Dokumentuaren akzioak
Maskarada
Katuajeak
Maskaradaren aurtengo berezitasunak, paradigma eta
metafora modura hartuta, dena esan lezake, asko bai behintzat,
hizkuntzaren (euskararen) eta teatroaren (kulturaren) funtzio sozialaren
inguruan. Hariari tiraka hasi eta lehen galdera bat dator gomutara:
jokolariek euskaraz ez jakite horrek zerbaitetan ukitzen ote duen
maskaradaren muina, edo txikikeria bat baino ez den. Eta bigarrena:
euskaraz ez dakien jokolari horrek ze atxikimendu du ahotan darabilen
hizkuntza horrekin, eta atxikimendu hori sendotu ote daitekeen
maskaradaren beraren bitartez. Egia da eta esan beharra dago,
atxikimendu hori azalekoena izanda ere, ez dela gutxiestekoa. Horra,
minorizazioaren beste aje bat.
Badakigu Maskaradak euskaraz
behar duela izan inork ez duela zalantzan jartzen (ez, ezta?). Baina,
buruz ikasitakoa errepikatzea eta euskara ulertuz antzeztea, nago, ez
dela berdina ez jokolariarentzat, ez antzezpenarentzat berarentzat eta
ezta hartzailearentzat ere. Nor izatetik zer izatera dagoen tartea
zabaltzen da bi postura horien artean, bai jokolariaren kasuan, bai
hizkuntzaren kasuan, eta baita maskarada beraren kasuan ere. Subjektu
izatetik objektu izatera. Erritu komunitario bat izatetik errepikatzen
den koreografia estetiko bat izatera. Edo kultura izatetik folklorekeria
izatera. Badago arrisku hori bederen. Bata edo beste izan, nago,
hizkuntza erdigunean edo bazterrean jartzeak erabakitzen duela. Ez
horrek bakarrik, baina baita horrek ere.
Zer gehiagok, bada?
Maskaradak baduen, ez duen, edo behar lukeen funtzio sozialak. Zentzuak,
azken finean. Alegia, zertarako maskarada? Ze zentzu du orain bostehun
urteko pertsonaiak antzezten ibiltzeak, denboran gordetzeak, lehen zuen
funtzio soziala galdu badu, eta berri egokirik topatu ez bazaio? Funtzio
sozial sakonik ez duen emanaldi eder bat izan liteke, izan ginenaren
—baina, beharbada, dagoeneko izan nahi ez dugunaren— oihartzun goxo
nostalgiko bat dakarkiguna. Baina hori zer da? Errito bat edo parodia
bat? Kultura edo souvenirra?
Hizkuntzarekin esan dugun berdina
esan liteke hemen ere. Maskaradak gertuko gizartean duen funtzioaren
nolakotasunak -maskarada bera muineko edo bazterreko izateak- eramango
du balantza alde batera edo bestera. Izan ere, hizkuntzaren (euskararen)
eta maskaradaren (kulturaren) funtzio sozialak elkarren beharra dute,
biak lotuta doaz, zaku berean datoz.
Zer du sakonean maskaradak?
Ze irakatsi digu? Komunitateari etorkizun hobea izateko desio berritze
errito bat dela, konjuru bat, eta horretarako xede bat: komunitatea
trinkotzea. Orain bostehun urte eta gaur egun. Eta gaur egun trinkotze
hori nola egin asmatu behar dela. Asmatze horretarako giltza ere
maskarada berak esaten digu zein den: euskara izatea komunitatearen
trinkotze zeinu eta bidea. Komunitatea, auzoa, euskararen memorian dago,
euskarak berarekin mendez mende dakarren ondarea baita
komunitategintza, hain zuzen, hizkuntzak ere komunitatean topatu duelako
bere buruaren iraunpenaren giltza, beste babesik ezean.
Horrela
ere esan liteke. Inork esango du, akaso, hizkuntzak (euskarak) eta
maskaradak (kulturak) ez dutela hainbesteko loturarik, ezta hizkuntzak
eta komunitateak ere; ez duela hizkuntzak memoriarik, ez kulturak
gararaziko duen eta gaur eguneraino ekarriko duen hizkuntzarik. Nago,
euskara, kultura eta komunitatea inoiz baino lotuago behar dutela egon
biziko badira. Maskarada maskarada izan dadin, eta ez maskarada bat.
Dokumentuaren akzioak