Dokumentuaren akzioak
"Maskarada Xiberuko instituzio bat da"
Arno Lechardoy / Maskaradako antolatzailea
Joan den astean hasi eta apirilaren 12-a arte iraunen dira maskaradak eta aurtengoa antolatzearen ardura Barkoseren esku gelditu da. Esplikatzen ahal dautazu zer diren xuxen maskaradak?
Maskaradak ihauteriak ere deitzen dira. Urtero herri batek hartzen du antolatzearen ardura eta aurten guri egokitu zaigu antolakuntzaren lanak. 47 parte hartzaile gira eta Xiberuko hamar herrietatik pasako girenak gure karrikak alaitzera; Mauleko kantonamenduko sei lekutan, hiru Atharratzekoan eta bat Olorue-mendebaldekoan. Joan den igandean Barkoxetik hasi giren bezala apirilaren 12-an Barkoxen bukatuko dugu. Baina bitartean, Eskuila, Ezpeize, Urdinarbe, Muskildi, Altzuruku, Ligi, Maule eta Idauze-Mendi herrietatik pasako gira. Atharratzen ikusgarria eskainiko ginuela aurreikusi ginuen, baina egun berean ihauteriak antolatuak dituztenez, errespetuz ezetatu dugu.
Maskaradak kantu, dantza eta predikuak nahasten ditu. Jendearen irri eginarazteko eginak dira. Bi taldetan banatuak diren pertsonai ezberdinak biltzen ditu maskaradak, hau da Gorriak eta Beltzak. Lehenak, noblezia errepresentatzen du, garbi eta ongi jantziak ibiltzen dira. Beltzak, berriz, kanpotarrak dira, ahatik, Xiberutarren gandik noblezia baino hurbilago. Behartsuenak irudikatzen dituzte, "Gorriak" desafiatzen dituztelarik. Dantza eta predikuen artean musikariak ditugu.
Nola antolatzen dira maskaradak?
Egun osoa irauten du. Goizean barrikadak izaten dira, nun talde bieko pertsonaiak karrikaguneetan zehar ibilki gainditzen dituztenak. Gorriak dantzan eta beltzak bazterrak inarrosten ibiltzen ikusten dira. Ondotik, pertsonai bakotxak bere papera betetzen du, liskarrak jokatuak dira eta trufa zein irrien artean murgiltzen dira gure pertsonaiak.
Herritarrek eginiko matahami edota bixkotxak egoiten dira ere. Atsaldean, berriz, 3-ak eta erditan Buhami eta Kauteren arteko predikuak izaten dira, Kerestuen jokoak eta beste. Arratsaldeko ikusgarriak arrakasta handia dute eta pertsonaiek interpretatzen duten jokoaren emozioa publikoa hunkitzen du.
Herri guzietara joan ahal izateko autobusak antolatu ditugu ere.
Aurtengo edizioari berrikuntzarik ekarri ote diozue?
Bai, emazte gehiago badira aurten. Buhamesa emazte talde bat bada, kerestu andere bat ere eta ene pertsonaiak ere, Jaunak, badu emazte bat. Berrikuntza ez, baina kargu zahar zonbait berriro ekarri ditugu baita. Aspaldian ikusi ez ditugun Hartza eta Apeza agerrarazten ditugu aurten usaiako pertsonaien artean hain zuzen ere.
Zer ekartzen dute maskaradek Xiberuari?
Maskaradek xiberutar nortasunaren konzientzia kolektiboa laguntzen dute enetzat lehenik. Gure kultura biziarazten laguntzen du eta gure nortasunaz lotsa guttio sortzen gazteen artean. Euskara bizi dela eta euskaraz bizitzeko dugun gogoa agerian uzten du ere. Herriz herri ibiliz, herrien ezagutza egiten dugu eta alaitasuna ekartzearekin batera, Xiberuko xokoetan bizitasuna banatzen du. Maskaraka Xiberuko instituzio bat da herrien arteko komunikazioa lantzen delarik. Gazten artean giro ona sortzen duela erran beharra da ere. Herrien arteko trukaketa horiek biziki aberatsak izaten dira, harremanak sortzen edota garatzen direlarik. Ez dut erran, baina ez da derrigorrez parte hartzailea izan behar egun hauetako giro alaia eta beroa senditzeko, izan ere publikoarekin konplizitate bat sortzen ibiltzen dira pertsonaiak, herritarrak gomitatzen ditugun neurrian.
Bi hitzetan erranez, kultura eta euskara giro honetan plazarazteak, herrien eta pertsonen arteko harremanak indartzeaz gain, euskal nortasunarekiko gure atxikimendua agertarazten du ekimen hauen bidez.
Urtarrilaren 18an : ESKIULA
Urtarrilaren 25ean : EZPEIZE
Otsailaren 1ean : URDIÑARBE
Otsailaren 15ean: MUSKILDI
Martxoaren 1ean: ALTZÜRÜKÜ
Martxoaren 8an: LIGI
Martxoaren 14an: MAULE
Martxoaren 22an: LARRAIÑE
Martxoaren 29an : IDAUZE
Apirilaren 12an: BARKOXE
Dokumentuaren akzioak