Dokumentuaren akzioak
Martxel Rodriguezek jaso du Arte Talentua Sustatzeko Saria
Nafarroako Gobernuak Martxel Rodriguez dantzariari (Lesaka, Nafarroa, 1990) eman dio Arte Talentua Sustatzeko Saria. Iruñeko Baluarte auditoriumean egin dute ekitaldia, gaur; Maria Txibite presidenteak eman dio saria Rodriguezi, eta Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilariak ere parte hartu du. Maiatzaren 28an jakinarazi zuten hark jasoko zuela saria, eta, egun batzuk geroago, artista BERRIArekin mintzatu zen.
Rodriguezek ez du gogoan noiz egin zuen dantzan lehen aldiz, baina Lesakako Tantirumairu euskal dantza taldean egin zituen bere ibilbideko lehen urratsak, eta dantza garaikidean murgildu zen gero. Trebakuntza zabala jaso eta hainbat proiektutan aritu ondoren, Led Silhouette konpainian lan egiten du egun, Jon Lopezekin batera, eta Lesakan kokatu dute konpainia berriki.
Aitortza hari ematea erabaki zuen epaimahaiak nabarmendu zuen Rodriguezek Europan erreferente diren dantza konpainietan jaso duen prestakuntza, bai eta gaztetatik ezagutza hori Nafarroako sormen komunitateari aplikatzeko izan duten gaitasuna ere. Ildo beretik, dantzariak nazioartean egin duen ibilbidea azpimarratu du Txibitek. Halaber, dantzari eman dion balioa eskertu dio, eta Led Silhouette konpainiarako egoitza gisa Lesaka aukeratu izana txalotu egin du.
Rodriguezek saria jasotzerakoan erakutsi duen «apaltasuna eta eskuzabaltasuna» nabarmendu ditu Txibitek, «dantza nabarmendu nahian, ez bere talentua», eta, hain zuzen ere, dantzak «integraziorako ibilgailu» eta «edozein pertsonarentzako adierazteko tresna» gisa duen garrantzia ere aipatu du.
Nafarroako Gobernuak iaz sortu zuen Arte Talentua Sustatzeko saria, Nafarroako artearen eta kulturaren esparruan gazte ekintzaileen lana babesteko, bultzatzeko eta ikustarazteko helburuekin. Esnaola kontseilariak adierazi du saria «sendotzea eta sortzaile gazteentzako erreferente bihurtzea» espero duela.
Jasotako babes publikoa eskertu du
Rodriguezek, berriz, sarirako hautatuak zeuden beste 11 artistak izan ditu gogoan: «Gazteak gara guztiak, 1990eko hamarkadan jaiotakoak, eta munduko bi krisi bizi izan ditugu, baina gure grinei jarraitu diegu, errealitateari aurre egiteko». Hauek ziren gainerako hautagaiak: Alicia Urtasun, Massil Allatxe, Joseba Ceberio, Sergio Eslava, Sofia Esparza, Barbara R. Gragirena, Andrea Irurzun, Iruñeko Gazte Orkestra, Erik Rodriguez, Andres Sanz eta Taupadak.
Nafarroako dantza garaikidearen sektoreari dagokionez, «heterogeneoa eta anitza» dela esan du Rodriguezek, eta «ikasten, eboluzionatzen, hazten eta erakusten» ari dela, hartzaileekin «hartu-eman etengabean». Era berean, eskerrak eman dizkio Nafarroako Gobernuari dantza sustatzeagatik, DNAren gisako programa propioekin. Laguntza horiei esker, duela urte batzuk ez bezala, gaur egun Nafarroan dantza bizibide izatea posible dela uste du, egunkari honi egindako elkarrizketan adierazi zuen moduan.
Rodriguezek bere ingurukoekin partekatu nahi izan du saria, ez zutelako inoiz gelditu «gauza guztien gainetik dantza egiteari uzten ez zion haurra», eta bereziki Jon Lopez kidearekin.
Dokumentuaren akzioak