Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maryse Delentek emazte dantzarien gaitasuna eta indarra erakutsiko ditu

Dokumentuaren akzioak

Maryse Delentek emazte dantzarien gaitasuna eta indarra erakutsiko ditu

Ballet du Nord koreografia zentroak bi obra dantzatuko ditu gaur Maitaldian

Egilea
Eneko Bidegain
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2000/09/14

MARYSE DELENTE Ballet du Nord koregrafia zentroko koregrafoak bere bi lan aurkeztuko ditu gaur Miarritzen, Maitaldiaren karietara. Dantza ikusgarriak Gare du Midi gelan iraganen dira. Horietatik batekin, hala nola emanaldiaren bigarren zatiarekin, emazte dantzarien indarra erakutsiko du. «Garai luze bat izan da zeinetan emazte dantzaria apaingarri gisa erabiltzen zen», adierazi dio Egunkariari Delentek.

Dantzaren bertze itxura bat erakutsi nahi du. Giselle ou le mensonge romantique koregrafian emazteek baizik ez dute dantzatuko. Badu hamar urte sortu zuela koregrafia hori, eta geroztik anitz aldiz aurkeztu du. Delente koreografoak bere dantzarien «kalitate teknikoari» emanen dio balioa.

Giselle obra klasikoan oinarrituko da. Delentek baletaren bigarren zatia baizik ez du hartu, eta klasikoa dantza garaikidearen moldeetara egokitu du.

Beren ezteiak baino lehen hil neska gazteen fantasmak taularatuko ditu, eta maitasun desira adieraziko. Maryse Delentek ez du baitezpada desira aipatzen, baizik eta atseginaren bilatzea, Egunkariari aitortu dionez. «Eta hori ez da bakarrik sexuala» azpimarratu du.

Ikusleek dute desira ikusten dantza horretan, Delenteren ustez. Ikusleek, alabaina, mugimenduak beren begiekin irakurtzen eta interpretatzen dituzte. Delenteri ez zaio filosofiari buruzko azalpenak ematea gustatzen, «bakoitzak gauza anitz ikus dezakeelako». Baina obrak zentzu bat izan behar duela uste du.

Gerlako emazteen mina

Abstrakzioaren eta xinpletasunaren bidez ere ideiak pasaraziko ditu bihar Delenteren obrak. Emazteek gerlaren ondorioz sufritzen dutena agerraraziko du ikusgarriaren lehen zatian. Gorputzeko eta bihotzeko zauriak landu ditu Delentek. Gizonek dute emazteen mina dantzatuko. Obra «emazteentzat pentsatua da eta gizonek dantzatua», zehaztu du koreografoak. «Jugoslaviako gerla garaian alargunez eta amez mintzatu nahi nuen», adierazi digu Maryse Delentek. Gerlara doazen gizonen amek eta emazteek sufritzen duten bezala, gizonek ere sufritzen dutela gehitu du. Horregatik pentsatzen du beren emazte eta amen sufrimendua adieraz dezaketela. Zazpi gizon dantzariek zaia beltz bana jantziko dute, eta larru has dantzatuko.

«Badu aspaldi gure buruen gainetik erabakitzen duten gerlek sutan ezartzen nautela. Amak ez gaituzte entzuten, baina hor gara», azaldu du Delentek. Txileko, Argentinako edo bertze lekuetako sufrimenduentzat ere berdin balio du lehen zatian aurkeztuko duen obra horrek.

El canto de despedida lanak izen eta musika espainola badu ere, ez dela balet espainola zehaztu du Delentek.

Annette Leday eta Errauskin

Annette Leday koregrafoak Cendrillon ailleurs (Errauskin beste nonbait) obra berezia eskainiko du bihar. Indiar dantza eta garaikidea batuko dira lan horretan. Lau indiar dantzari eta bi europarrek beren dohainak juntatuko dituzte, Errauskinen ipuinaren kontatzeko. Obra hori Atharratzen ere eskainiko dute larunbatean.

Dokumentuaren akzioak