Dokumentuaren akzioak
Martin Zalakain
ZUZENDARIARI
Ezin, ordea, bihotza bazter utzi, eta entzun diezaiodan. Baionara joan aurretik irakurri dut Agus Perezen Urbeltz gailurrean testua, BERRIAn. Etxeko lanak eginda joan naiz beraz Iparraldera, eta aspaldiko kutxa bat zabalduta: orain zortzi bat urte dantzatu nintzen azkenekoz Urbeltzen gidaritzapean, eta ordutik herrietako erromerietan ase izan dut nire zaletasuna.
Igo da teloia, eta hasi da Lipus hizketan. Hark Urbia herria aipatu, eta niri beste Urbia etorri zait gogora, gaztetan igandero egiten genituen mendi irteeren eskutik. Agertu dira dantzariak taulara eta uztartu zaizkit Urbiako eta erromerietako ni-ak. Pozik nago ikusten aspaldiko dantzakideek onena nola ematen duten. Burua ile-urdindu zaie batzuei, gorpuzkera aldatu bestetzuei. Baina haien oinek garai bateko arintasunari eusten diote, eta haien aurpegietan betiko keinuak ikusi ditut: batzuen urduritasuna, besteen tentsioa eta gehienen gozamena. Eserlekutik begira, dantzan hasi zaizkit oinak behin eta berriz. Une batez, Habanera egokitu denean, barnean sentitzeraino Kattalin. Eta malkoz bete zaizkit begiak Martin tiroz hil dutenean. Dantzak eta musikak erabat murgildu naute abenturazalearen istorioan.
Agertu da Juan Antonio Urbeltz, ikus-entzuleak agurtu eta, ohi duenez, jauzi airos batekin ikuskizuna biribiltzera. Dotore daramatza urteak eta dotore dantzatu ditu urratsak. Jaitsi da teloia, agurtu ditut lagunak eta hartu dugu etxerako bidea. Joaneko zirimiria euri-jasa bihurtu da itzulerakoan. Pentsatu dut: zer den bizitza! Martin Zalakainek berak egin zidan niri Baionarako gonbita. Agus Perezek Urbeltz jarri zuen Arriagan gailurrean; Baionan, Josu Garate ikusi dut nik gailurrean, neurrira egindako jantziarekin.
Bere icena dedin honratu gaur, guero aurrena Euscal Errien Gloriya izateco.
Dokumentuaren akzioak