Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maskaradak

Dokumentuaren akzioak

Maskaradak

Estetika baino harago

Egilea
Goizeder Taberna
Komunikabidea
Zazpika
Mota
Erreportajea
Data
2008/03/02

Otsaileko goiz urdinean, inauteri usaina hartu dute karrikek. Altzürüküko herritarrek hedatu dute usain gozo hori igande honetan. Etxeko emazteek kauserak, jesuitak, eta matahamiak prestatu dituzte Atharratzeko eta Alozeko gazteei ongietorria egiteko. Ardo zuri edo gorri hurrupa batek lagundurik, bi herri horietako gazteek bederatzi barrikada gainditu behar dituzte altzürükütarrek beren herrian onar ditzaten. Alabaina, Zuberoako Maskaradak bere errituak ditu. Gaur egun oraindik hala da, nahiz eta ez duen jatorrizko zentzua erritu horrek.

Maskaradak 7ka 2008 1"Inauteri dantzatua da Maskarada", argitu du Altzürüküko dantza taldeko kantiniersak. Urtarriletik apirilera egiten dira Maskaradak, zotalegunen inguruan. "Egun eroak" izena ere baduen garai horretan, berez urtarrileko lehenengo hamabi egunetan, inauteria ospatzen da Euskal Herri osoan. Zuberoan, maskaradak betetzen du funtzio hori. Lehen, urtarrileko lehenengo astean abiatu eta inauteriko asteartean bukatzen zen Maskaraden sasoia. Asteazkenean, aldiz, zanpantzar erretzeko ohitura zen Bigarren Mundu Gerra baino lehen. Egun, ospakizun hori antolatzen duten herriko gazteek lau hilabete ematen dituzte Zuberoan gaindi, herriz herri.

Gisa horretan, igandero, errezibitzen duen herri bakoitzarekin lehian sartzen da. Dantza da desafioaren eremua. Aurtengo maskarada antolatu duen Atharratze eta Alozeko dantza taldeko irakaslea den Joimo Arhantzetek esan duenez, "lehenik dantza da Maskarada. Bi herrietako dantza taldeen arteko lehia da, alde batetik, eta dantzarien artekoa, bestetik". XIX. mendetik aintzina, Frantziako Zientzi Ikerkuntzarako Zentro Nazionaleko (CNRS) ikertzaile den Jean Dominique Lajoux etnologoaren aburuz, dantzak beste jarduerei interesa kendu zien, aldi oro errepikatzen ziren ekintzak baitziren. Halatan, inauteriko antzerkia finkoa da eta dantza laguntzeko helburua du. Dantza guduka hori ez da ospakizun horren marka bakarrik. Alabaina, ohikoa da Zuberoako dantza taldeen artean norgehiagoka izatea; ezaguna da, eman dezagun, Barkoxekoaren eta Larrainekoaren artekoa.

Erronka horretan, dantzari bakoitzari bere mailaren araberako pertsonaia egokitzen diote. Erdi-zaldi erdi-gizon itxura duen zamaltzaina izan ohi da balentria handienak egiten dituena. Handiena eta finenak entseinari papera hartzen du. Lehenengo pausoak egiten dituztenak kukuilero edo marexal izendatzen dituzte. Maskaradako "jaunaren txapela bere herrian errespetatua eta erreferentzia gisa hartua den mutikoaren buru gainean ezartzen da", azaldu du Arhancetek. Eta horrek ez ditu baitezpada jauzi ederrenak egiten. "Dantzari onenak 25 eta 30 urte artekoak" direla zehaztu du irakasleak.

Gazteen esku

Halatan, kimuak baizik ez dira Atharratzeko eta Alozeko gazte hauek. Hamazazpi eta hogeita bost urte artekoak dira itxuraz. "Gazteen eskez antolatu dugu aurtengo maskarada -esan du Joimo Arhancetek-, beraz, naturalki gertatu da, adina kontuan hartu gabe". Horrek ez du kentzen altzürükütarren aitzinean beren herria defendatzen dutela.

Bidegurutze batera iritsi orduko, jada hor dira bide erdian, zutik, bospasei botila lerrokaturik, dantzariak desafiatzeko. Jakin-min bereziz hurbiltzen dira herritarrak; memento alai eta laket bat iragateko xedearekin, irribarrea ezpainetan hurbiltzen dira. Altzürüküko gazteen erakustaldiaren atzetik heldu da Basabürüko (Zuberoa hegoa) gazteena. Ondoren, beltzeriak (buhame, kautera eta Maskaradako pertsonaia lotsagabe oro) hausten du perfekzioa, bide erdian barrikadak eratuz, bata bestearen gainetik, beren burua lurrera botaz. Errepikatzen den erritu hori, behin eta berriz, inauteriko gozoekin eta ardo sorta batekin bukatzen da, dantzariek maila gainditu ala ez. Garrantzitsuena, azken batean, Maskarada mantentzea da.

Erronka estetiko bat baino gehiago da Maskarada gaur egun. Erritu ororen gisara, ezkutuko indarrak ekintza zehatz baterantz bideratzeko erabiltzen den zerbait dela erran daiteke. Kasu honetan indarrak ez dira hain ezkutukoak, herrietako gazteenak baitira. Indar horiek kultura bat atxkitzera eta, batez ere, hizkuntza bat biziaraztera bideratzen dira egun bezain indartsua izan; kultura hori atxikitzeko, aldiz, bai", zehaztu du Arhancetek. Egia da garai batez aldi berean Maskarada bat baino gehiago ibiltzen zirela Zuberoan gaindi. 1930ean, 80 pertsonakoa zan zen Sohütan, Sü Azia elkarteak argitaratu duen liburuxkaren arabera. XX. mendearen bigarren zatian, aldiz, bi edo lau urtero prestatzen ziren Maskaradak. "Orain, urtero antolatzen da bat", azpimaratu du dantza irakasleak. Gazteriak, gainera, lan hori hartzeko gogoa du. "Arazoa ez da pastorala edo maskarada galduko diren, arazoa euskara da", esandu Joimok arranguraturik, kezkati.

Euskararen biziraupena

Altzürükün bildu diren lagunen artean batzuek euskara ematen dute, besteek etxean entzuna dute, baina ez dira euskaraz erantzutera ausartzen. Askok galdu dute. Horren kekuko, arratsaldean, herriko plazan aurkeztu den dantza eta kale-antzerki emanaldian erdarazko hitzen presentzia. Pixkanaka, frantsesezko hitz-jokoak lerratu dira aitzinetik prestatutako testuetan; buhamien eta kauteren arteko bat-bateko elkarrizketetan txertatu direnak aipatu gabe. Haatik, Maskaradak hizkuntza horren biziraupenaz kontzientzia harrarazteko balio du. "Horrelako ekimenak antolatuz ohartzen dira gazteak euskararik gabe dantzak ez duela ezertarako balio, eta hori biziarazteko, beren haurrei irakatsi behar dietela", Arhanceten hitzetan. Aurtengo taldeko zenbaitzuek jada izena eman dute gau-eskolan. Alta, publikoan dauden jende helduagoek, ardo botilekin edo kauserekin gazteengana doazen gizon-emazte horiek, ez dute arazorik lekuko hizkuntzan aritzeko. Eta gazteek menperatzen duten kantu zerrenda euskararen transmisioan dagoen hutsunea bezain handia da. Antza, zaharrek godaleta (edalontzia) hutsik eskaini diete beren oinordekoei.

Maskaradak 7ka 2008 3Maskaradak belaunaldien arteko topaketa bat izaten segitzen du, haatik. Herritarren artekoa, oro har. Eta ez dira anitz Zuberoan; 15.000 bat biztanle daude. "Zuberoan gazte guziek elkar ezagutzen dugu -Altzürüküko kantiniersak esan duenez, "elkar ezagutzeko indar bat eginarazten die herritarrei", Joimo Arhanceten ustez. Zuberoako azken berrien izateko ere balio du topaketak.

Alabaina, arratsaldeko emanaldian, kauteren nagusiak, Kabanak, predikua erraten du eta inguruko herrietako gaitz guztiak zerrendatzen ditu, umore izpi batekin. Hauteskundeen garaiak eman die zeresana Altzürüküko plazan bildu diren buhamiei, lehenik. Eta ondotik entzun da Kabanaren hitz hartzea. Alozeko eskolan euskara sartu izana zoriontzea salbu, dena da kritika kautera nagusiaren ahotik. Pitxuren deabrukerien eta buhamien salbaikeriaren erdian harrapatuta daude zuberotarrak. Santagraziko auzapeza apezaren gisara kanporatu beharko litzatekeela, Larraine herria gauza orotarik kanpo dela, edota Barkoxen popon girl talde bat sortu dutela, Zuberoa guztia pasatzen da plaza publikotik. Eta beltzek munduaren ordenaz duten ikuspegi aldrebesetik pasatu behar da.

Jakitate herrikoia

Oraindik gehiago, beste garai batean, irratiak eta telebistak ez zutenean gaur egungo eragina, komunikaziorako tresna gisa hartzen zen ekimen hori. Lurraldea zeharkatzen zuten berri-emaileak ziren gazte horiek. Ikerketa elkarteko François Fourquet-ek aztertu duenez, "Maskaradan erraten dena jakitate edo idatzi herrikoiaren zait bat da". Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateko irakasle den Kepa Fernandez de Larrinoak zehaztu du, "bizitza sozialari lotuak diren jarrera eta hausnarketa horiek poetikoki, gorputz metaforaz, edertasuna baliatuz eta jai giroan bizi bizian agerrarazten" dituztela.

Edertasuna, poesia, azken batean, gogatzea. Horretarako balio izan du luzaz Maskaradak. "Donadoak ezkontarazteko balio zuen lehen dantzak. Horregatik, denen artean onena izan behar zuen dantzariak, ondoko herriko neskatxak liluratzeko", kontatu du Joimo Arhancetek. Ezkontzaren irudiaren interpretazioa urrunago doa inauteri sasoiko erritu honetan. Maskaradako Anderea zuriz jantzita izateak, gainera, bestelako esanahi bat ekartzen du. Lajoux etnologoaren ondorioek honako hau erakusten dute: "neguko maskaradak -ez ditu Zuberoakoak bakarrik aztertu- urte berri edo eztei ohiturak dira, eta behar bada biak batera. Bietan, Anderea eta pertsonaia nagusia".

Ez da kasualitatea XVIII. mendean ezkontza gehienak urtarrila hasieraren eta inauteriko asteartearen artean egiten baldin baziren. Hala ere, Lajouxek uste du Zuberoakoa ez dela eztei-maskarada soilik, urte berria iragartzen duena ere bai. Eta urte hori Andereak ordezkatzen du, ezkongaiez jantzirik. Gisa horretan, ilargiaren eta eguzkiaren egutegian oinarritutako erlijio erritu bat da jatorrian. "Herritarrak egutegiarekin ezkontzen" saiatzen den erritu bat, haiekin ona izan dadin.

Argazkiak: Nicolas Mollo

 

Dokumentuaren akzioak