Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maryse Urruty: «Obra bat euskara hutsean egitea plazera da»

Dokumentuaren akzioak

Maryse Urruty: «Obra bat euskara hutsean egitea plazera da»

Antzerkia eta dantza uztartzen dituen lana otsailaren 6an estreinatu da Angelun. Maryse Urrutyk sortua, Barbara Rivas, Francisco Dussourd, Joana Olasagasti eta Arantxa Hirigoyen antzezle dituela, ikusgai izanen da Euskal Herriko herri ezberdinetan.
Egilea
Idoia Eraso
Komunikabidea
Kazeta
Mota
Erreportajea
Data
2022/02/07
Lotura
Kazeta

 Maryse Urruty, Angeluko Quintaou antzokian, estreinaldiaren ataritan.

Maryse Urruty, Angeluko Quintaou antzokian, estreinaldiaren ataritan. (Bob EDME)

‘Oihana’ ikuskizunean belaunaldi ezberdinetako emazteen arteko harremana islatzen da, antzerkia eta dantzaren bitartez. Itzuli, Atx Teatrok eta El Punto Gunearen eskutik heldu da Maryse Urrutyk sortu duen obra. Igandean Angelun iragan den estreinaldiaren ondotik, Euskal Herriko itzulia eginen dute Barbara Rivas, Francisco Dussourd, Joana Olasagasti eta Arantxa Hirigoyen aktoreek taula gainean, Urrutyren zuzendaritzapean.

«Bi ‘Oihanen’ istorioa kontatzen da, oihan fisikoa non enpresa multinazional batek eukaliptoak landatu nahi dituen, eta Oihana gure pertsonaia nagusiarena» adierazi du Maryse Durruty antzezlanaren sortzaile eta zuzendari baxenafartarrak Naiz atarian.

Duela hiru urte hasi zen proiektu honekin, transmisioa gaitzat harturik, obra bat egin nahi zuela argi zuen eta: «Kontatu nahi nuen istorio bat soilik emakumeekin, neska bat istorioaren protagonista izanik, horrela, bai neskak, bai eta mutikoak ere, aukera izan zezaten emakume batekin identifikatzeko».

Belaunaldien arteko harreman horretan hizkuntzak, euskarak, garrantzi handia duela nabarmendu du sortzaileak: «Dantza gure istorioan euskararen metafora da, eta harreman handia du nire bizitzako bidearekin. Entzun nuen euskara txikitan, baina gero ez nuen eskolan ikasi, hori dela eta berreskuratu nuen 18 urterekin. Oihana protagonistak bezala, bidaia iniziatibo bat egin nuen hizkuntza berriz topatzeko, eta orain egitea obra bat euskara hutsean plazera da».

«Uste dut istorioa borobiltzen dugula, baina laster ikusiko dugu ikuslegoak zer dioen»

Dantzaren garrantzia

Dantzak obran duen garrantzia nabarmendu du Urrutyk, duen adierazgarritasunari esker, transmisioaren ideia agertzeko oso lagungarria delako: «Antzezlanaren esanahiari dagokionez, niretzat oso argi da euskara aipatzen dugula, baina edonork atzematen ahal du zein den berarentzat transmisioa, beharbada batzuendako familia istorio bat da, edo gaitasun berezi bat. Badira sekretu anitz familietan, eta batzuetan transmisioak belaunaldi bat saltatzen du, horren ondorioz hurrengo belaunaldiak sentitzen du zerbait eskas dela».

Hori da justuki Oihanari gertatzen zaiona, eta hutsune hori betetzeko beste bide bat hartzea deliberatzen du: «Ametsetan aurkitzen du presentzia bat, eta presentzia honek erakusten dio dantza bat, hizkuntza berezi bat, katea moztu zelako, baina bere familian betidanik emakumeen arteko dantza izan zena».

Zentzu horretan, belaunaldien arteko haustura magiaren bitartez berreskuratu daitekeela azaldu du, baina beste behin ere ikuslegoaren eskuetan izanen da horren interpretazioa egitea: «Magiaren atea irekirik uzten dugu, imajinatu daiteke ametsetan ari dela, edo ate bat ireki duela beste mundu magiko batera pasatzeko». Interpretazioan irekiera badago ere, «uste dut istorioa borobiltzen dugula, baina laster ikusiko dugu ikuslegoak zer dioen».

Poesia eta zientzia fikzioaren arteko lotura ere badagoela azaldu du sortzaileak: «Guk uste dugu bi estiloetatik hartzen duela, asmoa da biak nahastea».

Paula Olazen musika

Musikari dagokionez, garai bateko kantu rockeroekin –Berri Txarrak, Dut, Su ta Gar...– batera, Paula Olazek antzezlanerako egindako sorkuntza bada. «Paulari kontatu nion istorioa, eta parte hartu nahi izan zuen. Protagonista ametsetara doanean, gehienetan bere musikarekin da, dantza momentuak bere musikari esker ikusten ditugu».

Finantziazioari dagokionez, Ipar Euskal Herriko erakunde publikoen laguntza jaso du. Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen dirua ere jaso dutela nabarmendu du Urrutyk: «Mugaz gaindiko proiektua muntatu dugu, bildu gara Hats teatroa Bilboko konpainiarekin, eta orain beraiek egingo dute hedapena. Gero El Punto gunea Iruñean, non egon garen egonaldia egiten, eta hiruron artean gauzatu dugu».

Euskal Herriko itzulia

Otsailaren 6ko estreinaldiaren ondotik, Quintaoun ariko dira ere astelehen huntan eta asteartean, hilaren 8an. Barakaldora joanen dira 9an eta 10ean, eta biharamunean Bermeon ariko dira. 18an Zumaian eta 25ean Galdakaon ariko dira berriz taula gainean.

Ipar Euskal Herrira itzuliko dira martxoan. Lehen egunean Luhuson emana dute hitzordua, eta Hendaian 2an eta 3an. Donapaleun 11n eta 12an aritu ondotik, Bizkaira itzuliko dira, Durangon ariko baitira martxoaren 13an. Maiatzaren 14 eta 15ean Donostiaren aldi izanen da.

Udazkenerako aurreikusita dituzte beste emanaldiak, urriaren 16an Bizkaiko hiriburuan, eta oraingoz programatutako azkena Azkainen izanen da hilabete horretako 22an.

Maryse Urrutyk iazko martxoan elkarrizketa eskaini zion KAZETA.EUSi, ETBko Barre Librea umore saioan parte hartu zuen garaian. «Dena posible da euskaraz. Ez dugu mugarik ezarri behar», erran zuen orduan.

Dokumentuaren akzioak