Dokumentuaren akzioak
Maria Pagesek ‘Yo, Carmen’ dantza ikuskizuna eramango du Arriagako oholtzara
Ostiralean, maiatzaren 20an eta larunbatean, 21ean, egun bietan arratsaldeko 20:00etan, dantza zaleek ezinbesteko hitzordua dute Arriaga Antzokian. Bertako agertokiak Maria Pages handia hartuko du. Sevillako bailaora eta koreografo ospetsua bere konpainiarekin helduko da Yo, Carmen bere azken ikuskizuna eskaintzeko.
Eszenatoki gainean arituko diren bederatzi bailaoreren, bi kantaoreren, bi gitarra joleren, perkusio jole baten, biolontxelo jole baten eta biolin jole baten arteaz gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek; emozioaz eta intentsitateaz, zuzen zuzenean.
Maria Pagesen sorkuntza lan berria ez da pertsonaia ezagunaren berrikuspena, ez da hainbeste aldiz moldatu den Merimeeren Carmen lanaren bertsioa. Ez. Pagesen lana, gure aurrean "indarrez, garbi eta gogor altxatzen den emakume ahotsa da, emakumearen arimak aurrean daukan eta eraikitzen duen errealitatea adierazteko". Emakume guztien ahotsa izan nahi du, gizonen begiradak eraikitako ihesbiderik, tolesturarik, beldurrik eta konnotaziorik gabea.
Benetako "emakumearen esentzia isilarazteko mendeetan zehar sortu, eutsi eta barneratu diren estereotipoak deuseztatu nahi dituen ikuskizunaren abiapuntua Bizetek bere musika liluragarriarekin bildu zuen pertsonaia lizun" hura da. Emakume bat emakumeei buruz hitz egiten, emakumeak osatzen, eusten dituzten milaka ertz guztiak kontuan hartuta. Beraz, lan errebindikatibo batez ari gara berbetan.
Pagesen gogoeta koreografikoak "mitoari aurre egitea eta ikus-entzuleei gure unibertso kulturalean sartuta dugun aurre-fabrikatutako irudi hori kentzea" bilatzen du, hortik aurrera, eszenatoki gainean, irudi zuzenagoa, egiazkoagoa, altxatzeko. Eta, aldi berean, "desioa erantzukizun etiko gisa aztertzeaz gain, bizitza, plazera, autonomia, askatasuna eta zoriontasuna errebindikatzen ditu", gizaki guztien oinarrizko eskubide gisa.
Pages lerro gutxi batzuetan
Maria Pages artista ezaguna da nazioartean, arte flamenkoaren gainean duen kontzeptu estetiko pertsonala dela eta. Artea mugarik gabeko zerbait gisa ulertzen du, eta bere lekua lortu du mundu mailako dantza panoraman. Lengoaia flamenkoaren funtsezko kodeak erabiltzen ditu, eta lengoaia hori barrutik eta kanpotik ikertzen du. Horrela, Maria Pagesek, flamenkoa etengabeko bilakaera bizi duen arte garaikide eta bizi gisa ulertzeko orduan aitzindaria dela erakutsi du. Bere koreografietan kultur desberdintasunak gainditu ditu, arte trukaketek gizakiak elkarren artean hobeto ulertzen laguntzen dutela uste duelako. Bere hitzetan, kulturen, arrazen eta erlijioen arteko batasunak oihartzun komuna sortzearen adibide garbia da flamenkoa.
Ikuskizunerako sarrerak 11 eta 40 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.
ç
Dokumentuaren akzioak