Dokumentuaren akzioak
Maritzulik ikusgarria osatu du landutako dantza guztiekin
Berpizteko saioa | Bi urtez emanaldirik eman gabe egon ostean, konpainiak 1996az geroztik landu dituen dantzak eskainiko ditu «Côté cour côté jardin» izeneko ikuskizunean, ondoko urriaren 24an, Luhusoko aretoan
2000. urtean Ingura Mingura eta 2001ean La Pamperuque sorkuntzak azaldu ondoren, bi urteko etenaldia izan du Maritzuli konpainiak, baina ez dute jarduera utzi nahi, Claude Iruretagoiena koreografoak argitu zuenez. «Lanean jarraitu dugu, baina ez dugu sorkuntzarik egin, erakunde publikoen diru laguntzak eskasak zirelako taldearen garapena ziurtatzeko», erantsi zuen.
Izan ere, 2005ean sorkuntzak lantzea erabaki du konpainiak eta, bitartean, ikusgarri berezia plazaratzea erabaki du: aurreko urteetan landu dituen dantzak biltzen dituen Côté cour côté jardin ikusgarria, alegia. «Ez da sorkuntza bat azaldu zuen koreografoak. Ikuskizun horren bidez, galdera nagusi bat jarri nahi dugu mahai gainean: Zein da euskal dantzaren bilakaera Euskal Herrian?», galdetu zuen Iruretagoienak.
Luhusoko aretoko oholtzan, berrogei bat dantzari elkartuko ditu urriaren 24an eskainiko duten ikuskizun horrek. Ikusgarriaren izenburuak adierazten duen gisara, bi zatitanbanatuko da: Côté cour eta Côté jardin izeneko ataletan. «Frantses izenburua eman diogu nahitara. Dantzan, nazioartean erabiltzen den hiztegi bat dago, eta bi esaera horiek oholtzaren bi gune izendatzen dituzte», azaldu zuen arduradunak.
Euskal dantzaren historia
Bestalde, ikusgarriari izen hori emanez, euskal dantzak oholtzetan agertzeko eskubidea duela aldarrikatu nahi izan dute Maritzuli taldeko dantzariek. Alde horretatik, Côté cour côté jardin ikusgarriak euskal dantzaren oinarrietara itzultzeko aukera emanen du.
Lehen zatian, Lekeitioko andereen XV. eta XVI. mendeko Kaixarranka sokadantzaren, eta XVII. mendeko La Pamperuque delakoaren zatiak eskainiko dituzte. Dantzak birmoldatu egin dituzte, eta erritmo apalean eta apaindura bereziz eginen dute ikuskizuna. Koreografoak argitu zuenez, lehen zati horretan euskal dantzaren historia azaltzen da.
XVII. mendean, Frantziako Louis XIV.a erregeak Errege Akademia sortu zuen, eta garaiko frantses erreinuan lantzen ziren dantza urrats guztiak biltzea agindu zuen. Iruretagoienak azaldu zuenez, «euskal dantzari asko bildu zituzten, orotara, hogeita bost baitziren. Euskaldunek, bereziki, jauziak ekarri zituzten akademiara eta, gaur egun ere, dantza klasikoan, parte hartze horren aztarnak gelditzen dira», ziurtatu zuen. Nazioarteko dantzaren hiztegian aurki daitezkeen pas de basque eta saut de basque esamoldeak ekarri zituen gogora koreografoak.
Ikuskizunaren bigarren zatian, Nafarroa Behereko eta Zuberoako errepertorioa bildu dute. «Napoleonen garaian, dantzari adituak bildu zituzten, militar gazteei dantzatzen irakasteko jarraitu zuen Maritzuliko koreografoak. Erregimentuen dantzak ziren, bereziki, baina garai hori ere oso aberatsa izan zen, bazter guztietako dantzariak elkartu baitzituzten. Euskal dantzariek hainbat eskualdetako dantza urrats hoberenak hartu, eta euskal dantzaren arabera egokitu zituzten», erantsi zuen. Braletik kontrapasa, Braletik jauziak, gavota eta godalet dantza, alde batetik; Eaurtako neska dantza eta mazurka, bestetik; eta dantza luzea eta kontra dantza, azkenik. Horiexek ikusi ahalko dira bigarren zati horretan.
Maritzuli konpainiak hilero emanaldi bat egiteko asmoa du. «Dantzariak epe luzeko lan batean sartu nahi ditugu, emanaldi ugari eginez», azaldu zuen Iruretagoienak. Côté cour côté jardin lanean, 25 eta 50 urte arteko dantzariak izango dira oholtza gainean, amateurrak guztiak. Dantza taldea 1996an sortu zen, hasieran, haurrez osatua, bereziki, eta Istorio Mistorio izena eman zioten. Denbora igaro ahala, haur horiek handitu, eta Maritzuli konpainia sortu zen, egun arte.
«Taldea asko ahuldu da. Beraz, erraten ahal da errautsetatik berpiztu dela»
Claude IRURETAGOIENA | Maritzuli dantza taldeko zuzendaria
Claude Iruretagoiena koreografoak urteak darama Maritzuli konpainiarentzako ezagutza lortu nahian. Bi urteko etenaldiaren ondoren, dantzarien nahiei erantzunez, berriz ere taldea piztea erabaki du.
Bi urteko etenaldia izan duzue, diru laguntzak ez zenituztelako ziurtatuak. Zein arazo izan dituzue?
96an Istorio Mistorio ikusgarria egin genuelarik, aurrekontu handiko obra izan zen. Eta diru laguntza gutxi izan genuen. Ikuskizuna zabalduz dirua irabaziko genuela uste genuen, baina ez zen hala izan, garai horretan haurren ikusgarriek oso arrakasta eskasa baitzuten. Horrek asko ahuldu gaitu. Ondotik egin ditugun ikuskizun guztiak direla-eta, mota bereko arazoak izan ditugu. Esatrako, Ingura Mingura egiteko, Biarritzen euskal dantza eskolak antolatzen hasi ginen. Baina guztia bertan behera uztera behartuak izan gara, ez baikenuen dirurik. Hori gertatu da Pirinio Atlantikoetako departamenduan kultur politikarik ez dagoelako. Taldea asko ahuldu da, eta erran dezakegu Maritzuli errautsetik iratzarri dela.
Erran dezakegu Maritzuli berri bat sortzen ari dela?
Bai, baina Maritzuliri lotua jarraitzen jakin duen talde beraren inguruan. Urriaren 24an azalduko dugun ikusgarriak aurretik egin ditugun obrak gogoratuko ditu. Dantza talde gisa aurrera egin ahal izateko, horren beharra genuen. Aitzitik, 2005eko urrian eskaintzekotan garen sorkuntzak berrikuntza asko azalduko ditu. Ezin dut oraingoz sobera aipatu nahi. Baina maitasun ezinezkoak eta gizarte arazoak azalduko dituela erran dezaket. Kantiniersaren eta Pitxuren arteko topaketa izango da...
Gerora begira, zein asmo dituzue?
Artistikoki, bide berriak ireki nahi genituzke, dantza tradizionalari ate berriak zabalduz. Baina arazoa, bereziki, ekonomikoa izango da. Horregatik, urriaren 23an lantegiak gonbidatu ditugu ikuskizunaren ikustera. Bestalde, konpainiaren egoitza Biarritzen kokatu nahi genuke, eta Euskal Herriko kultur dinamikan parte hartu nahi genuke. -
A.B.
Dokumentuaren akzioak