Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maritzuli dantza taldearen bost urteko lanak ikusgarri bakar batean bildu dituzte

Dokumentuaren akzioak

Maritzuli dantza taldearen bost urteko lanak ikusgarri bakar batean bildu dituzte

Claude Iruretagoienak sortu du «Dantzama» ikusgarria, XVI. eta XVII. mendeetako dantzak berreskuratuz

Egilea
A.B.
Komunikabidea
Gara
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
2002/04/30

URRUÑA Dantza izanen da aurtengo Urruñako Kultur Astearen gai nagusia. Gaur hasi eta maiatzaren 5a arte iraganen da. Ekimen honen hitzordu nagusia biharko finkatu dute: Claude Iruretagoienak eta Maritzuli bere dantza taldeak "Dantzama" izeneko ikusgarria eskainiko dute.



Ikusgarri hau Iruretagoienaren azken lana da. Joan den irailean Biarrizko Maitaldia dantza jaialdiaren karietan plazaratu zuen La Pamperruque dantzaren jarraipena da. Hain zuzen ere, XVI. eta XVII. mendeetako dantza zaharrak berrikusten ditu.



Claude Iruretagoienak GARAri adierazi zionaren arabera, «Dantzama azken bost urte hauetan Maritzuli taldearekin egin ditudan sorkuntza-lanen laburpena da. Orain arte egin ditugun kreazio guztiak biltzen dituen ikusgarri bat egin nahi izan dugu».



XVI. eta XVII. mendeetako dantza giroa berreraikitzea du helburu "Dantzama" ikusgarri berri honek. La Pamperruquez gain, Ingura Mingura ikusgarrian harturiko Lekeitioko emakumeen soka-dantza, Nafarroa Behereko soka-dantza eta Istorio Mistorio ikuskizuneko beste bi dantza biltzen ditu.



Dantzariek XVI. eta XVII. mendeko jantziak eramango dituzte soinean, ikuskizuna laguntzeko XVIII. mendeko doinuak eta Naia Robles eta Moena Delacre kantarien parte-hartzea izanen dira. «Bi hauek ere garai hartako kantuak azalduko dituzte. Kantuaren bidez lanari kolore berria eman nahi izan diogu. Horretaz gain, kontuan hartuta jantziak oso pisuak direla, kantaldi labur hauek jantziz aldatzeko denbora ematen diete dantzariei», erran du koreografoak.



"Dantzama" ikusgarriak Maritzuli taldeak azken bost urteetan egindako lana biltzen du eta ikuskizun hau proiektu zabalago batean sartzen dela nabarmendu du Claude Iruretagoiena koreografoak.



Beraz, "Dantzama" proiektu osoaren aurreneko zatia baizik ez da. Christine Grimaldirekin batera, Thoinot Arbeauren inguruan lan bat bideratzea da beren helburua. Arbeauk XVI. mendean frantziar Estatuko dantza zaharrenei buruz idatzitakoak plazaratu zituen.



«Idatzi hauetan dantza anitz aipatzen ditu, eta bereziki ezpatari buruzkoak. Bere lanak aztertzerakoan, Euskal Herrian egiten diren dantzekin zerikusi handia zeukatela ohartu gara. Hortaz, proiektuaren bigarren zati honetan, Christine Grimaldirekin Thoinot Arbeau eta Euskal Herriko ezpata-dantzen inguruan lan egitea erabaki dugu», nabarmendu du Iruretagoienak. Garai bateko dantzei buruz hasiko duten ikerketa honek zer bururatze ukanen duen oraindik zehatz-mehatz ez zekiela aitortu bazuen ere, elkarlanean eginen duten lan hau irailetik goiti abiatuko dutela eman du jakitera Claude Iruretagoienak.



Proiektu honen aurreneko zatia, horrenbestez, bihar eskainiko dute Iruretagoiena eta bere taldekideek, arratseko zortziak eta erdietan Urruñako Iturbidea gelan. Honen ondotik, Bilbon eskaintzekoak dira.



Dantza izanen da Urruñako Kultur Astearen ardatz



Hazia elkarteak antolatu ohi duen Urruñako Kultur Astearen XII. edizioa gaur hasiko da. Euskal Kultur Erakundearen eta Udalaren laguntzarekin antolatu dute eta ekitaldi ugari eskainiko dituzte maiatzaren 5a arte. Kultur Aste hau gai nagusi baten inguruan antolatzen da urtero, eta aurten dantza hartu dute ardatz.



Horrenbestez, Claude Iruretagoiena koreografoak eskainiko duen ikusgarriaz gain, beste hainbat emanaldi ere zabalduko dituzte Kultur Astean barrena, denak dantzaren ingurukoak. Hauen artean, Euskal Herriko dantza jantzi tradizionalei buruz antolatu duten erakusketa nabarmendu zuten antolatzaileek.



Erakusketa honekin batera, Airoski dantza taldearen argazki bilduma bat ere izanen da ikusgai.



Horretaz gain, Airoski taldearen barnean hogeita hamazazpi urtez buru-belarri dantza bultzatzen jardun duen Ramuntxo Mujikari omenalditxoa eginen diote.



Egitaraua



Kultura eta dantzari lotuak diren ekimen hauen artean, urtero antolatzen duten Haurren Eguna izanen da ostegunean.



Ostiralean, berriz, Mikel Markezek kontzertua emanen du, arratseko zortzietan Xaia ostatuan.



Azken egunean, urteroko herri besta izanen da goizeko hamarrak eta erdietatik iluntzera arte. Besteak beste, honako emanaldi hauek iraganen dira egun osoan: karrika animazioak, mutxikoak, herri bazkaria, bertsolari eta trikitilariak, eta, gauean, kontzertuak. Berrikuste tekniko, artistiko eta historikoa



Claude Iruretagoienak eta Christine Grimaldik bultzatu nahi duten proiektuak hiru ardatz ditu: historia, teknika eta artistikotasuna berrikustea. Lehenik, Thoinot Arbeauk idatzi dantzak berreraikiko dituzte. Ondotik, Iñaki Arregik eta Juan Urbeltzek Gipuzkoako ezpata-dantzak ikertuko dituzte, Juan Inazio Iztuetaren idatzietan oinarrituta. Bizkaiko errepertorioa ere ikertuko dute. Lan hauek lagungarriak izango dira sorkuntzarako.

Dokumentuaren akzioak