Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Mari Domingiren errebantxa

Dokumentuaren akzioak

Mari Domingiren errebantxa

Egilea
Anuntxi Arana
Komunikabidea
Argia
Mota
Iritzia
Data
2023/12/15
Lotura
Argia

Ohargarria izan da Mari Domingiren figuraren hedapen bizia. Lehenago heldu zen Olentzero ikazkinarena, Lesakako modeloari jarraikiz: 1956an atera zuten Iruñean San Antonio taldeko gazteek, eta laster, 1970tik aurrera batez ere, Euskal Herri osoa konkistatua zuen. Mari Domingi 1994an plazaratu zuen Donostiako Bagera elkarte euskaltzaleak, helburu zuela haurrei euskarazko jardunaldi bat eskaintzea Gabonetako oporretan sakabanatu aitzin; Olentzerorentzako eskutitzak biltzea zen Mari Domingiren egitekoa, aurrekari eta bitartekari lana, nolabait.

Hain zuzen, egiteko hori izan da pertsonaia arbuiatzeko argudio bat, generoen parekotasuna bermatu gabe haien mailakatzea onartu egiten duelako: gizona ugazaba, emakumea zerbitzari. Eta gaur ere hala ibiltzen da Mari Domingi leku batzuetan, ez baitiote denetan opariak ekartzen uzten; nahiz eta sustatzaileek berek arin altxatu zioten gradua, postaria izatetik Olentzerorekin batera jostailuak banatzera iraganarazita.

Beste akatsa ere leporatzen zaio: Olentzerorekin bikote heterosexuala osatu eta aita-ama-haur familia kanonikoaren ikurra bilakatzea. Horren ordez, Olentzero queer-a erreibindikatzen dute batzuek, ez baitezpada maskulinoa, baizik eta Leitzako tradizioko Orentzaroren modukoa, tankera eta izaera anitzekoa, noiz emakume eta noiz gizon.

Hara non emakume zarpail eta arbuiatu hura Eguberriko pertsonaia ospetsua bilakatua den. Gabonetako magia ala Mari Domingiren errebantxa, nork daki

Eredu zinez ederra. Arazoa da luze jo dezakeela Euskal Herri zabalean Olentzerori gizon irudia ezabatzeak. Hori erdietsi artean Mari Domingi baztertuko al dugu? Bagerakoek ez zuten genero berdintasuna bilatzen emakume bat hautatu zutenean, baina baliteke figuraren feminitatea izatea haren arrakastaren gako bat.

Bestela ere. Gureganaino heldu den jatorrizko abesti zaharrean –jadanik Pio Barojaren amamaren gaztaroan kantatzen zena, 1820an nonbait– Mari Domingiri esaten diote besteekin Belenera joan nahi badu bere gona zaharra atera behar duela. Halere, “zatoz, zatoz” deitzen dute azkenean.

Eta hara non emakume zarpail eta arbuiatu hura Eguberriko pertsonaia ospetsua bilakatua den. Gabonetako magia ala Mari Domingiren errebantxa, nork daki. Araiz, melengeriak eta apaindurak utzirik, betatxuz bete gona jantzita ikusiko dugu, kantuan duen erromes antzari atxikia eta buru gaineko tramankulu handigura gabe, Italiako Befana eta Jurako Tante Arie andre-gorak bezala. Horrelakoak baitira maiz ipuinetako izakiak: kanpo itxura apalagatik, miragarriki ahaltsuak.

Dokumentuaren akzioak