Dokumentuaren akzioak
Maskaradak Ikaroren mito gaurkotua erakutsiko du aretoetan
Juan Carlos Perez zuzenean ariko da emanaldian, eta kantu horiez osatutako diskoa kaleratuko du
Ikaroren mitoa oinarri hartuta, egungo gazte baten bizitzari buruzko gogoeta taularatuko dute Euskal Herriko hainbat aretotan
Juan Carlos Perez zuzenean ariko da emanaldian, abesti berriekin, eta kontzertuak ere eskainiko ditu diskoa ezagutarazteko
IKUSKIZUNAREN munduko zenbait adierazpenen bilduma da Maskarada taldearen lan berria: Ikaro, ametsen laberintoa. Abangoardiako ikusgarri horretan dantza garaikidea, antzerkia, zuzeneko musika emanaldia eta ikusentzunezko proiekzioa eskainiko, adierazpen guztiek istorio bakar bati gorputza emanez, Ikaro gaztearen gogoetari.
Ikaroren mitoa oinarri hartuta, gazte bat bizitzaren labirintoan barna dabilela, hainbat gertaeraren inguruko gogoeta da haria, Asier Zabaleta dantzari protagonistak adierazitakoaren arabera: «Bizitzako hainbat pasarte taularatzen ditugu, Ikarok lan munduarekin, lagunekin, harreman pertsonalekin dituen arazoei eta ilusioei buruzko gogoeta egiten du».
Carlos Paneraren zuzendaritzapean, Asier Zabaleta dantzari garaikidea izango da Ikaro, eta erronka txiki bat duela aitortu du: «Orain arte koreografiak egin izan ditut, baina oraingoan, koreografia ez ezik, istorioa ulertarazi behar da».
Xabier Urrutiak hainbat idazleren poemak izango ditu ahotan, eta Ikarori ozenki hitz egingo dio; Eneko Lorentek istorioarekin loturik dagoen ikus-entzunezkoa eskainiko du ikuskizunak irauten duen bitartean, eta Juan Carlos Perezek, bere taldearekin batera, zuzeneko emanaldia eskainiko du obrarako egin dituen abesti berriekin. Bederatzi dantzari, esatari bat eta lau musikari ditu obrak.
Juan Carlos Perez eta bere taldeak eskainiko duten zuzeneko emanaldia izango da obraren elementu erakargarrienetako bat. Maskaradak eskatuta, Ikaroren inguruan kantuak egiten aritu da, eta horiekin diskoa grabatu berria du. Labetik oraintxe atera da produktua, eta otsai- laren amaiera aldera egongo da kalean. Obrak irauten duen ordu eta laurdenean ariko da kantuan. Geroago, obran ez ezik, musika soileko hainbat
kontzertu eskainiko ditu diskoa ezagutarazteko: «Maskaradak bere obra berrirako zerbait egiteko eskatu zidan. Nahi zuten zerbait poetikoa, eta nik lanari pop estetika eman nahi izan diot. Ateratako emaitzaz baliatu naiz diskoa ateratzeko. Maskaradarekin amaitzen dudanean kontzertuak ematen hasiko naiz», adierazi dio Egunkaria- ri Juan Carlos Perezek. «Antzerki lan bat denez, berezi- tasunak ematen saiatu ga- ra, eta era berean hiru minutu inguruko kantuak egin ditugu, antzerkirako nahiz kontzertuetarako egokiak izan daitezen». Ikaro izena hartuko du ziurrenik diskoak.
Diskoak, Perezek esan duenez, bere ezaugarria du, pop estiloa: «70eko erreferentziak izan dira gureak, zaharrak, eta gero nahasketak egiterakoan jolasten aritu gara, filtroak-eta erabiliz. Oso gustura geratu naiz emaitzarekin».
Fran Iturbe aritu da Perezekin batera lanean: «Nik sinatzen dut lana, baina aipatu behar dut Franek eman diola bultzada».
Aspaldian ez du abestu, eta hamaika lanen zurrunbi- loan badabil ere, noizean behin pop kantari gisa kantuak idazten eta kantatzen jarraitu nahi duela esan du.
Dokumentuaren akzioak