Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maskarada hastera doa Zuberoan herriz herriko bere ibilera

Dokumentuaren akzioak

Maskarada hastera doa Zuberoan herriz herriko bere ibilera

Bihar Zihigan egingo duten estreinako emanaldiarekin abiatuko da aurtengo Maskarada. Maiatzaren 5ean Gameren egingo dute azkeneko saioa. Tartean hamabi herri zeharkatuko dituzte antolatzaileek.
Egilea
Ainize Butron
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
2013/02/09
Lotura
Naiz

Maskaradako pertsonaia ospetsuek hitzordua emana dute asteburu honetatik goiti Zuberoako plazetan. Xorrotx, buhami, Pitxu edo Kabana eta gainerako pertsonaien jantziak jarri dituzte Gamere-Zihigako hogeita hamar bat gaztek, asteburuz asteburu, Zuberoako herritarrak irriarazi edo zirikatzeko asmoz.

Gamere-Zihigako herritarren aldia izan zen 2012ko maskarada antolatzea, baina herrian ezbehar bat gertatu zela-eta, antolaketa bertan behera utzi behar izan zuten. Ondorioz, Maskaradak Zuberoan bizirik jarrai dezan ikastoletako gazteek beren gain hartu zuten antolaketa.

Gamere-Zihigako gazteek, berriz ere heldu diote, beraz, urteko maskaradaren antolaketari, Zuberoako inauterien tradizioa «biziarazteko» gogoarekin.

Mathieu Tauzin kabana izango da, eta bere esanetan, garrantzitsua da tradizio hori, «neguko garai luzeak alaitzeko aukera» ematen baitu. Bestalde, ehun bat biztanleko herria izanki, Gamere eta Zihigan ere «zerbait egin» dezaketela frogatu nahi izan dutela ere nabarmendu zuen.

Helburu horiek buruan zituztela, prestaketa lanetan aritu dira hiru hilabetez. Dantzariek Jean-Pierre Rekalt izan dute errejenta, eta xorrotxek eta kantariek, berriz, Jean-Louis Arranburu izan dute aholkulari.

Bihar, igandea, Zihigan eskainiko duten lehenengo emanaldiaren ondotik, Zuberoako beste hamabi herri zeharkatuko dituzte kantuz eta dantzan, kabanaren peredikuekin bukatuz.

Goizeko hamarretan hasiko dute biharko emanaldia, orotara hiru barrikada eginez. Arratsaldeko hiruretan izango da, berez maskarada. Buhamiak munduko aktualitateaz arituko dira, eta ondotik iritsiko da herriko berrien aipamena.

«Herrietan berrien bila goaz peredikuak egiteko. Behar dira gauzak erran, baina jendea sobera gaitzitu gabe», argitu zuen Mathieu Tauzin kabanak. Hirugarren maskarada du, izan ere, Tauzinek, eta bere esanetan, emanaldi horiek «plazera hartzeko» eginak dira gehienbat.

Plazaz plaza

Biharko hitzorduaren ondotik, otsailaren 17an Ligi-Atherein, eta 24an Arrokiagan izango dira. Martxoaren 3an, berriz Atharratzen, eta 9an, Altzürükün. Ondotik, Barkoxen, Zalgizen, Aloze-Ziboze-Onizegainen, eta, apirilean, Larrainen, Urdiñarben, Lakarrin eta Ozazen arituko dira. Maskaraden denboraldia maiatzaren 5ean bukatuko da, Gameren egingo duten azkeneko emanaldiarekin.

Maskarada1

Maskarada (Gaizka IROZ)

Dokumentuaren akzioak