Dokumentuaren akzioak
Marie Hale Ballet Floridako zuzendari artistikoa
"Thierry Malandain koreografo bikaina da; estilo berezia eta higitzeko modu berria atzeman du"
Noiz hasi zinen dantzan?
Goizegi hasi nintzen, bi urtetan alegia. Prestakuntza gaitza ukan nuen txikitan, oinen punttan dantzarazten nindutelako, ibiltzen hasi nintzen bezain laster. Gero, zenbait urtez dantza jarraiki nuen baina ez iraunkorki, eta berriz lotu nintzaion serioski 18 urterekin. Izan ere, Chicagoko dantza eskolan sartu nintzen, eta Londresko Royal Balleteko bi pertsona ezagutu nituen zeinek anitz lagundu ninduten goi mailara igaitera. Gero, dantza irakasten hasi nintzen; lehenik, haurrei eta, geroago, gazteei, eta hori izugarri interesatzen zait, lanaren fruituak ikusten ditudalako, eta nire ikasleetarik asko oso dantzari on eta ospetsu bilakatu direlako. Gaur egun, badu 48 urte irakasten dudala eta hori zinez gustukoa dut.
Zein izan da ballet Floridaren ibilbidea ?
Duela 26 urte, Ballet Florida muntatu nuelarik, 12 dantzarik baizik ez zuten osatzen, eta guti bidaiatzen genuen gure lanaren erakusteko. Emeki-emeki, gero eta jende gehiagok gure lana diruztatu dute eta Balleta handitzera joan da. Koreografo bikainenak gurekin lan egiten hasi dira eta taldeko dantzarien kopurua 23ra iritsi da. Gaur egun, Amerikako Estatu Batuetan eta Europa guzian ibilki gara.
Zer ikusgarri mota eskaini ohi duzue ?
Gauza franko desberdinak erakusten ditugu. Oso garrantzitsua da estilo desberdinak ukaitea tropan eta gai izatea programa klasikoak zein kontenporaneoak egiteko.
Gau honetan eskainiko duzuen Harrizko Lorea ikusgarriak Thierry Malandainen koreografia du. Nola trenkatu zenuen Malandainekin lan egitea?
Thierry Malandain zinezko koreografoa da eta oso lan interesgarria egiten duela argi dago. Bere estilo propioa sortu du eta bere higitzeko modu propioa atzeman. Oso koreografo guttik lortu du hori egitea, eta horrek du Malandainen berezitasuna egiten.
Elkarren ezagutza egin genuen duela bi urte Miarritzeko Maitaldian, lehen aldikotz Ballet Floridarekin etorri ginelarik. Luzaz mintzatu ginen, eta elkarrekin zerbaiten egitea erabaki genuen. Ikusgarria aski errazki martxan ezarri genuen eta ni biziki laketu naiz prestaketa denboran.
Nola kalifika zenezake Harrizko Lorea ikusgarria?
Aski zaila da obra horren kalifikatzea. Ikusgarriak lau atal ditu eta erran nezake denak desberdinak direla dantza aldetik. Bigarrena klasikoa da, baina Malandainen estiloa nabari da horretan ere. Hirugarren eta laugarren atalak, aldiz, kontenporanoak dira. Halere, segur dena da koreografia hori bikaina dela!
Iduritzen zaizuia dantza aldatu dela azken urte hauetan?
Bai, guziz aldatu da. Azken bost urteetan maila anitz igan da eta maila liluragarriko taldeak ikus daitezke etengabe hemen edo han. Horrek bere azalpena du: gero eta gaitasun gehiago galdegiten zaizkie dantzariei eta horren ondorioz haiek eginahalak egiten dituzte gero eta hobeago izateko. Ni dantzan hasi nintzenean, 50eko hamarkadan, maila askoz apalagoa zen.
Bestalde, gauza berriak ere agertzen dira koreografia mailan, eta horri esker dantzak beti segitzen du aitzina.
Dokumentuaren akzioak