Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maskara aldatzeko garaia

Dokumentuaren akzioak

Maskara aldatzeko garaia

Osasun neurri gehienak desagertuta, inauteriak ospatuko dituzte Euskal Herriko toki gehienetan. Batzuk egokituta, beste batzuk mugarik gabe. Lantz salbuespenetako bat da: udalak esan du ez dela bestarik eginen. Bestelako maskara bat jantziko dute askok ostegunetik hasi eta asteartera arte.
Komunikabidea
Iker Tubia
Mota
Albistea
Data
2022/02/23
Lotura
Iker Tubia

<b>MASKARAK. </b>Iruñeko kokozuriak, bi maskarak jantzita, iazko inauterietan.

MASKARAK. Iruñeko kokozuriak, bi maskarak jantzita, iazko inauterietan. RAUL BOGAJO / FOKU

 

Maskarak irabazi du. Ez musua estaltzen duenak, aitzitik. Zalantzak izan dira azken ordura arte, baina, osasun neurri gehienak bertan behera geldituta, inauteriak ospatuko dira han eta hemen. Bihar da ostegun gizena, eta bestaz gozatzeko hamaika topaketa izanen dira asteartera arte. Leku batzuetan mugak izanen dira, baina, hala ere, inauteriak irabazi dio aurten koronabirusari. Lantz (Nafarroa) izanen da salbuespenetako bat. Udalaren arabera, txatxoak ez dira aterako.

TOLOSA
TXARANGAK ETA KARROZAK
Noiz.
Bihartik asteartera.

Azkenean, bai; inauteriak ospatuko dituzte Tolosan (Gipuzkoa). Bihar Plaza Zaharrean bilduko dira pregoia irakurri eta suziria botatzeko, eta txarangak eta besta giroa izanen dira asteartera arte. Zaldunitan —igandean—, astelenitan eta asteartitan karrozak izanen dira: 25 guztira. San Frantzisko pasealekuan jarriko dira, elkarren artean ohi baino distantzia handiagoa utzita. Martxoaren 6an piñata igandea eginen dute.

ALTSASU
MOMOTXORROAK
Noiz.
Asteartean, 19:00etan.

Aurten 40 urte beteko dira Altsasuko (Nafarroa) inauteri tradizionala berreskuratu zutenetik. Asteartean momotxorroek, sorginek, akerrak eta gainerako pertsonaiek izua zabalduko dute herrian barrena. Zelanditik abiatuko dira, 19:30ean, hiru ordu laurden lehenago odolaren erritua egin ondotik. Ospakizunak igandean hasiko dira.

LESAKA
ZAKUZAHARRAK
Noiz.
Igandean, 19:00etan.

Inauteriak ostegunetik astelehenera bitarte ospatuko dira Lesakan (Nafarroa), eta igandean zakuzaharrak aterako dira karrikara. Udal pilotalekutik abiatuko dira, musika bandarekin batera, 19:00etan. Aurretik, zakuzahar txikien kalejira eginen dute, toki beretik aterata, 17:00etan.

MUNDAKA
ATORRAK ETA LAMINAK
Noiz.
Igande arratsaldean.

Inauteri «xumeak» ospatuko dituzte Mundakan (Bizkaia), ekitaldi handirik gabe, eta herrikoentzat; hala jakinarazi du udalak. Igande goizean kalejira eginen dute, eta arratsaldez atorrak eta laminak aterako dira karrikara kantatzera. 

GOIZUETA
ZAHAGI DANTZA
Noiz.
Asteartean, 17:00etan.

Puska biltzean ariko dira Goizuetan (Nafarroa) inauterietan, eta, asteartean, mozorroak eta zomorroak ariko dira zahagi dantzan. 17:00ak aldera eginen dute dantza, makilekin zahagia joz.

UZTARITZE
ZANPANTZAR
Noiz.
Asteartean, 17:45etik aurrera.

Hartzaro festibala ospatzen ari dira Uztaritzen (Lapurdi) kultur jarduera anitz eskainiz. Asteartean eginen dute Zanpantzarren auzia: hura epaitu ondotik, sutan erreko dute. 17:45ean hasiko da ekitaldia, zirtzilekin, Hiribehereko frontoian.

UNANU
MAMOXARROAK
Noiz
. Igandean eta asteartean, 16:30ean.

Mamoxarroak eta muttuak ibiltzen dira Unanun (Nafarroa) maskarak jantzita eta hurritzekin jendeari makilakadak ematen. Igandean eta asteartean aterako dira, udaletxetik, 16:30ak inguruan.

HIRIBURUAK
DESFILEAK KARRIKETAN
Noiz.
Ostegunetik asteartera bitarte.

Euskal Herriko hiriburuetan inauteriak ospatuko dira aurten, gehienetan aldaketak eginda: ibilbideak luzatuz edo karrika zabalagoetatik pasatuz. Gasteizen zentrotik aldendu dituzte desfile nagusiak. Larunbatean 18:00etan eta igandean 12:00etan izanen dira, Jose Mardones kaletik abiatuta. Donostiako desfilea bitan banatu dute: erdialdean eta Grosen eginen dituzte, larunbatean eta igandean, 17:00etan.

Baionan astebete atzeratu dituzte inauteriak, osasun egoeragatik. Larunbatean Zanpantzar kabalkada abiatuko da, 16:00etan, Roland-Barthes zabaldegitik. Epaiketa eta sua piztea 18:00etan izanen dira. Iruñean ohiko egitarauari eutsi diote: kalejira nagusia larunbatean izanen da, 18:00etan, San Lorentzo karrikatik abiatuta. Akabo mundua paratu dute gaia. Bilbon etzi epaituko dituzte Farolin eta Zaranbolas, 19:00etan, eta asteartean bukatuko dira inauteriak, 20:00etan, sardinaren erreketarekin. Larunbateko desfilea Diputaziotik abiatuko da, 16:00etan.

Dokumentuaren akzioak