Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Martxel Rodriguez: "Ikastolarengatik izan ez balitz, akaso egun ez nintzateke dantzaria izango"

Dokumentuaren akzioak

Martxel Rodriguez: "Ikastolarengatik izan ez balitz, akaso egun ez nintzateke dantzaria izango"

Egilea
Miren Mindegia Petrirena
Komunikabidea
Euskalerria Irratia
Tokia
Lesaka
Mota
Albistea
Data
2025/01/30
Lotura
Euskalerria Irratia

"Dantzatzeari utzi ezin zion Lesakako mutiko ttiki harentzat", Tantirumairu zein Labiaga ikastolak "babesleku" izan zirela nabarmendu du dantzariak, Nafarroako Ikastolen Elkarteak eman dion sariaren karietara

Arteari eta zehazki dantzari “dedikazioz eta pasioz beterik egindako ekarpenagatik” eta euskararen zein euskal kulturaren alde egindako lanagatik, Martxel Rodriguez Etxabide (Lesaka, 1990) dantzariak Nafarroako Ikastolen Elkarteak ematen duen NIE 2024 saria jaso du. Ekitaldi xume bezain hunkigarria izan da non, Josu Reparaz Ikastolen Elkarteko lehendakariak argitu moduan, “irudiak eta dantzak protagonismo gehiago” izan duen “hitzak baino”. 

Lesakarrak hunkituta jaso du saria. Lesakako Tantirumairu zein Berako Labiaga ikastoletako ikasle ohia, biek ala biek bere ibilbide profesionalean izan duten eragina zuzena izan dela aitortu du: “Niretzat bi ikastolak babesgune bat izan dira, familia biologikoaren hedapen bat. Seguru aski, Tantirumairu eta Labiaga ikastola gabe, nik ez nuke dantzatuko. Izan ere, mutiko gazte batek dantzatzeari ez uzteko babes bat behar du adin zehatz batzuetan. Badakigu nerabezaroa eta haurtzaroa nolakoa den, eta badakigu heteropatriarkatuak nola eragiten digun disidenteagoak diren gaietan ibiltzen garen pertsonei. Ikastolak protagonismo handia izan zuen Lesakako mutiko txiki hark, dantzatzeari utzi ezin zionak, bere bidea segitu zezan gaur egun dagoen tokira ailegatu arte”.

NIE-ko arduradunek gaineratu gisan, Lesakako dantzaria “gizatasun eredu eta inspirazio-iturri delako” erabaki zuten saria ematea. Rodriguezek, hartara, altxorra ikastolak berak direla azpimarratu zuen: “Lesakan, ez dut ezagutzen inor ez duenik oroitzapen oso polit bat ikastolaren inguruan”. Euskarak bere bizitzan duen lekua aipatzerakoan, hizkuntzak eta herriak duen berebiziko garrantzia ere azpimarratu nahi izan zuen: “Euskalduna eta euskaltzalea naiz arrazoi aunitzengatik. Nire lan diziplina gorputzetik abiatzen denez, egia da hizkuntza ez dela, berez, ardatz. Baina Lesakan jarduten dugu, Lesakan bizi gara eta hortik lan egiten dugu”.

“Gorputza, oreka eta emozioa” izan ditu oinarri sari banaketa ekitaldiak, Reparazek berak nabarmendu bezala. Lesakako Ikastolako ikasleek hiru kontzeptu hauetako bakoitzean oinarritutako bideoak sortu dituzte. Bestalde, Lizarrako Ikastolako ikasle batek aurresku garaikide bat dantzatu ondoren, Paz de Zigandako abesbatza txikiak bi kantu eskaini diote sarituari eta, azkenik, Nafarroako Ikastolen Elkarteko arduradunek Dora Salazar artistak egindako eskultura eman diote, oroigarri moduan. 

Dokumentuaren akzioak