Dokumentuaren akzioak
Maskarada, Zuberoatik Hondarribira
Ehunka lagunek gozatu dute bidasoako mugako alde honetan oso gutxitan ikusi ahal den errito eta ikuskizun folklorikoaz
Beñat Aguer, Benoit Tauzien eta Gamere-Zihigako beste 20 dantzari gonbidatu dituzte aurten Hondarribia Dantzan jaialdira eta atzoko egun osoan zehar, Zuberoako herrietan egiten duten Inauteriko errito zahar hau, Euskal Herriko eta Europa osoko folklorearen altxor bitxienetakoa dena, Hondarribiko kaleetan antzeztu, dantzatu eta abestu dute.
Goizean, Maskarada egitea suertatu zaion herrikoei, gertuko beste herrietara joatean, harrera egiten diete, Barrikada deiturikoa. Ongi etorri dantza eta antzezpen modukoa da eta harrera egiten duen herriko etxe nagusietara joaten dira dantzariak, agurra egitera. Han, dantzatu ondoren, hamaiketakoa eskaintzen diete.
ez ohiko irudia
Barrikada itsasoaren aurrean
Atzo ere, Hondarribiko kaleetan barrena, antzekoa egin zuten. Kasu honetan, hiriko zenbait txokotan eta bertako elkarte eta tabernariek eskainitako hamaiketakoarekin egin zuten Barrikada Gamere-Zihigakoek: Kai Zaharrean, Itsas Lur eta Goxoki elkarteen eskutik; San Pedro kalean ondoren, Txantxangorri tabernaren aurrean; geroago, Gipuzkoa plazan, Klink elkartearekin eta azkenik, Olagarro elkartearen eskutik, Harresilanda kalean.
Bereziki hunkigarria izan zen atzoko lehenengo Barrikada, Hondarribiko Kai Zaharrean, Iparraldea eta Hegoaldea bereizten dituen Bidasoaren aurrean eta itsasora begira. "Oso desberdina da Maskarada Zuberoan ikustea, baina Kai Zaharreko momentu hori, itsasora begira, oso emozionantea izan da eta oso irudi ez ohikoa Maskarada bat itsaso aurrean egitearena", esaten zuen Eder Valladaresek, Hondarribiko Udalarekin batera Hondarribia Dantzan antolatzen duen Kemen dantza taldeko presidenteak.
"Hondarribia hiri ederra da, zuentzat, Hegoaldekoentzat, herri txikia agian tamainaz, baina guretzat, Zuberoarekin konparatuz, hiri haundi batera joatea bezalakoxea da gaur hemen Maskarada egitera etortzea. Oso polita izan da itsaso aurrean eta mugan dantzan aritzea", esaten zuen Beñat Aguerek.
"Jendeak asko ezagutzen eta estimatzen du Maskarada Zuberoan, herriz-herri ibiltzen bai dta urtero eta hura hain txikia izanik, ia denok elkar ezagutzen dugulako. Polita eta desberdina da gaur Hondarribian aritzea eta gainera, eguraldi onak lagundu gaitu!", esaten zuen Benoit Tauzienek.
Gamere-Zihigako bi dantzariek talde osoari atzo Hondarribian egin zieten "harrera oso beroa" goraipatu zuten. "Oso gutxitan ikusi ahal da Maskarada Zuberoatik kanpora. Ni, duela hamar urte Errenterian eta Orozko izan nintzen. Aurten, hamahiru egin ditugu Zuberoan eta hauxe azkena, amaitzeko gogoa ere badu taldeak", gehitu zuen Beñat Aguerek.
emanaldia arratsaldean
Ikusleak, oso pozik
Goiz-eguerdiko Barrikaden ondoren, Gamere-Zihigatarrek Klink elkartean bazkaldu zuten eta 16.30ean hasita, Maskaradaren emanaldia egin zuten Santiago eta Madalen kaleen artean dagoen Pisuzarra plazatxoan. Ehunka ikusle bertaratu ziren Zuberoako Inauteriko errito hau ikusteko aparteko aukera hau aprobetxatzera.
Ikusleen artean, baziren dantzariak. Mikel Button hondarribiarra adibidez. "Zuberoan ikusi izan ditut Maskaradak eta han oso gauza berezia da; gaur oso giro polita sortu dute eta batek baino gehiagok uste gabean topo egin du honekin", esaten zuen gazte honek.
Amaia Sada irundarra ere dantzariak diren zenbait lagunekin etorria zen Maskarada ikustera. "Zuberoan ikustera joatea da propioena, baina gaur ere, ikuskizun polita izan da, pena merezi duten horietakoa", esaten zuen berak.
Pisuzarra plazatxoan egin zen Maskaradaren une batean, ikusleak ere dantzan aritu ziren Gamere-Zihigakoekin. (X.S)
Dokumentuaren akzioak