Dokumentuaren akzioak
Maskarada Iruñean
Zuberoako maskarada (jatorrizkoa) sekula izan gabea da Nafarroan. Baionan eta Oreretan, adibidez, izana da, eta bestetik, gainerako emankizunak beste tokitako eta herrialdeetako taldeek emanak dira. Gainera, maiz, Zuberoara joateak sortzen duen nagikeria sumatu izan dugu hainbatengan, bide luzea da haraino, portuak tartean... eta euskal lurren arteko loturak ez dira espresuki geure administrazioak hobetzen ari direnak; Iruñetik Madrilera aiseago eta azkarrago joan zaitezke Iruñetik Maulera baino. Lotura naturalak galtzen ari gara eta arrotzak indartzen.
Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak, kulturaren gaineko ardurak
mugituta, hainbat ildotako lanak gauzatzen ditu aspaldidanik. Dantza eta
musika eguneroko jarduera dituen arren, folklorearen beraren
ikerkuntza, suspertzea, ezagutza eta aitortza ditu helburu nagusiak bere
hastapenetik. Hori hala izaki, Zuberoako maskarada beste eskenatoki
batean agertzeko eta jendearengana beste nolabait hurbiltzeko erronkari
aurre egin dio. Maskaradak bere testuinguru naturala du, aldaezina, ezin
uka. Baina oraingo honetan, egun jakin batez euskaldunon hiriburuko
kaleetan barna arituko da, goizean barrikadak eta arratsaldean antzerki
saioa.
Hegoaldean, oro har, “edalontziaren dantza” gisa sinplifikatu da
maskaradaren (zehazki Zuberoako dantzaren) mamia. Harrigarria da nola
akrobazia horrek arreta guztia hartu duen inguratzen duen elementu
aberatsen osotasunari ia erreparatu gabe. Aitzina pika, Xorrotxen
kantua, sorgin-guraizea, Zamaltzaina, Kabanaren predikua, ferratze-lana,
ebatsitako oiloa, txirula, beltzak eta gorriak, bedeziaren lasterrak,
herriko zaharren irria, kontrapas edo antrexantak, uskaz mintzatzia eta
zintzür bustitzia... horiek denek (eta gehiagok) osatzen dute maskarada
bat, barrikaden sinbolismotik hasi eta azken kantuaren lekukotzan buka.
Maskarada da antzerkia, dantza, kantua, inauteria, poesia, herri
kontakizuna... Europa osoko emankizun folkloriko aberatsenetakoa,
alegia.
Norberaren gaitasunak bakarka landu eta plazaratzea areagotzen ari
garen honetan, miragarria da herri-antzerkiaren arrakasta hau. Tradizioa
eta modernismoa, zentzu batean, nahasten jakin dute herritarrek.
Hogeita hamar bat laguneko taldea lau hilabetez herriz herri ibiltzen da
igandero zaharrak eta gazteak biltzen dituen tradizio bat
biziberritzen.
Eta egiazki, ikerlari askoren buruhaustea ere izan da, ez baita garbi
sineste zaharren hondarrak diren, Erdi Aroko ospakizunen arrastoak,
denboraren joanean eraldatutako errito sinbolikoak... Argi dagoena da
metafora soziala direla gauza ororen gainetik. Maskarada inauteri besta
da. Herriko gazteak bilduarazten dituen hitzordua da, mugak irekitzeko
garaia, auzoa egiteko bilkura. Maskarada eta pastorala (beste
adierazpide indartsua) Zuberoan harreman tresna diren gisara, kultura
eta nortasunaren iraunarazle eta motor ere badira. Sekulako balioa eta
indarra du horrek gizatalde batentzat, eta sarritan ez gara ohartzen.
Euskara bera (Zuberoan), hein handi batean, bi kultur elementu hauei
esker sustatzen eta bermatzen ari da.
Aitzitik, Frantziaren politikak aski ongi bideratu du (bere mesederako)
Zuberoako bizi-baldintzen zailtasuna: industriarik eza, laborantza
txikia, ekonomiaren erabateko menpekotasuna, ingelesen bakantzetako
paradisu bihurtzeko arriskua... eta horrekin denarekin ere,
kulturgintzan (eta kulturgintzaz) bizirik da Zuberoa.
Hitzordu berezia izanen da asteburu honetakoa. Aukera bikaina Euskal
Herriko kale-antzerkiaren aitzindariaz gozatzeko. Ongi etorria bedi
“Monako ttipia” gurera! Zuberoko esaera zahar batek dio: “Ez da
dantzaririk hobe(re)na godaletan pausatzen dena”. Zatoz tradizio hau
bestela ikustera, ulertzera.
Ana Telletxea
Dokumentuaren akzioak