Dokumentuaren akzioak
Maritxu Negelua: “Pastoralak sortzen duen dinamika da zinez maite dudana”
Urdiñarbeko herritarrek Maritxu Negeluak (Urdiñarbe, 1991) idatzi Sibastarrak pastorala plazaratuko dute heldu den udan. Negelua bere xokoan idazten hasi zen, Jauregiberri familiako Maddalen eta Jean anai-arreben biziak motibaturik, eta azkenean herriko elkarteak haren testua nahi du tauladara eraman; azaro hondarrean aurkeztu zuen bere testua herritarren aitzinean. Joana Etxart eta Jean-Louis Davant idazleen laguntza ukan du bidean, eta pastoraleko errejenta ere, Battitta Berrogain, pastoral idazlea da.
Nola deliberatzen du pastoral idazle ez den batek pastoral bat idaztea?
Ez dakit sobera… Lehenik haien [Maddalen eta Jean Jauregiberriren] istorioa irakurri nuen, eta uste dut horrek zidala emeia eman izkiriatzeko. Ari nintzen merezi zuela pastoral bat, ez nekien oraino jadanik bat izan zela; gero ikusi nuen 2000. urtean izan zela Pier Pol Berzaitzena. Berzaitz deitu nuen, jakiteko kakinarazten zuenez beste bat izan zedin edo ez. Hastapenean ez nekien pastoral hori kabinete xoko batean egonen zenez ala… Galanta izan zen; erran zidan jende horiek merezi zutela beren istorioa kontatua izan zedin, eta ber istorioa bi jendek izkiriaturik ez zatekeela gauza bera.
Pastoral bat idazteko dokumentazio fase luze bat bada?
Bai, anitz irakurri nuen Baionako Unibertsitateko liburutegian. Pastoralak ere irakurri nituen, etxean ziren pastoraletako liburuxkak oro irakurri nituen. Gero hautatu behar da zer nahi duzun kontatu, zer ez…
Zergatik pastoralaren forma eta ez beste bat?
Galdera ona. Ez dakit!
Istorio horretako zerk piztu zizun idazteko gogoa?
Ene ustez, hasteko, emazte batek denbora hartan hainbeste gauza egiteak amiñi bat harriarazi nau, halere. Irakurri dudan lehen liburua, Mauleko liburutegian hartu nuena, Figures de femmes (Emazte figurak) deitzen zen, bestela ez baitira anitz agertzen emazte horien istorioak. Aski harriturik nintzen, jende horiek bi mundu gerra eta gerra zibila bizitu baitzituzten; hori jadanik harrigarria zait, bizi bakar batean hainbeste gerra bizitzea. Halere, motibaturik ziren euskararen alde, errefuxiatuei laguntza emateko, Maddalenek [De Jauregiberri] emazte abertzaleen lehen taldea sortu zuen… Maite nuen anai-arreba horien arteko harremana ere, eta nola elkar lagundu zuten. Pastorala izkiriatzeko maneran ere lagungarri zen, entseatu bainaiz kasu egiten izateko emazte bezainbeste gizon kargu, bertsetak izan daitezen emazteendako gizonendako bezainbeste, lehen hitza ere berdintsu ukan dezaten… Anai-arreben arteko harremanak hori ahalbidetzen zuen.
Diozu idatzi zenuela jakin gabe zer bilakatuko zen. Azkenean, jakin da, aurten emanen baita.
Hasi nintzen jakin gabe kapable nintzenez finitzeko; ez nekien bi bertset izkiriatzeko gai nintzenez ere… Emeki-emeki plazer hartu dut, nehorri deus erran gabe, aizina nuelarik aitzinatzen nuen. Behin gaualdi bat bagenuen, eta Urdiñarbeko pastorala hurbiltzen zen aipatu nuen beste urdiñarbetar batzuekin. Irakurrarazi nien.
Halako lana lehen aldiz norbere herrian erakustea ez dea zaila?
Egia da gaitz dela irakurraraztea; oroit naiz lehen aldian pikarrai sentitzen nintzela, ez baita bi zentzutan joaten den zerbait. Mustrakan, adibidez, kantatu behar da besteen aitzinean, baina denek kantatu behar dute; hor, berriz, zentzu batera da bakarrik, eta hori gaitz atzematen nuen. Gaitzena, orokorki, gero den oro asumitzea zen. Joana Etxartek lagundu ninduen; beraz, emeki-emeki konfiantza eman zidan. Gero, Jean-Louis Davantek zuzendu zizkidan hutsak, eta hura ere galanta izan zen. Emeki eraikitzen den zerbait da, baina egia da hastapenean ez dela aise. Gainera, ez dakit erraten zuzen zerendako egin dudan.
Joana Etxarten laguntzaren beharra sentitu duzula erran duzu.
Bai, eta anitz lagundu nau! Hastapenean ez nintzen joaten konfiantza ukaiteko edo egin nuena baieztatzeko, baina azkenean horrek anitz lagundu nau. Izugarri fina da, beti jakin izan du laguntzen forman, funtsa hunki gabe, baina azkenean funtsa ere moldatzen da formarekin batean.
Testua herritarren aitzinean aurkeztu zenuen. Nola joan zen?
Prefosta, amiñi bat estresatua nintzen, baina jendeek ontsa behatu eta ontsa hartu zen. Goxo zen. Haboroenek ez dute istorioa irakurriko; beraz, ontsa zen jakin zezaten zertaz ari zen, halere.
Zure testua taularatuko duen errejentari, Battitta Berrogaini, lekukoa pasatu diozu?
Elkarretaratu gara behin baino haborotan, eta usu harremanetan gara. Baduelarik ideia bat deitzen nau, testua kanbiatzen dut…; hori erregularki egiten dugu. Eta ontsa da, zeren eta Battitta idazlea ere bada, eta badaki zer posible den, zer ez; izugarri goxo da harekin aritzea. Badu esperientzia, nik baino aise haboro, lagungarri da. Izugarriko esperientzia da, eta izugarri kontent naiz.
Pastoralak emateko urteetako zerrenda bada; herriek erreserbatzen dute emanaldiko urtea.
Alde batetik, baikorki ikusten dut, erran nahi baitu nahia badela segiarazteko, eta jendeak motibatuak direla ere bai, alimaleko lana baita. Nonbait engaiatzen ere zaitu, hamar urte pasatu badituzu listan, zure aldia delarik behar baituzu finitu. Harrigarri da, halere, eta espontaneotasun zerbait kentzen du, baina konstatatzea besterik ezin dugu egin.
Aurtengo pastorala zuk idatzia da, eta arizaleetan izanen zara.
Pastoralaren ikusgarria bera baino haboro, sortzen duen dinamika da, zinez maite dudana. Egin genuen maskarada 2019an, eta arra horren atzemateko emeia ematen du. Alimaleko lana da, baina eder da nolako harremanak sortzen diren. Ez da beste nehon ere holako okasiorik: zerbaitek elkarretaratzen dituena asteburu oroz ehun pertsona neskenegun oroz urtarriletik uztailerat… Bortxaz gauza harrigarriak sortzen ditu.
Dokumentuaren akzioak