Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Martxel Rodriguez dantzari lesakarrak NIE 2024 Saria irabazi du

Dokumentuaren akzioak

Martxel Rodriguez dantzari lesakarrak NIE 2024 Saria irabazi du

Egilea
Ttipi ttapa
Komunikabidea
Erran
Tokia
Lesaka
Mota
Albistea
Data
2025/01/31
Lotura
Erran
Martxel Rodriguez Etxabide NIE Sariarekin, Tantirumairu ikastolatik Iruñera joandako ordezkaritzarekin.

Nafarroako Ikastolen Elkartearen saria hartu zuen ortzegunean egindako ekitaldi hunkigarrian, familiaren, Tantirumairu ikastolaren eta hainbat agintariren babesarekin

Martxel Rodriguez Etxabide dantzari lesakarrak Nafarroako Ikastolen Elkartearen NIE Saria hartu zuen urtarrilaren 30ean. Saria Nafarroako Ikastolen Elkarteko Elena Zabaletak eta Josu Reparazek, lehendakariak eta zuzendariak, eman zioten. Ordezkaritza instituzionala izan zuen ekitaldian, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria den Unai Hualde, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailea den Javier Arakama; Garbiñe Bueno Iruñeko Udalaren alkateordea eta zinegotzia, eta parlamentuko ordezkariak izan baitziren. Martxel Rodriguezen familia eta lagunak, baita Nafarroako Ikastolen ordezkaritza ere hurbildu zen Nafarroako Ikastolen Elkartean egindako ekitaldira.

Ekitaldia artista eta arte ezberdinez jantzita egon zen. Batetik, Tobera instrumentu jotzaile bi joan ziren Lesakatik, Arritxu Muxika eta Iratxe Muxika, Martxeli ongietorria emateko. Tobera perkusiozko musika tresna bat da, zeina bi lagunen artean jotzen den. Luzera ezberdineko burdinazko hainbat hodik osatzen dute, eta metalezko lau hagaxkarekin kolpatzen dira, bina lagun bakoitzarentzat. Bertzetik, Paz de Ziganda Ikastolako haurren abesbatzak, Ainhoa Sarrigurenen gidaritzapean, bi kanta eskaini zituen.

Ainhoa Egizabal dantzariak ohorezko aurreskua dantzatu zuen, eta Martxelek hunkituta erran zuen beti berak dantzatzen ziela aurreskua bertze pertsona batzuei, eta hauxe zela berari zuzendutako aurresku bat dantzatzen zuten lehen aldia.

Tantirumairu Ikastolak eta bere ikasleek horretarako prestatutako hiru bideo ere ikusi ziren, Martxel definitzen zuten Gorputza&Mugimendua, Fisika&Oreka eta Emozioa&Hitza&Ideia kontzeptuak azpimarratuz. Nafarroako Ikastolen Elkartetik eskerrak eman zizkieten Tantirumairu Ikastolako kideei ekitaldia prestatzeko emandako laguntza guztiagatik.

Martxel Rodriguez NIE Sariarekin, ekitaldira hurbildu ziren hainbat agintarirekin.

 

Martxel Rodriguezen soslaia

Martxel Rodriguez Etxabidek, Lesakako semea eta Tantirumairu Ikastolako ikasle ohia, Berako Labiaga Ikastolan amaitu zuen derrigorrezko hezkuntza. Harrezkero, hagitz aurpegi ezaguna da eta hagitz maitatua bere sorterrian. Tantirumairu Ikastolak proposatu ohi dizkion ekimenetan laguntzeko prest beti. Dantzarekin, bere lurrarekin eta bere jendearekin duen konpromisoa parte hartzen duen jarduera bakoitzean islatzen da, ikastolan ikasitakoaren espiritua nora eta hara eramanez.

NIE Sariak arteari eta, bereziki, dantzaren munduari egindako ekarpen bikaina aitortzea du helburu, «non beronen talentu, dedikazio eta pasioagatik nabarmendu baiten». Halaber, «euskararekiko, kulturarekiko eta sustraiekiko baldintzarik gabeko maitasuna ere saritzen du, Martxelek munduko bazter guztietara harrotasunez eramaten duena, nazio mailan zein nazioartean gure nortasunaren enbaxadore izanik.

Etorkizun bikaina ziurtatzen duen bere ibilbide profesionaletik haratago, Martxel gizatasunaren eredu delako nabarmentzen da, inspirazio-iturri delako eta benetako altxor ingurukoentzat. Ikastola mugimenduarekin duen lotura sendoak eta euskara eta euskal kultura sustatzeko eta indartzeko egiten duen ahalegin etengabeak merezi dute gure aitortzarik handiena eta sentituena».

Horregatik guztiagatik, esker onez eta miresmenez, Nafarroako Ikastolen Elkarteak NIE 2024 Saria eman dio Martxel Rodriguez Etxabideri.

Martxel Rodriguez sariduna eta Elena Zabaleta, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria, besarkada estuan.

Martxel Rodriguezek emozio handiz jaso zuen saria, eta bere hitzetan, ondoan zuen familia biologikoari ez ezik, ikastolako bertze familiari ere eskerrak eman zizkion. Saridunaren arabera, ikastolako familia oso garrantzitsua izan zen dantzan hasteko erabakian, lehen urratsak Tantirumairu Dantza Taldean eman baitzituen. Bere hitzetan: «Haur txiki guztiek dantza egiten dute, baina denbora igarota, dantza egiteari uzten diote. Nik dantzan jarraitu nuen, ikastolatik ere izan nuen laguntzari esker».

Dokumentuaren akzioak