Dokumentuaren akzioak
Maskaradak Muskildira heldu dira bi hamarkadaren buruan
Muskildiarrak urrian hasi ziren maskaradak prestatzen, baina horretara eraman duen gogoeta duela hiru urte abiatu zela azaldu zuen Xabi Elgart antolatzaileak: «Ohartu ginen kasik hogei urte zirela Muskildin gauza anitz ez zela egiten, eta gazteen artean interesa piztu zen». Bi gazte izan ziren horren oinarrian, eta gaur egun berrogei bat dira maskaradetan parte hartuko dutenak. Horretaz gain, adin guztietako beste 35 bat pertsonaren laguntza ere jaso dute jantziak egiteko, besteak beste.
Dinamika horren lehen urratsa “Hur Xenda” ikuskizuna izan zen. Transmisioaren garrantzia ardatz zuen obrak euskara plazara eramatea zuen helburu, Elgartek jakinarazi zuenez: «Dantza, abestia eta taula jokoa elkartzen dituen obra honetan mezu nagusia transmisioa zen, gure kultura eta sustraiekin batera euskararen jarraikortasuna agerraraztea».
Udan bukatu zituzten emanaldiak, eta obraren arrakastaren ondoren, herritarren arteko harreman berrituak lagun, maskaradari ekin diote. Inauteriak «dinamika horren baitan» kokatzen dira, hori dela eta hizkuntzak ere garrantzi berezia hartu du. Alde horretatik, gazteek bere nahia argiki definitu dute: «Hastapenetik erran genuen ahal zen guztia euskaraz izanen zela. Gutxi-aski, denek ulertzen zuten, adaptatuz eta itzulpenekin moldatu gara».
Erdararen tokia ahalik eta txikiena izatea saiatu dira, nahiz eta zenbait hitz joko eta erreferentzia eginen diren. «Beste urteetan frantsesa aski entzun da maskaradan, baina guk euskara plazaren erdian ematea xerkatzen dugu», baieztatu zuen xorrotx nagusiaren papera eginen duen Elgartek.
«Herria osoki inplikatu da» maskaraden antolakuntzan. Elgartek «esperientziadunen» laguntza nabarmendu zuen, 1996ko maskarada «oinarria» izan zela ere baieztatu zuen. Testuak idazteko ere gomendioak jaso dituztela aipatu zuen: «Orduan parte hartu zutenen aholkuak jaso ditugu, gure lana agertzen bada ere». Orokorrean talde lan anitz izan da prestaketan, epe laburrean zeregin andana baitzen egiteko.
Emazteen parte-hartzea handia izanen da aurten. Dantzarien artean denak neskak dira, eta beste lanetan ere bi sexuetako ordezkariak atzematen ahal dira, xorrotxen eta buhameen artean, esaterako.
«Maskarada beti maskarada gelditzen» bada ere, muskildiarrek beren ukitu berezia eman nahi izan diete aurtengo emanaldiei. Iaz ez bezala hartza ez da plazetan ibiliko, baina bereziki nabarmena izanen da apezaren presentzia. Elizgizonaren agertzeak harridura ekarri badu, bereziki beltzeriaren artean kokatua izatea da nabarmendu, eta zeresana emanen duela aurreikusten ahal da.
Goizean hamabi dantzari ariko dira barrikadetan 10.00etatik goiti. Azkorria kooperatiban abiatuta, herriaren erdialdea hartuko dute eguerdian plazan bukatu arte. Hogeita hamar bat aktoreren txanda izanen da arratsaldean, 15.30etik goiti frontoiko plazan eginen duten maskaradan. Pertsonaia ezberdinak antzezteko momentuan emanaldi ezberdinen artean txandakatzeak izanen dira, nahi duten gazte guztiek parte hartzeko parada izan dezaten.
Muskilditik Euskal Herrira
Biharko lehen emanaldiaren ondoren Zuberoako ohiko itzulia eginen dute muskildiarrek apirilaren 22an berriz herrira itzuli arte. Beste hamalau herritan izanen dira hilabete hauetan, hurrengo astean Pagolan eginen da maskarada eta apirilera bitarte Atharratze, Lexantzü, Urdiñarbe, Gamere, Eskiula, Altzürükü, Idauze, Lakarri, Maule, Barkoxe, Hoki (Sohüta) eta Larrainen izanen dira.
Hain maiz suertatzen ez diren ateraldiak eginen dituzte aldiz aurtengo maskaradetako jokalariek, agorril hastapenean Donaixtira joanen baitira. Nafarroa Beherearen ondoren Bidasoaren hegoaldera joateko ere bizpahiru hitzordu finkatzen ari dira.
Data zehazteke badago ere, Idiazabalen izanen direla aitzinatu zuen xorrotx nagusiak. «‘Hur Xenda’ egin genuen janeko, eta orain maskarada egiteko galdea heldu da. Harremana Azkorria gasnategitik abiatu zen, beraz erraten ahal da gaztatik uretara joan ginela eta orain uretatik maskaradara». Durangora ere, «Muskildiko dantzariak abian dira urtero», hori dela eta Zuberoako inauterien tradizioak Bizkaira hurbiltzeko parada ere badu, nahiz eta Elgartek zailtasun nagusia «hizkera ezberdinak» direla baieztatu.
Tradizioak markatzen duen bidetik, maskaraden ondotik pastoralaren txanda izanen da herrian. 2021ean izanen da, eta nahiz eta oraindik gaia ez den finkatua izan, gogotsu dira muskildiarrak herrian sortu den dinamikaren segitzeko.
Dokumentuaren akzioak