Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mariaje Berrotaran: «Herri Olinpiadetako gazteak ere animatuko nituzke, mairuz jantzi eta gurekin ospatzera»

Dokumentuaren akzioak

Mariaje Berrotaran: «Herri Olinpiadetako gazteak ere animatuko nituzke, mairuz jantzi eta gurekin ospatzera»

Komunikabidea
Antxeta Irratia
Tokia
Hondarribia
Mota
Albistea
Data
2025/02/20
Lotura
Antxeta Irratia

1992an Emeki elkarteak berreskuratu zuen baserriz-baserri ibiltzeko usadio zaharra. Martxoaren 1ean Akartegi, Zimizarga eta Arkolla inguruetan puska biltzen ibiliko dira herriko mairuak, trapu zaharrekin eta lastozko kapela buruan jantzita, udaberria iratzarri eta izpiritu txarrak erratzaz uxatzeko. Herriak usadioa mantendu dezala nahi dutenez, herriko gazteei parte hartzeko deia luzatu diete.

Usadio zahar guztiekin bezala, inork ez daki zehatz-mehatz Hondarribiko mairuak noiz ospatzen hasi ziren. Baina garai batean, inauterietan «izpiritu txarrak erratzaz uxatu» eta baserriz-baserriko puska biltzean ospatzen zituztela gogoratzen du Mariaje Berrotaranek. Artzu baserrikoa da bera, eta kontatu digunez, txikitatik aitari entzuna zion aspaldiko kontua zela, eta berak ere bizitu izan zuen haur bat zenean. «Joaten ginen Salaberdi eskolara esaten zitzaion horretara, eta hango emakumeak (Maria) ospatzen zuen».

Hala ere, Celestina Miranda Bengoetxeak ere badu herriko bordarien ohitura mantentzeko errua. Izan ere, 1936ko estatu kolpearen ondotik, frankismo garaian ospatzeari utzi zitzaiola uste zen. Baina kaletarrentzako ezezaguna bazen ere, «herriko baserritar askok Celestina Mirandaren bisita jaso izan dute urte luzetan, baserri atarian erratza pasa eta radiokaset batean musika jarrita dantza egin ohi zuen», gogoratzen du Mariaje Berrotaranek. «Aurpegia kortxo errearekin beltzatu eta arropa zaharrak jantzita» ibiltzen baserrietan, eta gogoratzen duenez haiek zain egon ohi ziren urtero.

Baserriko emakumeak omenduz

Hala, Celestina Miranda Bengoetxeak mantendu zuen ohitura, Emeki elkarteko emakumeek berreskuratu zuten 1992 urtean. Orduz geroztik urtero ospatu dute, eta aurten ez dute huts egingo. Martxoaren 1ean baserriz baserri ibiliko dira, Akartegi, Zimizarga eta Arkolla inguruetan. Eta iragarri digunez, omenaldi bat ere egingo dute.

Duela hiru urte hasi ziren, mairuei harrera egin ohi dieten herriko emakume baserritarrei eskertza. Azken 30 urte luzeetan parte hartu izan duten emakumeak dira, baina adinduak daudenez, orain mairuak noiz etorriko diren zain egon ohi direnak baserrian urtero. Mariaje Berrotaranek dioenez, «90 urte inguru edo gehiago dituzten baserriko andreak dira, aurten hirugarren urtea izango da, eta urtero bat omentzen dugu, bere etxera hurbildu, elkarrizketa bat eta argazkia egin, bertso bat bota eta lore-sorta bat oparitzen diogu pergamino batekin».

Aurreneko urtean Kontxi Imaz omendu zuten, eta joan den urtean Celestina Miranda bera. «Iaz Celestinak kriston poza hartu zuen, bere alaba eta senideak ere etorri ziren, eta oso hunkigarria izan zen», azaldu digu Berrotaranek. Aurten Lujune baserriko Juncal Daguer omenduko dute. 

Baserriz baserrikoa

Mairuak ospatzen jarraitu nahi dute, eta herriak usadioa mantendu dezala. Horretarako, belaunaldi berriek lekukoa har dezaten deialdia luzatu zuten iaz, eta zenbait familia animatu ziren haien seme-alabekin. Eta ikusita Herri Olinpiadak bere parodia gaualdia inauteri denboran berreskuratu duela, Mariaje Berrotaranek aurreratu digu pentsatzen ari direla, kuadrilla gazte horiei ere deia luzatzea hurrengo urteetan. 

Momentuz, martxoaren 1ean 10:00etan eman dute hitzordua Jaizkibel kanpalekuaren atarian. Nahi duen orok parte har dezake, «trapu zaharrak jantzi, aurpegia zikindu, lastozko kapela eta gogoa besterik ez da behar» gogoratzen du Emeki elkarteko kideak. Kanpaleku parean hasi eta bertan amaitzen dute ibilbidea, bildutako puska guztiekin Jaizkibel kanpinean bazkaria ospatzen baitute. 

Baserriz-baserrikoari dagokionez, Montañenea baserrian hasi ohi dute ibilbidea, eta azaldu digunez, ondoren Txapelinea, Errandonea, Postigu, Mikelenea, Lujuneatik Higer itsasargi ingururaino joan ohi dira, eta itzuleran Leinenea, Nabarroenea eta Arroka Berrin atsedena hartzen dute aperitibo batekin. «Eskertuak gaude, gurasoek kantina zeukatenean hasi ziren zerbait ematen, eta semeak duen lanarekin mantentzen du ohitura oraindik, eta amona balkoira ere ateratzen da». Izan ere, Hondarribiko beste hainbat baserritar bezala, martxoaren 1ean ongi dakite askok, herriko mairuak berandu baino lehen dantzan, pozez eta algaraz etxe atarian agertuko zaizkiela. 

Dokumentuaren akzioak