Arteari eta zehazki dantzari “dedikazioz eta pasioz beterik egindako ekarpenagatik” eta euskararen zein euskal kulturaren alde egindako lanagatik, Martxel Rodriguez Etxabide (Lesaka, 1990) dantzariak Nafarroako Ikastolen Elkarteak ematen duen NIE 2024 saria jaso zuen atzo. Ekitaldi xume bezain hunkigarria izan zen non, Josu Reparaz Ikastolen Elkarteko lehendakariak argitu moduan, “irudiak eta dantzak protagonismo gehiago” izan zuen “hitzak baino”.
Lesakarrak hunkituta jaso zuen saria. Lesakako Tantirumairu Ikastolako zein Berako Labiaga Ikastolako ikasle ohia, ikastolak bere ibilbide profesionalean izan duen eragina zuzena izan dela aitortu zuen: “Niretzat bi ikastolak babesgune bat izan dira, familia biologikoaren hedapen bat. Seguru aski, Tantirumairu eta Labiaga Ikastolak ez bazeuden, nik ez nuke dantzatuko. Izan ere, mutiko gazte batek dantzatzeari ez uzteko babes bat behar du adin zehatz batzuetan. Badakigu nerabezaroa eta haurtzaroa nolakoa den, eta badakigu heteropatriarkatuak nola eragiten digun disidenteagoak diren gaietan ibiltzen garen pertsonei. Ikastolak protagonismo handia izan zuen Lesakako mutiko txiki hark, dantzatzeari utzi ezin zionak, bere bidea segitu zezan gaur egun dagoen tokira ailegatu arte”.
NIE-ko arduradunek gaineratu gisan, Lesakako dantzaria “gizatasun eredu eta inspirazio-iturri” da. Rodriguezek, hartara, “altxorra” ikastolak berak direla azpimarratu zuen: “Lesakan, ez dut ezagutzen inor ikastolaren oroitzapen oso polit bat ez duenik”. Hizkuntzak eta herriak bere egunerokoan duen garrantzia ere azpimarratu zuen: “Euskalduna eta euskaltzalea naiz arrazoi anitzengatik. Nire lan diziplina gorputzetik abiatzen denez, egia da hizkuntza ez dela, berez, ardatz. Baina Lesakan jarduten dugu, Lesakan bizi gara eta hortik lan egiten dugu”.
“Gorputza, oreka eta emozioa” izan zituen oinarri sari banaketa ekitaldiak, Reparazek berak nabarmendu bezala. Lesakako Ikastolako ikasleek hiru kontzeptu hauetako bakoitzean oinarritutako bideoak sortu zituzten. Halaber, Lizarrako Ikastolako ikasle batek aurresku garaikide bat dantzatu ondoren, Paz de Zigandako abesbatza txikiak bi kantu eskaini zion sarituari. Azkenik, Nafarroako Ikastolen Elkarteko arduradunek Dora Salazar artistak egindako eskultura eman zioten.
Dantzaria baino gehiago
NIE-ko arduradunek sari banaketan nabarmendu zutenez, Rodriguez “ez da dantzaria bakarrik”. “Mugimenduekin hitz egiten duen arima da. Eszenatoki bat zapaltzearekin batera, bere gorputza hamaika sentsazio transmititzeko gai den hizkuntza unibertsal bihurtzen da.
Euskal Herriko dantza konpainietatik hasi eta nazioarteko konpainietaraino, dantzari lesakarrak “aztarna ezabaezinak” utzi duela ere gehitu zuten. “Erreferente garrantzitsua da ikastoletako gure ikasleentzat, inspirazio-iturri, artearen bidez beren bizitzak eraldatzea amesten dutenentzat. Tantirumairu Ikastolarekin elkarlanean aritzeko prest beti, bai dantzarekin zerikusia duten jardueretan, bai hezkuntzarekin, euskararekin eta euskal kulturarekin zerikusia dutenekin”.
Fisikan Graduatua, Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU), Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza masterra ere eskuratu zuen. “Karrera ikasten zuen bitartean, dantza garaikideko klaseak hartzen zituen arratsaldeetan”, gehitu zuten atzokoan, “argi zuen dantzari izateko ametsaren atzetik ibili nahi zuela, bere benetako pasioaren atzetik, alegia”.
Nazioarteko dantza konpainiatan ibili ondoren, oraina Jon Lopezekin sortu duen Led Silhouette konpainian finkatuta dauka, onarpen ugari jaso dituena bere ibilbidean.