Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maskarada gaztea

Dokumentuaren akzioak

Maskarada gaztea

Altzürüküko bizilagunek prestatu dute aurtengo maskarada; haur eta gazte asko daude tartean

Egilea
Allande Sokarros
Komunikabidea
Berria
Tokia
Altzürükü
Mota
Albistea
Data
2005/01/21

Aurtengoak, berriz, dantza-jauzi eta kantu eskolak azken 10 urteotan biziarazten dituen Bedatse Liliak elkartearen eskutik datozkigu. Urtarril honen 30etik eta apirilaren 24ra bitartean Zuberoako 12 herritan Altzürüküko maskarada hauek ikustera joango direnak berehala ohartuko dira arizaleak oso gazteak direla. Hala dira, esate baterako, guztiak neskak dauden10 aitzindari dantzariak, hala ere xorrotxak, kerestuak, buhameak edo kauterak. Gaztetasunaren ezaugarri hau are nabarmenduko du, 6 eta 8 urte artean dauzkaten hamabost bat haur maskarada hauetan partaide izateak. Buhame eta kautere jantzita egongo diren ume horiek, haatik, ez dute jokorik emango, horretarako, jakina, gazteegiak baitira. Partaidetasun honek, dena den, maskaradetarako zaletasuna haziko diela pentsa daiteke. Gaztetxo horien jantziak zein ere beste arizale batzuenak egiten jardun du Altzürüküko andere jostun ugarik, 2002. urtean eman zen Ürrüti jauregiko Peirot pastoralean hasitako ildoari berretsita.



Hartzari 'Cannelle'



Dantza jauzi eta kantu eskolak baldin badaude ere Altzürükün, maskaradetara trebatu beharra bada. Hortaz, mustrakak iragan urteko irailean hasi zituzten. Jean-Paul Aranburu, Silvia Etxebarne, Mixel Etxebarne eta Pierre Jaragoien dantzarien eskolatzeaz arduratu dira eta kantuetarako irakasle jardueran ibili da, berriz, Dominika Eperre. Kabana handiak eta Buhame jaunak herriz herri adieraziko dituzten predikuak ere prestatzen dira, noski, baina zuberotarrek hainbeste preziatzen dituzten aldarrikapen hauen asmatzaile lanetan nor ibili den erratea ez da komeniÉ esaldi zorrotz eta gazi-gozoak lau haizetara plazaratzen baitira hor!



Altzürükün gazteen artean euskararen erabilera oso eskasa bilakatu arren, maskaradetako antolatzaileak arretaz jokatu dira aldarrikapenak egin behar dituztenak euskal hiztun trebatuak izan daitezen. Hala, Battitta Lazkarrai izango da Kabana handia, Pascal Lazkarrai Pitxu, Daniel Jaura Buhame jauna eta Xorrotxak, aldiz, Gerard Etxart eta Jacques Etxebarne. Gauza gutxiren erraile izango da, baina esanahi askoren sinboloa egongo da, ostera, Altzürüküko maskarada hauetan agertuko den hartza. Honi Cannelle izena emateaz inor gutxi harrituko da.

Dokumentuaren akzioak