Dokumentuaren akzioak
Martxel Rodriguez Etxabide dantzariak jaso du 2024ko NIE Saria, «gizatasun eredu» delako
Martxel Rodriguez Etxabiderentzat izan da 2024ko Nafarroako Ikastolen Elkartearen Saria. 1990ean Lesakan sortua, bertako Tantirumairu Ikastolan Haur eta Lehen Hezkuntza ikasketak egin eta Labiaga Ikastolan amaitu zuen derrigorrezko heziketa. NIEk nabarmendu duenez, «ikastola mugimenduarekin duen lotura sendoa eta euskara eta euskal kulturarekiko baldintzarik gabeko maitasuna munduko bazter guztietara harrotasunez» eramaten ditu. Horregatik, eta «gizatasunean eredu, inspirazio iturri eta ingurukoentzat benetako artxorra» delako, aitortzarik handiena egin dio Elkarteak, «miresmenez eta esker onez».
Ostegun arratsalde honetan NIEren Iruñeko egoitzan egindako ekitaldian azaldu dutenez, hagitz ezaguna da Rodriguez, eta biziki maitatua bere jaioterrian. «Tantirumairu Ikastolak proposatu ohi dizkion ekimenetan laguntzeko prest izaten da beti. Dantzarekin, bere lurrarekin eta bere jendearekin duen konpromisoa parte hartzen duen jarduera bakoitzean islatzen da», erran dute.
Sari honek «arteari eta, bereziki, dantzaren munduari egindako ekarpen bikaina» aitortzea du helburu, bertan nabarmendu baita bere talentu, dedikazio eta pasioagatik. Baina euskararekiko, kulturarekiko eta sustraiekiko baldintzarik gabeko maitasuna ere saritu diote, «nazio mailan zein nazioartean gure nortasunaren enbaxadore» delako.
Erreferente garrantzitsua
«Mugimenduekin hitz egiten duen arima» gisa definitu dute Martxel Rodriguez. «Eszenatoki bat zapaltzearekin batera, bere gorputza hamaika sentsazio transmititzeko gai den hizkuntza unibertsal bihurtzen da. Bere istorioa ametsak koreografia bihurtu zituen artista batena da. Euskal Herriko dantza konpainietatik hasi eta nazioarteko konpainietaraino, aztarna ezabaezinak uzten ditu zapaltzen duen eszenatoki bakoitzean. Bere mugimenduek, sentiberatasun berezi batez beterik, koreografiak poesia bihurtzen dituzte», deskribatu dute.
Azpimarratu dutenez, erreferente garrantzitsua da haur eta gazteentzat. Berak, haurra zela, bere etxeko sukaldean ikasiko zuen erritmoa, koilara batek kaikuaren kontra jotzean sortutako zarata oinarri, edo herriko bestetan, txistua eta danbolina bere bihotzari mintzo zitzaizkionean, edo dantza tradizionalen bidez, ‘Zubigaineko’ dantza kasu.
Fisikan Graduatua, UPV/EHUn, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza masterra ere eskuratu zuen. Karrera ikasten zuen bitartean, dantza garaikideko klaseak hartzen zituen arratsaldeetan, argi baitzuen dantzari izateko ametsaren atzetik ibili nahi zuela.
Agertokiak konkistatuz
22 urterekin opera figurazio bat egin zuen Bilbon, eta bertan hasi zen dantza profesionalaren mundua ezagutzen. 2013an, Dantzaz Konpainiarekin hasi zuen bere bidea. 2014an, Danimarkako Black Box Dance Company konpainian sartu zen. Tel Aviven bere prestakuntzarekin jarraitu zuen eta bere lurraldera itzuli zenean, Oskara proiektuan sartu zen 2015ean, Kukai Dantzaren (Dantza Sari Nazionala 2017) eta La Veronal-eko Marcos Morauren (Dantza Sari Nazionala 2013) arteko lankidetzan, hain zuzen. Lan horrek arrakasta izan zuenez, 2017ko MAX sarietan finalista hautatu zuten, gizonezko dantza interprete onenaren atalean.
2019an, Valentziako Erkidegoko Premis de les Arts Esceniques delakoan nominatu zuten dantzari onena izateko, Taiat Dansaren Canvas of Bodies lanari esker.
Led Silhouette
Prestakuntza jasotzen jarraitu zuen eta Kataluniako Oberta Unibertsitatean Kultur Kudeaketako Masterra lortu zuen. 2016az geroztik, bere konpainia propioa zuzentzen du, egoitza Lesakan duena, Led Silhouette, Jon Lopezekin (Madril, 1993) batera. Bitartean, biek goi mailako dantzariak izaten jarraitzen dute, munduan zehar dauden hainbat konpainia eta proiekturekin elkarlanean.
Led Silhouetteren lana ez da soilik gorputzean oinarritzen, beronetatik harago ere iritsi nahi du. Bere lengoaia diziplina artistiko ezberdinetan adituak diren hainbat pertsonekiko elkarlanetatik elikatzen da eta atmosfera eraldatzaileak sortzea lortzen du, non dantza hainbat modutan azaltzen den, xehetasun guztiak zainduz, eszenografia, jantzia, musika eta abarretako eremuak zainduz, alegia.
Dokumentuaren akzioak