Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mari Errauskine ipuinaren liluran amaituko da aurtengo Maitaldia

Dokumentuaren akzioak

Mari Errauskine ipuinaren liluran amaituko da aurtengo Maitaldia

Batbiru taldeak jendea dantzaraziko du, bestalde, bihar, Gare du Midiren aurrean

Komunikabidea
Celine Mounole
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2001/09/21

Gau honetan eta bihar, Lyongo Opera Nazionalak, Cendrillon edo Mari Errauskine ikusgarria eskainiko du bederatzi orenetan, Miarritzeko Gare du Midi gelan. Ikusgarri horrek, bihar dio bukaera emanen Miarritzeko 12. Maitaldiari. «Mari Errauskine ikusgarria 400 bat aldiz eman dugu munduan zehar 1985az geroztik. Duela hiru urte errepertoriotik baztertu genuen eta aurten berriz landu dugu eta abian ezarri ikuslegoak eskatzen zuelako», adierazi zuen Yorgos Loukosek, Lyongo Opera Nazionaleko zuzendari artistikoak.



Prokofiev musikariak Mari Errauskin baletaren musika 1940an idatzi zuen eta 1945ean emana izan zen lehen aldikotz Moskuko Bolchoi antzokian. 1985ean aldiz, Maguy Marin koreografo ospetsuak, Prokofieven musika berriz harturik, koreografia berria idatzi zuen. «Koreografia oso berezia da. Izan ere, Marinek ipuina beste ingurugiro batean kokatzen du. Baleta hiru solairuko panpina-etxe handi batean iragaten da eta pertsonaia guziak, Mari Errauskine, Amaizuna, Ahizpa gaixtoak, printzea, panpinak dira. Emeki-emeki panpina guzi horiek bizi hartzen dute eta beren rola edukitzen. Asmatu mundu horrek du baleta horren fama eta arrakasta egiten», Yorgos Loukosen iritziz. Beraz, dantzari guziek panpina itxura dute: gorputz faltsuak eta maskak daramatzate. «Balet horrek antzerkiaren itxura du, panpina etxearengatik, eta baita maskengatik ere».



«Baina, zaila izan da koreografia horren abian ezartzea, mozorroek dantzariak trabatzen zituztela eta. Jantzi bereziak soinean dituztenez, dantzariek ez dezakete edozein urrats egin. Beraz, Maguy Marinek estetika berezi eta egingarria asmatu du eta atzeman mugimendu berriek dute koreografia horren berezitasuna egiten», Loukosek erran duenez.



Baletaren musika ere berezia da. Izan ere, Jean Schwartz musikariak soinu grabaketa batzuk gehituak zaizkio Prokofieven musikari. Grabaketa horrek, haur ahotsak ditu entzunarazten. Haurrak mintzo, edo irriz. «Balet horri esker gure haurtzaroan murgiltzen gara osorik, alde batetik Mari Errauskineren ipuina denok entzun daukagulako aurrean, bestetik, haurren jarrera, sineskortasuna baina laztasuna ere atzematen baitira panpina horien baitan», Yorgos Loukosek adierazi duenez.



Lyongo Opera Nazionaleko Baletak, berriz ere munduko itzulia eginen du aurten, obra hori baita Ravelen Programazioan erakutsiko dutena. Bihar, Patxi Perez eta Batbiru taldeak nahi duten guziak dantzara gonbidatuko dituzte, Euskal Herriko eta beste herritako dantzak erakutsiz, arratsaldeko zazpi orenetan. Gare du Midi gelaren aurrean izanen da emanaldia.

Dokumentuaren akzioak