Dokumentuaren akzioak
Maria Anjeles Uzkudunen lan ahaztezina
«Kultura, dantza eta herriko historia lantzea» gustuko
zuen Maria Anjeles Uzkudunek. Asteasuarrak bere herriko hamaika istori
eta pasadizo gogoan zituen eta haien berri eman zuen idatzitako
artikuluetan. Duela urtebete hil zen Uzkudun eta bihar, Elizmendiko
Pedro deunaren elizan bere omenezko meza entzun ahal izango da goizeko
11:30ean. Bertan berari eskainitako hainbat kanta abestuko dituzte,
hunkigarriak eta politak bere alboan ibili ziren Usarrabi kantujira
taldeko kideek.
Gogoan dute oraindik Maria Anjeles bere sorterrian.
«Apreterone etxean jaio zen Maria Anjeles 1919. urtean, hamar
anai-arreben artean. Aita, udaletxeko administratzailea izan zen, baina
bere etxean dirua behar zela eta 'apretak', espartzinak, egiten jarraitu
zuten, hura bai-tzen bere etxeko jarduera nagusia» gogoan dute
Asteasun.
Uzkudunek Aiurri aldizkariari eskainitako elkarrizketa batean esan zuenez, «makina bat alpargata egin genuen etxean. Aitak egiten zituen zoruak eta ahizpak eta biok oihala erantsi eta muturrak nahiz saihetsak egiten genituen. Zinta jartzen genien gero, galartzua esaten zitzaion. Gure aitarentzat ez zen poz hoberik, goizean goiz lanean ari zela bere ondoan gu eserita jartzea baino. Gustura aritzen ginen lanean, baina ez genuen ikaragarri egiten. Etxerako adina. Hala ere, gure aitak gustura jarriko zuen familia guztia alpargatak egiten».
Herriko telefonoa
Apreterone etxean denda ere izan zuten eta Maria Anjeles eta bere ahizpa Miren ere bertan aritzen ziren gurasoei laguntzeko. Gainera, herriko telefonoa ere bertan zuten eta aitortu zuenez, «nik uste Asteasuko baserri guztiak pasa nituela telegramak eta oharrak ematen. Enkarguak ere agintzen zizkidaten, faborez. Baserritarrentzat bezala kalerako ere abisu ugari iristen zen, ez baitzegoen telefono publikorik. Gerra garaian abisu asko izan zen, baita gobernuak bidalitakoak ere, egunez bezala gauez. Berri txarrak ematea egokitu zitzaidan maiz garai hartan: hilak eta erituak. Joan egin behar zen berri haiek ematera! Eritu edo hildako soldaduen helbideak ez zituzten jakiten gehienetan eta izen-abizenekin ematen ziguten haien berri. Herri txikian, ordea, denak ezagu-tzen ginen. Lan handia egin zen orduan telefonoarekin. Berri pozgarriak ematea ere egokitu zitzaidan: jaiotzak, esaterako».
Urteak aurrera joan ahala, Maria Anjelesek ofizioa ikasi
eta 'pelukera' izan zen Asteasun urte askotan. «Bera izan zen herriko
pelukera eta uste dut herriko bakarra urte haietan», dio bere lagun
Maribelek. Ileapindegitza ikasi eta asteasuarrak Madrilera ere jo zuen
espeziliza-tzera. «Tolosako Korreo kaleko Manolita ile-apaindegian ikasi
nuen ile mozten eta ahizpa Madrilen bizi zenez, hara joan nintzen
praktikak egitera. Estudioa ikasi arte aritu nintzen bertan, bueltan
etorri nin-tzen laster. Neska koskorretan hasi nintzen ni ilea mozten,
Asteasun ez baitzegoen pelukerarik. Gainerakoan Villabonara joan behar
izaten zuten andre baserritar gaixoek! Beraz, ume txikiei ilea moztera
etortzen ziren nigana eta gaizki moztuagatik, gustura joaten ziren.
Neska koskorra nintzela, neroni ere barberoarengana joaten nin-tzen ilea
moztera. Hura itxura, koloniarekin dena busti-busti egin eta a lo
'garçon' moztuta... Nik ez nuen gogo handirik ile mozten ikasteko, baina
ahizpak eta on Hipolitok animatu egiten ninduten zer edo zer ikastera.
Denborarekin etxean jarri nuen ile-apaindegia. Diru askorik ez eta
pixkanaka-pixkanaka hasi nintzen, epeka ordaindu nuen sekadora bat
ekarri nuen aurrena. Gerora bestea.... Besterik ez zen eta lan asko egin
nuen».
Enara taldearen sortzaile
Uzkudunek herrian bere negozioa zabaldu eta bere zaletasuenkin jarraitu zuen, bere ahizpa Miren ondoan zuela beti. Zaletasun horien artean herriko gazteei euskal dan-tza erakustea zen eta horrela belaunaldi ezberdinek ikasi zituzten Uzkudunen ondoan gaur egun herriko jaietan eta beste unetan eskaintzen diren dantzak.
Enara dantza taldea sortu zuen 1977. urte inguruan eta
urte askotan zuzendu zuen. «Dantza asko gustatzen zitzaidanez,
neska-mutilei erakusten hastea pentsatu nuen. Jotak kenduta, ez nekien
dantza askorik. Gazteei erakusterakoan ikasi nituen neronek ere. Beno,
behin, lehen saria atera nuen plazan. Lehiaketatik kanpo atera ninduten
dantzara eta saria eman zidaten. Aizue, euskaldunak mo-tzak gara: neska
kastellana batek zoriondu ninduen, 'qué bien bailas la jota' esanez.
Euskaldunek ez zidaten ezer esan. Igartzaneko garajean hasi nintzen
orain 40 urte baino gehiago». Dantzari koadrila polita biltzen zela
gogoratzen zuen Mari Anjelesek, 15-20 laguneko taldea. «San Pedrotan
Asteasun eta inguruko herrietako jaietara ere joaten ginen emanaldiak
eskaintzera. Gero Tolosako Udaberri dantza taldekoak etortzen hasi
ziren. Sagar dantza, zinta dantza, ingurutxoa, sardinerak., dantza asko
ikasi genuen. Kantuan ere erakutsi nien zertxobait. Gazte horiek
berreskuratu zuten duela bi urte Dantza-soka Asteasun», zioen.
Abesten ere saiatzen zen asteasurra eta duela urte gutxi
arte, kantujiran ere ateratzen zen beste herritarrekin batera kaleak
alaitzera.
Bestalde, Gerra zibila gazte zela bizi izan zuen Uzkudunek. Urteetan, Maria Anjelesek Aiurri aldizkariak plazaratzen duen 'Lekukotzak' argitalpenean bizitako eta izandako pasadizoak argitaratu zituzten. «Makina oker pasatzen da, baina gerra da txarrena. Asteasu herria hain txikia izateko oso gogor astindu zuen gerrak. Sei herritar jator fusilatu zituzten bertan batere kulparik gabe, baita hainbat kanpotar ere. Gertaera haietan herriko jendea izan zen okerrena, bengantza eta inbidia handia baitzegoen. Guk ere etxean bizitu genituen gerraren ondorioak. Telefonoa genuelako inbidia ziguten eta aita espetxeratu egin zuten, salaketa baten ondorioz: 'porque era un pájaro de cuidado'. Aitak dena utzi egin zuen etxeratu zenean, baita telefonoa ere. Ederki egin zuen. Beste bi neskarekin batera, ahizpa bati ilea moztu zioten batzokiko batzordeko kide izateagatik. Oso garai gogorrak izan ziren».
Emakume «bizia eta bizkorra» bezala gogoratzen dute Maria Anjeles. «91 urte zituela joan zen, lehengo urtean. Bizia horrelakoa da, baina hutsune handia utzi zigun» diote bere ondoan bizitakoek. «Hain emakume berezia zen».

91 urterekin hil zen Mari Anjeles. Azken garaiko irudia da hauxe.

Hamar anai-arrebako familian jaio zen 1919an Apreterone etxean.

Herriko neska eta mutilekin batera ateratako argazkian.
Dokumentuaren akzioak