Dokumentuaren akzioak
Maskaradak demografia datuei muturrekoa, urtero bezala
2009an Barkoxeri egokitu zaio maskaradaren ematea. Hilaren 12an dute azken saioa, sorterrian, ohi denez. Orduantxe burutuko ditu aurtengo lanak azken urteotako maskaradarik onenak, edo hala da ene uste apalean bederen. Aitzindarietan neskak nagusi, azken hamarkadan ezarri den joerari jarraiki. Mutikoek –dantza baino errugbia maiteago omen– buhame eta kautera lanak atxikitzen segitzen dute, horri esker ez dira maskaradatik aldendu; hor dute mélée ederrak egiteko aukera. Aurten ordea, mutikoekin batera neska talde ederra ikusi ahal izan dugu buhamearena egiten. Eta hori ez da Zuberoan denen gustuko. Neskak dantzan aritzea begi onez ikusten duten batzuek ez dute ber iritzia andrazkoak maskaradaren beste eremu batzuk konkistatzen hasteaz. Maskarada gorriaren finezian egokia dirudi, nonbait, feminitateak; maskarada beltzaren zarpailkeria anarkikoan ez omen du tokirik, iritzi horien arabera. Ea hamar urte barru leundu diren, iritziok. Guk baietz apustu.
Kontuak kontu, gorri nahiz beltz, aitzindari nahiz buhame, kautera, xorrotx edo kestu, denek oso maila ona ageri dute aurten. Dantzarien kasuan, nabari da Patrick Queheille Kanpo irakaslearen lana, barkoxtarra bera. Buhameen antzerkia, berriz, inoiz baino landuagoa. Dantzari, kantari eta antzezle bakarrik ez, gidoilari onak ere baditu Zuberoak.
Igarri egiten da, azken batean, Barkoxek Zuberoan duen pisua. Kultur tradizio handikoa izanik, badu segurtatua harrobia puska baterako, aurten frogatu denez. Lagunduko du, halaber, herrialdeko hirugarren herri handiena izateak. Baina ez dadila inor hasi demografia kontuongatik etxafuegoak botatzen: 750 biztanle inguru ditu Barkoxek. Eta horietatik 45en batek hartu du parte maskaradan, gehienak oso gazteak. Kalkulatu portzentajea eta hortxe duzue, kuantifikatuta, Juan Antonio Urbeltzen esaldi honen esanahia: “Zuberoa, zuk asmatu dituzu kanta eta dantza”.
Dokumentuaren akzioak