Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maskarada, bizkaitar erara

Dokumentuaren akzioak

Maskarada, bizkaitar erara

1994an jokatu zuten lehenengoz maskarada Bilboko kaleetan Gaztedi dantza taldekoek, eta, hogei urteren ostean, bigarrenez jokatuko dute orain. Bizkaieraz arituko dira, eta Bizkaiko kontuak izango dituzte abiapuntu.

Zuberoan bezala, baina Zuberoatik kanpo. Dantzak, koplak, ofizioak, barrikadak eta abarreko guzti-guztiak bildu zituen Gaztedi dantza taldeak 1994ko urtarrilaren 16an egindako emanaldian. Maskarada oso-osoa zen, baina Bilbon jokatu zuten. Santutxun. Bertakoek eginda, bertara egokituta eta bertako hizkeran. Aurrez ere izan zen beste maskaradarik Zuberoatik kanpo, baina Gaztedikoak izan ziren lehenak maskarada osoa egin eta beren herrira egokitzen. Orain dela hogei urte izan zen hori, eta berriz egingo dute orain, bigarrenez, urteurrenaren aitzakian. Ez dantzari berek, baina bai berdin; Zuberoako modura, eta, era berean, Santutxun. Otsailaren 22an izango da lehena, auzoan, eta martxoaren 2an egingo dute bigarrena, Bilbon.
Egilea
Iñigo Astiz
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2014/02/04
Lotura
Berria

Belaunaldia berrituta, maskarada ere berritzea erabaki dute. Hori da Asier Ibarra Gaztedi dantza taldeko kidearen azalpena: «Dantza taldeko jende askok ez zuen ikusia 1994ko maskarada hura, eta pentsatu genuen interesgarria izango zela berriz egitea. Gogoa genuen berriz egiteko, eta, 20. urteurrena baliatuz, saiatzea erabaki dugu». Bazuten nondik abiatu. Ibarraren hitzetan, arrakasta izan zuen 1994ko saio hark, eta Santutxun egindako lehen saioaren ostean, zortzi bat herritan izan ziren gero taldekoak. Zornotzan (Bizkaia), Durangon (Bizkaia) eta Baionan, esaterako. Eta gerora ere, dantza errepertorioan mantendu dituzte maskaradako dantza zatiak. Baina zatiak baino ez. Sekula ez dute osorik egin maskarada 1994az geroztik. Hasi eta buka, orduan soilik. Eta orain egingo dute berriz.

Gazteak dira Gaztediko kide gehienak, eta ez da bertan orain dela 20 urteko maskaradan aritutako inor izango. Ez du horrek esan nahi, ordea, aitzindari haiek gogoan izango ez dituztenik. Kontrara. 1994an maskaradan aritutakoek egingo dute 2014ko maskaradako barrikadetariko bat. Auzotarrek egingo dituzte besteak. Bakoitzak berean. Ibarrak azalpena: «Zuberoan, normalean, herri batek antolatzen du maskarada eta astebururo herriz herri joaten dira gero. Goizean barrikadak izaten dira herriko kaleetan eta maskarada hartzen duen herrikoek dantzatzen dute bertan lehenik, eta maskarada prestatu duten herrikoek ondoren. Guk Santutxun bertako eragileei eskatu diegu zerbait egiteko». Ez dira denak dantzan ariko horregatik. Elkarte eta talde bakoitza berean jarriko dituzte barrikadak defendatzen. Bertso eskolakoak, ikastetxeko umeak, euskaltegiko ikasleak...

Arratsaldean, Santutxuko Karmelo plazan egingo dituzte ofizioak. Eta hor izango da moldaketa nagusia. Mantendu egingo dute Zuberoako maskaraden egitura orokorra, eta mantendu ofizio guztiak ere. Bertan izango dira txorrotxak, buhameak, kauterak, zaldia... Denak. Baina Bilbo eta Bizkaiko kontuak izango dituzte ardatz testuetan, eta hor dator aldaketa. Bizkaieraz eta euskara batuan arituko dira predikuan. Zeri buruz? «Krisiari buruz zerbait esango dela ziurra da, eta pentsatzen dut obra faraonikoak ere aipatuko ditugula».

Zuberoako maskaradaren hizkuntza ñabardurak kontuan hartu dituzte Gaztedi taldekoek. Eta mantendu egingo dute ofizio bakoitzaren berezitasuna. Moldatuta, mantendu. Kerestuek, adibidez, biarnoeraz egiten dute Zuberoan, bada hizkuntza jolasa mantendu nahirik, galizieraz jarriko dituzte Bilbon. Hala egin zuten 1994an, eta hala mantendu dute jolasa orain ere. Egin zuten zalantza beste hizkuntza batzuk aukeratzeko, baina, azkenean, 1994an egin zuten bezala egitea erabaki dute.

Zuberoako giroa

Urtero egiten dute bisita Zuberoara maskarada ikustera, eta piztu egin die horrek gogoa. Geografikoki urrun egon arren, gertuko sentitzen dutelako. «1994an lan gogorra egin zuten dantza taldekoek. Bi urte eman zituzten proiektu horrekin bueltaka. Denbora eman zuten Zuberoan bertako jendearekin ikasten, eta Zuberoako jendea ere etorri zen hemen zer egiten zuten ikusteko. Eta gustura gelditu omen ziren ikusitakoarekin. Lortu zen hango giroa ekartzea». Eta orain ere asmo hori izan dute. Eta erraztu egin die bidea lehen egindako lanak.. Aurrekoei ikasi diete urratsa.

«Ardura» aipatzen du Ane Garai dantza taldeko kideak. «Orain dela 20 urte lan handia egin zuten dantza taldekoek, eta haiei omenaldi moduko bat egitea da gure asmoa. Lan handia eskatzen du, eta erronka modura hartu dugu. Berezia da». Eta zerk egiten du berezi? «Zuberoatik kanpo halakoak gutxitan egin dira, eta uste dut oso interesgarria dela. Niri neuri asko gustatzen zait maskarada. Ia urtero joaten gara Zuberoara, eta orain ardura handia da hemengo jendeari hango ohitura erakustea».

Eta hizkuntza hautaketa ez da debaldekoa, Garaik azaldu duenez. «Hizkuntza moldaketekin ikuslea ikusten duenaren parte sentitzeko egin dugu. Maskarada ez dugu dantzariok eta parte hartzen dugunok soilik osatzen. Ikuslea ere parte da, eta harreman hori indartzeko ere baliagarri da hizkuntza».

Kopia fidela

Arduraz gain, beste hitz bat ere aipatzen du Ibarrak: «Sinesgarritasuna». Dantzariaren hitzetan, lan handia egin zuten aurrekoek Zuberoako dantzak eta maskaradaren nondik norakoak ikasten, eta erreferentziazko laguntzaileak izan zituzten horretarako. Horregatik aipatzen du sinesgarritasunaren kontua. «Javi Erize izan zuten gidari aurrekoek; hura maskarada asko ikusia eta ikertua da. Pisua izan zuen lan hartan, eta ongi egin zuten lana». Eta orduan egindako hori hartu dute beraiek ere oraingoan oinarritzat. Pozik dago, behintzat, Ibarra. «Bi entsegu orokor egin ditugu parte hartuko dugun ia 40 pertsonak, eta nik uste dut baietz, maskarada itxura daukala egingo dugunak. Aukera polita da Zuberoako maskarada bat hemen ikusteko. Nik uste dut nahiko kopia fidela egin dugula».

Zuberoakoa ere ikusiko dute, halere. Maite dute bertakoa bertan ikustea ere. Ibarrarenak dira azken hitzak: «Hemendik bi bat astera joango gara hara, maskarada bertan ikustera».

Dokumentuaren akzioak