Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maskaradak, igandean hasten

Dokumentuaren akzioak

Maskaradak, igandean hasten

Mauleko gazteek emanen dituzte aurtengo maskaradak, etzitik aurrera. Taldean belaunaldi desberdinak badira, eta 2007ko maskaradan baino euskaldun gehiago.
Egilea
Joanes Etxebarria
Komunikabidea
Iparraldeko Hitza
Tokia
Maule-Lextarre
Mota
Albistea
Data
2023/01/13
Lotura
Iparraldeko Hitza

Maulek 2007an eman zituen herriko azken maskaradak. Gazteak herriz herri eta plazaz plaza berriz ere aurten abiatuko direla iragartzeko, ezinbestekoa da haatik aipatzea 2018an mauletarrek eman zuten Belako zaldüna pastorala, Ürrats Berriak elkartearen inguruan, orduz geroztik kultur dinamika bizirik atxiki izanaren ondorio baita aurtengoa.

Leire Casamajou, entsenaria, Mauleko maskaradan

Oinarrian Ürrats Berriak izanik ere parte hartzeko deialdi zabala egin zelarik, lotu ziren beste gazte batzuk, horietan Pette Jaragoihen, kauter izanen dena: “Mauletar zenbaitzuk gara, baina Maule handia da eta gu Mauleren parte ttipi bat gara. Euskarari anitz lotuak gaude”. Aurten, arizaleak azken urteetan baino zaharragoak dira batez bestean; Jaragoihen bezala, Marlene Mainhagiet xorrotxa 2007an ere aritu zen jadanik: “30 urtekoek ere beren lekua atzematen ahal dute, eta ontsa da nahastea gazteago eta zaharragoekin. Beti irekidura bat ekartzen du, talde on bat osatu dugu”.

Dantzarietan, berriz, gazteagoak dira. Leire Casamajou entseinariarentzat dudarik ez zen parte hartu behar ote zuenez, dantzari baten ibilbidearen parte baita maskarada: “Zuberoan usu agitzen den bezala, oso naturalki, maskarada plantatu da, eta ni dantzatzeko gogoz”.

Battitt Larroque, Buhame jauna (Herratu jauna deitu dute) Mauleko maskaradan

Battitte Larroque, aldiz, luzaz ari izan da gogoetan taldean sartu aitzin: “Azkenean, pentsatu dut zer erran nahi duen maskaradak; horregatik egiten dut. Gazte talde bat gara, kultura sostengatzeko”.

Maule, herri handiena

Zuberoako hiriburua da lurraldeko herririk handiena. Casamajou Sohütan bizi da, baina Mauleko dantza taldean ari da aspalditik: “Bagara anitz ez garenak Maulekoak. Suposatzen dut hiriburuen zera dela, inguruetako herrietako jendeak ere biltzen dituela, ez delarik bizi handirik herri ttipietan”. Larroque, aldiz, Maule Gainekoa da, eta, haren ustez, biztanlegoaren kopuruan neurtzen da handitasuna, baina maskarada batentzat bada inportanteago den faktorerik: “Egia da biztanle aldetik Maule herri handi bat dela, baina euskaraz ari garen gazteak ez gara beste herrietan bezainbeste”.

Marlene Mainhaget, Xorrotxa Mauleko maskaradan

Alta, talde arras euskalduna osatu dute. 2007ko maskaradatik aurtengora, Mainhagieten ustez, euskaldun kopurua hazi da: “Hizkuntza da aldatu dena batetik bestera. Maskaradako hiru laurdenak euskaldunak dira aurten, eta hastapenetik taldearen baitan azpimarratu da maskarada ez dela hizkuntza gabe egiten. Euskara ulertzen baina mintzatzen ez dutenek ere, denek indar bat egin behar dutela”. Eskola elebidunean eta Gau Eskolan ikasi duenarentzat, “inportantea da halako espazio bat ukaitea, ausartzera bultzatzen” duena.

Herratuak buhameen partez

Joan den igandean egin zuten azken mustraka, azken errepika. Plazako jokoan, ohikoa da hobekuntzak ikustea plazaz plaza, igandez igande, baina jadanik ausart agertu ziren kargu nagusiak: Marlene Mainhagiet eta Maiana Ligetx xorrotxak, Pette Ligetx Kabana Handia, Peio Jauri Pitxu, eta Junes Bedaxagar Buhame Jauna, aurten Herratu Jauna deitu beharko dena; maskarada aski klasikoa emanen badute ere, aldaketa hori ekarriko baitute aurten plazara.

Pette Jaragoien, Kautera Mauleko maskaradan

Mustrakak hasi aitzin, “jakintza dutenak” jinarazi zituen taldeak, Jaragoihenek erran duenez: “Entseatu gara entelegatzen zertarako egiten ziren gauzak, gurea egiteko, mamia atxikiz”. Buhameen kontrako arrazakeria salatu izan du, azken urteetan, Nicole Lougarotek maskaradak aipatzean. Ekarri duten aldaketa defendatzen du Larroquek, Herratuen taldeko kideak: “Buhameen rola, egiten zen bezala, orain herratuena da, hala bizi baitira. Denetan bidaiatu eta hona kontatzera heldu den jendea: lehen, buhameen bizia zen; orain, beste anitzena”.

Beste sorpresa ederrik ere izanen da joko batzuetan, Pitxuren heriotzean bezala, besteak beste. Taldea prest da hasteko, eta Casamajouren erranetan, “euskalduntasuna plazara eramateko ere.” Espero dute mezu hori helarazten ahalko dutela.

 

MASKARADEN EGUTEGIA

URTARRILA
15. Maule-Lextarre (Lextarreko plazan).
22. Atharratze.
29. Pagola.

OTSAILA
5. Mendikota.
11. Gamere-Zihiga.
19. Ürrüstoi.
25. Altzürükü.

MARTXOA
4. Muskildi.
11. Idauze-Mendi.
19. Zalgize.
26. Urdiñarbe.

APIRILA
2. Larraine.
9. Barkoxe.
16. Sohüta (Hokin).
22. Maule-Lextarre (Maule gaineko arrabotuan).

Dokumentuaren akzioak