Dokumentuaren akzioak
Mariren Jaitsierako lehenengo entsegua egingo dute gaur
Mariren Jaitsierako lehenengo entsegua egingo dute gaur, Antzizar kiroldegian, 19:00etan hasita. Ekitaldiaren antolakuntzan lanean diharduten eragileek gogoratu dute, Beasaingo Loinatz jaiei hasiera ematen dien ekitaldian plazan dantza egin nahi dutenek, entseguetan parte hartu beharko dutela, entseguetan banatuko baitira bertan parte hartzeko zapi bereizgarriak. 340 zapi banatuko dituzte. 40 oholtza gainean dantza egingo dutenentzat izango dira (2007an jaiotakoak), eta 300, haren inguruan dantza egingo dutenentzat. Zapirik ez duenak, ezingo du plazako eremuan dantza egitera sartu.
Dena den, Mariren jaitsieran hamarnaka herritarrek parte hartu nahi izaten duela jakitun, eta denei aukera emateko asmoz, bigarren eremu bat ere egokitu du antolakuntzak, egun horretarako. Kale Nagusian kokatuko dira azken horiek, kopuru mugarik gabe. Beraz, Murumendiko Mariri ongi etorria emateko dantzatzeko tokia ere izango dute entseguetan parte hartzen ez dutenek.
Hiru eremuetan dantza egingo duten herritar taldeak, Mariren Jaitsieraren egunean, zutabe desberdinetan abiatuko dira, herriko txoko desberdinetatik, plazara eta Kale Nagusira: oholtzan dantza egingo dutenak, elizatik abiatuko dira; Plazan, lurrean dantza egingo dutenak, Erauskin eta Bideluze plazetatik; Kale Nagusiko eremuan dantza egin nahi dutenak ere, Erauskin eta Bideluzetik abiatuko dira.
34. urtea
Mariren jaitsiera moderno hau, 80ko hamarkada amaieran pentsatu zuten Iñigo Egurenek eta Pello Urretabizkaiak, eta Arrano elkartearen babesean eraman zuten aurrera, udalaren onespenaz eta hainbat elkarteren eta herritarren laguntzaz, eta urteen poderioz, Murumendiko Mariren kondaira oinarri duen ekitaldi hau, Beasaingo jaiei hasiera ematen dien ekitaldi nagusia bihurtu da. Mari sorgina Murumenditik jaisten deneko unea irudikatzen du. 34. ekitaldia izango da aurtengoa.
Esan bezala, herriko eragile desberdinen elkarlana sustatu zuen ekitaldi hau aurrera eramateak, hasiera-hasieratik. Aurreneko urtean 30 bat dantzarik parte hartu zuten, Oriako sorgin-dantzaren moldaketa bat dantzatuz suaren inguruan. Loinatz abesbatzak ere parte hartzen du ekitaldian, Xabier Sarasolak konposatutako Muruko Mari pieza abestuz.
Ekitaldiaren bukaeran, Marik urteroko pregoia bota ohi du, eta haren irudia, sutan erretzen dute. Gauez, suaren eta kondaira zaharren magiak lagunduta, eta dantza eta kantuen saioak uztartuko ditu ekitaldiak, maiatzaren 10ean, beste behin ere.
Jaien ikurra mantentzea
Ekitaldi xume bat bezala hasi zena, haziz joan da, urtez urte, eta gaur-gaurkoz, Beasaingo Loinatz jaiak ezin dira ulertu Mariren jaitsierarik gabe. Herritik sortua, tradizio bihurtu da: beasaindarrentzat ekitaldi kuttunenetakoa da, zalantzarik gabe.
Urtez urte, geroz eta jende gehiago erakartzeak, ehunka herritar eta bisitari biltzen baititu haren inguruan, nolabaiteko kezka ere sortu du antolatzaileen artean. Arrakastak akabatuko duen beldur dira, arrakastak urteetako lana desitxuratuko ote duen beldur.
Horregatik hartu dituzte aurtengo neurri berriak. Antolakuntzaren nahia da, «ekitaldi kuttun hau zaintzea».
Dokumentuaren akzioak