Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maskaradada Errenterian: dantza, zurruta eta antzerkia

Dokumentuaren akzioak

Maskaradada Errenterian: dantza, zurruta eta antzerkia

Herri erdia autobus batean

Goizeko hamaikak eta erdiak aldera iritsi ziren Mauleko autobusean Errenteriako sarreran Ereintza dantza taldeak duen egoitza ingurura, eta ordurako bazuten zarata eta buila. Gero «kautera» paperean ikusiko genuen mutil gazte batek motozerra zeraman eskuetan, tradizioari berrikuntza erantsiz, eta tarteka martxan jartzen zuen ingurukoak izutzeko. Taldeko hamabi falta ziren, ordea. Bezperan Sagardo Egunera etorri eta ez zuen inork haien atarramendurik.
Egilea
J.A.
Komunikabidea
Gara
Tokia
Errenteria
Mota
Albistea
Data
2002/04/29

Junes Casenave pastoralgile eta Niko Etxart kantariaren bizileku den Altzaitik gertu daude Gamere eta Zihiga, Arbailen maldan. Mendialde horretan daude historiaurreko pinturak dituzten Etxeberri, Xaxixiloaga eta Sinhikole haitzuloak. Bi herriek bat eginda 115 lagun osatzen dituzte. Eta erdiak inguru autobus batean sartu eta Errenteriara etorri ziren atzo. Alkatea herrian utzi zuten, baina alkatearen bi anaia eta arreba bat etorri ziren. Arreba, Maite Ager, eskola publiko elebidun batean andereño da Biarritzen. Berak lagundu dio taldeari arratsaldeko «predikua» egiten.

«Hegoaldeko kazetari batzuk ezagutzen nituen eta haiei galdetuz informatu naiz Errenteriako gorabehera batzuez. Badakigu herriko futbol taldearen berri, Ereintzako Txistularien auziaz, badakigu herrian 1.500 etxebizitza hutsik direla eta beste hainbat gorabehera», kontatu zidan Ereintza taldeko egoitzan, taldekoak emanaldirako janzten ari ziren bitartean.

Guztiak zeuden umoreko eta adarra jotzeko prest. «Errealak galdu egingo zuela uste genuen eta gure predikua hondatu digu», kontatu zigun mutil gazte batek. Motozerrarekin etorri zenak jarraitzen zuen tarteka motorra piztu eta jendeari zerbait ebakiko zion imintzioak egiten.

Gamere-Zihigako alkatea, Maiteren anaia, PSEkoa da baina ez du alderdian kargurik. «Ezkerrekoa da bereziki eta azken hauteskundeetan troskista zerrenda bati eman zion botoa», aipatu zuen Maitek.

Hamabietan zuten lehen barrikada egiteko hitzordua Juli taberna atarian eta hamabiak bost gutxiagotan oraindik taldeko hamabi falta ziren. «Atzo etorri ziren Sagardo Eguna zelako eta geroztik ez dugu haien aztarnarik. Aurki agertuko dira», zioen taldeko beste batek.

Hamabiak puntuak agertu ziren desagertuak, neska eta mutil. Beroketa ariketak eginez zetozen, kantuan eta dantzan. «Pare bat ordu egin dugu lo, baina ondo gaude», zioten eta ondo zeudela frogatu zuten lehen barrikadatik.

Zuberoako folkloreak duen ikuskizunik bizienetakoa da maskarada. Arratsaldeko emanaldian ikusi zen bezala, dantza da neurri handi batean, baina baita antzerkia ere. Antzerkian aditu direnek komediaren eta fartsaren euskal erregistroak bertan aurki daitezkeela diote.

Baina gauza guztien gainetik inauterietako emankizuna da eta bertan dena da mozorroa, eratorria, gezurra, fartsa eta, aldi berean, benetakoa. Bi taldetan banatzen da maskarada: gorriak daude batetik, jauntxo eta ordenaren aldeko jendea. Eta beltzak, bestetik, dantzan ere ez dakitenak, anker samar ibiltzen direnak, zalapartariak, ordenaren eta itxurakeriaren etsaiak. Eta hauek dira hain zuzen ere maitagarrienak. Kabana eta Pitxu dira beltzen buruzagiak.

Pitxuren heriotza eta piztuera

Pitxu eta Kabana dira beltzen buruzagiak eta beltzak lanbide xumeko jendea dira: kanpotik etorritako buhameak, benarnesak eta kauterak. Inauterietan gaude, eta zernahi txantxa, irain eta kolpe eman diezaikete hauek elkarri. Barrikada bakoitzaren ondoren zilipurdika erortzen dira elkarren gainera. Baina, aldi berean, beltzak eta, bereziki, hauen buruzagiak dira jendearen mirespena lortzen dutenak.

«Pitxu hil eta piztu gabe ez da maskaradarik egiten», kontatu zidan arratsaldean herriko enparantzan egiten ari ziren emanaldi nagusiaren esanahia argitu nahirik Maitena Carmentek. Maitena UEUk Donibane Lohizunen berriki antolatu zuen maskarari buruzko erakusketaz arduratu zen, eta erakusketa hori dakarte orain Errenteriara. «Jaunak txanpon batzuk bota ditu lurrera kauterek ezpatak ondo zorroztu dizkiotelako, eta, txanponen bila lurrera oldartzen direlarik, Pitxu azpian harrapatu eta hiltzen dute. Medikuak urdailetik mila gauza ateratzen dizkio eta Pitxu piztu egingo da», kontatu zidan belarrira eta, esan bezalaxe, Pitxu altxatu egingo da. Bere beroki zaharraren bizkarrean hizki handiz idatzirik darama: «Lanik, comme un fou/ Edaten ere beaucoup/ eta neskatilekin pas du tout». Kabanak ere antzeko mezuak ditu bizkarrean. Zergatik agertzen duten emakumeekiko mespretxu hori, eta azkar erantzun zidan: «Hogeita hamar urte ditut eta ez dut ezkontzeko aukerarik». Gehienak nekazariak dira, badira ikasle batzuk. Gizonezko bat postaria da eta «GARA bat ailegatzen zaigu eta begirada bat emango diogu bihar», zioen. Desafio bati esker eratu zuten maskaradari atzo eman zioten amaiera.

Dokumentuaren akzioak