Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maskarada, Iruñeko barrikadak gainditzeko prest

Dokumentuaren akzioak

Maskarada, Iruñeko barrikadak gainditzeko prest

Egilea
Arkaitz A. Muro
Komunikabidea
Noticias de Navarra
Mota
Albistea
Data
2010/05/21

Tradizioa birmoldatu tradizioarekin aurrera egiteko. Lehen aldiz irakurrita, esaldiak hitz joko bat dirudi. Baina, behar bada, bost hitz hauek dira bihar, larunbatarekin, Nafarroako euskal kulturaren egutegiak aspaldidanik izan duen hi-tzordurik garrantzitsuena hobekien azaltzen dutenak. Izan ere, Iruñeko Ortzadar dantza taldeak gonbidatuta, Zuberoako maskarada osatzen duten pertsonaia guztiek, Iparraldea atzean utzi, eta Nafarroa Garaira etorriko dira beren emanaldia zuzenean eskaintzera. Larraineko gazteek erraz gaindituko dituzte Alde Zaharrean barna aurkituko dituzten barrikadak.

maskarada Baina, zergatik izanen da hain garrantzitsua biharko hi-tzordua? Behar bada maskarada Euskal Herriko kultura ikuskizunik aberatsenetarikoa da. Zuberotarrek neguan herriz herri eskain-tzen duten emanaldiak, antzerkia, bertsoa, dantza, irriak, jolasak, eta abar uztartzen ditu, urte sasoi horretan karrikek janzten dituzten arropa grisak alde batean utziz. Kolorez eta kulturaz margotzen dituzte Zuberoako paisaiak.

Ikuskizunaren jatorriari dagokionez, hamaika teoriez eta hipotesiz jantzia dagoen emanaldia dela esan daiteke. Maskarada, berez, Euskal Herrian inauteriak ospa-tzen direnetik egiten omen da. Hala ere, Karlos Irujo antropologoak adierazten duenez, ikuskizunaren inguruko albisteak ez dira oso zaharrak: "Lehenengo berriak XIX. mendearen erdialdetik etortzen zaizkigu Euskal Herrira".

Gauza bera gertatzen da maskarada osatzen duten pertsonaiekin. Ikuskizuneko protagonistak bi taldetan banatzen dira, Gorriak eta Beltzak, eta bereizketa honen inguruan hamaika iritzi daude. Ba-tzuentzat lehenenek ongia islatzen dute eta bigarrenek, berriz, kontrakoa.

Kultura adierazpen honek duen helburua ere ez dago oso argi. Teorien arabera, maskaradak esanahi ezberdinak hartzen ditu: "Batzuk diote Zuberoako gizartea islatzen dela. Pertsonaia gorriak zuberotarrak dira eta kanpotarrak, ordea, beltzez jantziak daudenak dira". Bestetik, "emanaldia bera udaberriko errito bezala hartzen duen teoria ere badago". Baina batez ere guztien artean batek sortzen du harridura gehien: "Ijitoek ekarria omen da maskarada"... "Oso zabala da mundu hau, eta bertatik atera daitezken ondorioak ere oso zabalak dira", azaltzen du Irujok.

emanaldia Urtero Zuberoako herri batek du maskarada antolatzeko ardura. Joan berri zaigun neguan Larraineko gazteak aritu dira dan-tzan, eta Iruñean amaituko dute beren txanda.

Tradizioak agintzen duenez, emanaldia antolatzen duen herriak ikuskizuna eskaintzera joan behar duen herriari gutun bat idatzi behar dio, nolabait, maskarada eskaintzeko baimena eskatzen. Iruñean Ortzadar dantza taldea izan da zuzenean gonbita luzatu diena.

Herriaren baimena eskuratzean segezio osoa dantzara joaten da, baina beren lana behar bezala bete-tzen dutela frogatu behar dute. Horretarako bisitatzen duten herriko bizilagunek jartzen dituzten barrikada sinbolikoetan beren gaitasuna adierazi behar dute: "Sar-tzeko eskubidea irabazi behar dute, benetan ongi dantzatzen dutela frogatu behar dute". Biharkoan ere Larraineko gazteek Iruñean izanen dituzten barrikadetan egin beharko dute dantza, hala nola San Lorenzo Plazan (11.00etan), Iruña Taldean (11.30ean), Katu tabernan (12.00), Muthiko Alaiak peñan (13.00etan) eta Mercaderes kalean (13.00etan).

Goizean barrikadetan aritu ostean, arratsaldean eskaintzen dute maskaradaren bigarren zatia; pertsonaiek ofizioka dantza egiten dute. Iruñeko saioan Burguen plazan ariko dira, arratsaldeko 17.00etatik aurrera.

Maskaradak, gaur egun 30 pertsonai biltzen ditu, baina garai 
batean 80 lagunek osatzen zuten segezioa.

Maskaradak, gaur egun 30 pertsonai biltzen ditu, baina garai batean 80 lagunek osatzen zuten segezioa. (DNN)

Maskarada festa, Altzürükü herrian, Zuberoan.


Maskarada Iruñean

ANA TELLETXEA (Ortzadar taldeko kidea) -

Arraroa egiten zaigu maia-tzaren buelta honetan maskaradaz aritzea, urteko lehen hilabeteetako kontua baita usadioz. Zuberoako maskaradak aurtengo azken agerraldia Iruñean eginen du Larraineko herriaren eskutik. Maiatzaren 22an Larraine Iruñean izanen da. Zuberoa Nafarroan.

Zuberoako maskarada (jatorrizkoa) sekula izan gabea da Nafarroan. Baionan eta Oreretan, adibidez, izana da, eta bestetik, gainerako emankizunak beste tokitako eta herrialdeetako taldeek emanak dira. Gainera, maiz, Zuberoara joateak sortzen duen nagikeria sumatu izan dugu hainbatengan, bide luzea da haraino, portuak tartean... eta euskal lurren arteko loturak ez dira espresuki geure administrazioak hobetzen ari direnak; Iruñetik Madrilera aiseago eta azkarrago joan zaitezke Iruñetik Maulera baino. Lotura naturalak galtzen ari gara eta arrotzak indartzen.

Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak, kulturaren gaineko ardurak mugituta, hainbat ildotako lanak gauzatzen ditu aspaldidanik. Dan-tza eta musika eguneroko jarduera dituen arren, folklorearen beraren ikerkuntza, suspertzea, ezagutza eta aitortza ditu helburu nagusiak bere hastapenetik. Hori hala izaki, Zuberoako maskarada beste eszenatoki batean agertzeko eta jendearengana beste nolabait hurbiltzeko erronkari aurre egin dio. Maskaradak bere testuinguru naturala du, aldaezina, ezin uka. Baina oraingo honetan, egun jakin batez euskaldunon hiriburuko kaleetan barna arituko da, goizean barrikadak eta arratsaldean an-tzerki saioa.

Hegoaldean, oro har, "edalontziaren dantza" gisa sinplifikatu da maskaradaren (zehazki Zuberoako dantzaren) mamia. Harrigarria da nola akrobazia horrek arreta guztia hartu duen inguratzen duen elementu aberatsen osotasunari ia erreparatu gabe. Aitzina pika, Xorrotxen kantua, sorgin-guraizea, Zamaltzaina, Kabanaren predikua, ferratze-lana, ebatsitako oiloa, txirula, beltzak eta gorriak, bedeziaren lasterrak, herriko zaharren irria, kontrapas edo antrexantak, uskaz mintzatzia eta zintzür bustitzia... horiek denek (eta gehiagok) osatzen dute maskarada bat, barrikaden sinbolismotik hasi eta azken kantuaren lekukotzan buka. Maskarada da antzerkia, dantza, kantua, inauteria, poesia, herri kontakizuna... Europa osoko emankizun folkloriko aberatsenetakoa, alegia.

Norberaren gaitasunak bakarka landu eta plazaratzea areagotzen ari garen honetan, miragarria da herri-antzerkiaren arrakasta hau. Tradizioa eta modernismoa, zen-tzu batean, nahasten jakin dute herritarrek. Hogeita hamar bat laguneko taldea lau hilabetez herriz herri ibiltzen da igandero zaharrak eta gazteak biltzen dituen tradizio bat biziberritzen.

Eta egiazki, ikerlari askoren buruhaustea ere izan da, ez baita garbi sineste zaharren hondarrak diren, Erdi Aroko ospakizunen arrastoak, denboraren joanean eraldatutako errito sinbolikoak... Argi dagoena da metafora soziala direla gauza ororen gainetik. Maskarada inauteri besta da. Herriko gazteak bilduarazten dituen hitzordua da, mugak ireki-tzeko garaia, auzoa egiteko bilkura. Maskarada eta pastorala (beste adierazpide indartsua) Zuberoan harreman tresna diren gisara, kultura eta nortasunaren iraunarazle eta motor ere badira. Sekulako balioa eta indarra du horrek gizatalde batentzat, eta sarritan ez gara ohartzen. Euskara bera (Zuberoan), hein handi batean, bi kultur elementu hauei esker sustatzen eta bermatzen ari da.

Aitzitik, Frantziaren politikak aski ongi bideratu du (bere mesederako) Zuberoako bizi-baldintzen zailtasuna: industriarik eza, laborantza txikia, ekonomiaren erabateko menpekotasuna, ingelesen bakantzetako paradisu bihurtzeko arriskua... eta horrekin denarekin ere, kulturgintzan (eta kulturgin-tzaz) bizirik da Zuberoa.

Hitzordu berezia izanen da asteburu honetakoa. Aukera bikaina Euskal Herriko kale-antzerkiaren aitzindariaz gozatzeko. Ongi etorria bedi "Monako ttipia" gurera! Zuberoko esaera zahar batek dio: "Ez da dantzaririk hobe(re)na godaletan pausatzen dena". Zatoz tradizio hau bestela ikustera, ulertzera.
* Ortzadar taldeko kidea

Dokumentuaren akzioak