Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maria Balluerka izan da Santanazaleetan aurreskuaren rola bete duen lehenengo emakumezkoa

Dokumentuaren akzioak

Maria Balluerka izan da Santanazaleetan aurreskuaren rola bete duen lehenengo emakumezkoa

500 urte baino gehiagoko historia duen ekitaldian mugarri izango da gaur gertatutakoa. Eñaut Gereñu izan da atzeskua. Soka-dantzan, maiordomoak ere emakumezkoak izan dira.
Egilea
A. Vierbücher
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Tokia
Ordizia
Mota
Albistea
Data
2022/07/27
Lotura
Goierriko Hitza

Historia egin dute gaur Ordizian; jaien barruan ospatzen den Santanazaleen egunean ezkonberriek egiten duten soka-dantzan, 500 urte baino gehiagoko tradizioa duen ekitaldian, lehenengoz, emakumezko batek bete du aurreskuaren rola. Maria Balluerka ordiziarrak izan du ohore hori. Atzeskua, Eñaut Gereñu izan da. Berrikuntza gehiago ere izan da, bi maiordomoak ere emakumezkoak izan baitira; Garazi Mujika eta Larraitz Bueno. 12 pertsonek parte hartu dute aurten Santanazaleen ekitaldian: bost bikotek eta bakarka dantzatu duten bi.

Goizean, “urduri” zegoen Balluerka, hitzak ateratzea ere kosta egiten zitzaion. Konsziente zen gaur foku guztiak berari begira egongo zirela. “Ilusio handia dut, momentu oso garrantzitsua da niretzat”, aitortu du udaletxean Manilako mantoiak janzten ari ziren bitartean, Santanazaleen kofradiaren liburu zaharrean sinatu aurretik. Bere familian “aita eta aitona izan ziren aurreskuak”, belaunaldiz belaunaldi mantendu duten tradizioa da beraz. Gaur, berriz, berari tokatu zaio. Oraindik egun osoa aurretik, bere kezka nagusia zen “plazan dena ondo ateratzea”. Hilabeteak pasa dituzte entseguak egiten, Amets Bide dantza taldeko kideekin, baina urduritasunagatik edozer gerta zitekeen.

Udaletxetik, parrokiara, meza nagusira abiatu dira Santanazaleak, eta ondoren, Plaza Nagusira gerturatu dira. Jende asko inguratu da bertara. Emozioa nabaria zen publikoan ere. Argazki kamera eta mugikorrak iskina guztietan, plazan gertatzear zegoena betirako gordetzeko. Eta orduan bai, iritsi da momentua. Erdi-erdian kokatu da Balluerka, udaletxera begira. Hasi dira txistulariak lehen notak jotzen, eta segidan, hasi da dantzaren lehen pausuak dantzatzen eguneko protagonista nagusia. Emozio handiko momentua izan da. Bukatu du lehen dantza, eta txalo zaparrada bat izan da jarraian. Ederki defendatu du. Irribartsu erretiratu da sokan zeuden gainontzeko kideengana.

Ordiziako jaiak amaituko diren honetan, historiak norabide berri bat hartu du. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak berak ere hala aitortu du, “eman beharreko urratsa zen”.

Goiza, primeran joan da, “urduri egon naiz, hasieran batez ere, baina disfrutatu ere egin dut”,  adierazi du Balluerkak plazako ekitaldia amaitu eta Ordiziako alde zaharrean Martinez jatetxean geldialdia egin dutenean.

Momentu horretan ere, Eñaut Gereñu atzeskuak hitz batzuk esan ditu. “Ordiziar bezala pozik nago gaur parte hartu izanagatik, eta pozik ere, gaur eman den urrats garrantzitsuagatik, uste baitut, garai berrietara egokituz, norabide hau hartzea beharrezkoa zela”.

Azken suziria

13:00etan puntuan, udaletxeko balkoira atera dira Santanazaleak, aurtengo jaietako azken suziria botatzera, kuadrillen eguneko suziria hain zuzen ere. Momentu horretan, gainezka zegoen plaza, kuadrilla bakoitza kolore bateko alkandora jantzita edertu dute ikuspegia. Bota dute lehen suziria eta hasi dira txarangak musika jotzen. Orduan lehertu da festa, eta poliki-poliki abiatu dira festetako azken egunaz gozatzera.

Jarraian, gaurko goizak utzitako momentu batzuk.

 

Dokumentuaren akzioak