzari gazte agertuko dira biharko ekitaldian

Komunikabidea
Gara
Tokia
Sohüta
Mota
Albistea
Data
2003/01/11

Sohütako gazteek ukanen dute aurten urteko maskaradaren ikusgarria Zuberoan herriz herri aurkezteko aukera. Lau hilabetez Zuberoako inauteri tradizionalak berriz ere agerraldia eginen du Zuberoako hamabost herritan, Pitxu pailazoa, Kabana handiaren perediku emailea, buhame erregea, xorrotxak kantu emaileak eta jauna eta anderea pertsonaiak, besteak beste, biziaraziz. 2001ean Jean-Louis Davanten Xiberoako Makia deitu pastorala azaldu bazuen ere, herri hau haspaldi ez zen maskaradaren antolakuntzan barnatu. «Maskarada honen antolaketa pastoralaren jarraipen logikoa da. Dantzari ugari ditugu, eta nahi genuen berekin lan bat egin. Gazteak ere elkartu dira ikusgarrian», nabarmendu zuen Michel Belhartz Sohütako dantza taldeko arduradunak. Azken maskarada 1969an izan zen, helduen maskarada hain zuzen, eta aitzinekoa, berriz, gaztetxoekin egina 1960an. Hogei urteko hutsunearen ondoren, Sohütako 45 bat aktore eta musikari gazte elkartu dira orain herriko dantza taldearen inguruan ekimen hau azaltzeko. «Maskarada eta pastoral ugari egin ditugu herritik kanpo, beraz, gogoa genuen herrian ere horrelako zerbait antolatzeko. Eta irailean lanari ekin genion», gehitu zuen. Lehen emanaldia, asteburu honetan eginen dute. Ikusgarria barrikadekin hasiko da goizean, eta, arratsaldeko hiru-retan ikusgarriaren une garrantzitsuena izanen da. Dantzari eta aktoreek zeharkatuko dituzten herri bakoitzean lekuko gertaera historikoei buruzko kontuak entzuten ahalko dira.

Sohütako jokalariek eskainiko duten ikusgarri honetan zenbait pertsonaia berri ere erakutsiko dituzte. Horien artean bereziki aipatzekoa, hartza: maskaradaren funtsezko pertsonaia izan zen baina aspaldi ez zuten azaltzen ikusgarrietan.



Berrikuntza horrekin batera, buhame emakumeak ikusteko parada ere izanen da bihar.



Tradizioa galtzeko arriskua

A.B.



SOHÜTA



Lehen maskarada, beraz, bihar igandean antzeztuko dute Sohütako herrian. Ondotik, urtarrilaren 19an Urdiñarben, urtarrilaren 26an Ligi-Atherein eta beste ha-mahiru bat herritan ere agertuko dute. Sohütako gazteak herri guzti hauek zeharkatzeko prest agertu diren arren, Michel Belhartzek zenbait kezka azaldu zituen Sohütan eginen duten emanaldiari buruz.



«Espero dugu ekimena arrakastatsua izatea, zeren Sohüta ez da kultura hurbiletik jarraitzen duen herri bat, bereziki herritarrak», nabarmendu zuen dantza taldeko arduradunak.



Hain zuzen ere, maskarada hau Sohütak kultura arloan daukan hutsunea betetzeko asmoz prestatu dute. «Dantza talde bikain bat badugu ere, hizkuntza galtzen ari da, eta sohütarrak ez dira erraztasun handiz hurbiltzen horrelako emanaldietara. Nolabait, maskarada honekin kultura arloko lana biziberritzea espero dugu», gaineratu zuen.



Maskarada egiterakoan, hizkuntza menperatzen zuten jokalariak hartu behar izan dituzte, baina «aktore bat euskaraz ari da hizkuntza jakin gabe», Mixel Belhartzek jakinarazi zuenez.

Dokumentuaren akzioak