Dokumentuaren akzioak
'Marixe'-ren dantza eta txotxongiloak
Haurren Egunean, Kresalaren, Golokaren eta hiru pailazo talderen ikuskizunak izango dira
2002ko maiatzean aurkeztu zuten Kresalako 35 dantzariek Marixe, Donostiako Gazteszena aretoan, eta orduz geroztik, Gipuzkoako eta Bizkaiko hamar bat antzokitan erakutsi dute. Kursaalean gaur eskainiko duten Marixe, dena den, ez da izango lehen aurkeztu duten hura bera, izan ere, aretoaren neurrietara moldatutako bertsioa da.
Fausti Aranzabal ikuskizunaren zuzendariak adierazi duenez, «Marixe, panpinen baleta euskal dantza eta txotxongiloen antzerkia uztartzen dituen koreografia-ikuskizuna da, eta etengabeko bilakaeran dagoen euskal dantzan nabaria den hutsune estetikoari erantzuna emateko sortu zen».
Marixe alegiazko lurretan, Arratzen, gertatzen den ipuin bat da. Horretan, hiru txotxongilo dira protagonista: Markox eta Kattalin lurreko pertsonaiak, eta horien babesle den jainkotasun Marixe. Horiekin batera ipuinean ageri diren figuranteen, pertsonaien eta animalien koloreek eta mugimenduek osatzen dute psikodrama.
Ilargi beteko gau batean hasten da korapiloa, obran ezinbestekoa den osagai bat galtzean, eta osagai hura aurkitzen saiatuko dira pertsonaia nagusiak. Bukaerak, Aranzadiren hitzetan, «ikusleen emozioetan eragitea bilatzen du».
Aitzol Iriondo Marixe-ko gidoilari eta Kresalako dantzariak jakinarazi duenez, «ikuskizun ez sexista, ez elitista eta didaktiko bat sortu nahi izan genuen, eta nahiz eta aurkeztuko dugun programa Lehen Hezkuntzako haurrengana heltzea nahiko genukeen, familia osoarentzat dago egina».
Kresala Euskal Dantza taldearen bi emanaldiez gain, pailazoak eta kale antzerkia ekarriko ditu Musika Hamabostadiak Haurren Egunean.
Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoek udaletxeko terrazan Non dago trukoa aurkeztuko dute euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Kiki, Koko eta Mokok Anai alai-rekin dantza eta musika eramango dute Zurriolako pasealekura. Eta Potxin eta Patxin pailazoek, Aita Vinuesa plazan, eskujokoak, dantza, musika eta mimika bateratuko dituzte. Goloka taldeak Sorginak izenburuko kale-ikuskizuna eskainiko du Zurriola etorbidean, beraiek egindako txotxongiloekin.
Dokumentuaren akzioak