Dokumentuaren akzioak
Margita Queheille: “Maskaradaren ideia abiatu zen, dantzariak badirelako”
Iragan neguan abiatzekoak ziren Atharratzeko eta Barkoxeko gazteak maskaradak herriz herri ematera Zuberoako herrietan gaindi. Atharratzek urte batez gibelatu, eta heldu den neguan partituko dira, Altzaiko gazteak bezala. Barkoxtarrek, berriz, ezohiko deliberoa hartu, eta udan emanen dute, bihar Barkoxen hasirik. Ohikoa bada ere barrikadak goizean egitea, aldi honetan arratsaldean izanen dira, eta plazako jokoa bera segidan emanen dute. Elkarrizketa egin ondotik jakin denez, gainera, COVID-19aren kontrako txertoa edo test negatibo bat erakustea galdetuko diete ikusleei. Horregatik, hiru barrikada baizik ez dira izanen, bazterrak hetsi eta kontrolak egin ahal izateko. Plazakoa, 17:30ean hasiko da.
Margita Queheille (Barkoxe, 2001), dantzaria bada ere, maskarada hauetan beltzerian ariko da; zehazki, kauteren taldean, eta neska bakarra izanen da. Kabana Handi edo Pitxu izan gabe ere, mustraketan agerikoa da bere pertsonaiak leku handia ukanen duela plazako jokoan. Komunikazioan ikasle da Bordelen (Okzitania), diseinu grafikoan.
Maskaradak inauteriak dira, baina aurten udan emanen dituzue. Zergatik hala deliberatu duzue?
COVID-19aren istorio horiekin beti pusatzen ari ginen. Bilkura batean deliberatu behar genuen udan edo larrazkenean eman, edo, bestela, ondoko negura pusatu. Ohartu gara jende anitzek motibazioa galtzen zuela eta heldu den neguan jende gutiago izanen zela gure taldean; gainera, Atharratze eta Altzaiko maskaradak ere izanen dira. Gure taldean maskarada egin behar zuten bospasei pertsona joan dira jadanik, eta huts bat egiten du: rolak hautatuak ziren, eta ordezkatu behar izan ditugu. Hautatu dugu ez haboro luzatzea.
Inauteri garaian egiteko partez udan abiatzea buruhaustea izan ote da?
Ez, aitak [Patrick Queheille Kanpo] beti errepikatu digu jadanik egin zela udan, eta gauza on bat dela udan egitea. Berdin udan eginez alimaleko plazerarekin egiten ahal dugu, abantailak ere badira: besta egiten ahal da gauaz berantago. Gu motibatuak gara!
COVID-19aren ondorioz, gauza anitz gibelatuak izan dira, eta uda honetan, azkenean, saio andana bat izanen da. Antolatzeko arazoak ekartzen ditu?
Herri batzuek ez gaituzte errezibitu nahi, zeren eta udan jendea bakantzaz joaten da eta jende gutiago bada. Bai, zailtasunak ekartzen ditu, baina ari ginen sobera igurikatzen bagenuen ez genuela sekula eginen. Orduan, hor zen momentu ona.
Zaila izan da taldea muntatzea ala bazen aski gazte maskaradak plantatzeko?
Bada gazteria handia oraino ere. Jadanik egin genuen Dantz’aka [dantza ikuskizuna], eta lagun baratu ginen; berriz tropa bera bildu gara maskarada egiteko. Denak barkoxtarrak gara orokorki, edo barkoxtar baten laguna, edo hola… Eta abantzu denek euskara ematen dute. Dantz’aka aitzin talde desberdinak baziren, adinen arabera, eta ikuskizun horrek denak elkartu gintuen. Enetako inportantea izan da hori.
Zu kauter izanen zara mutilez inguraturik. Nola hartu duzu rola bera eta neska bakarra izatea?
Ez dit batere problemarik ekarri, zeren eta ezagutzen ditut aspalditik hor direnak eta haiendako ere ez zen problema bat. Ontsa akomeatzen gara gure artean. Emeia nuen ere!
Dantzari izanik ere, nahiago zenuen beltzerian aritu? Erraten da dantzari baten bizian maskarada dela puntu gorena…
Bai, ez dakit… Badira dantzari izugarri onak ere. Haiek ikustez txipiagoak gara gu, gazteak. Izugarri azkar dira. Aldi honetan ez dut dolu ez dantzari izanik; beltz izan nahi nuen, eta hor zen parada. Maskaradaren ideia abiatu zen, dantzariak badirelako; denak dantzariak gara.
Eta kauter izatekotan, ez zenuke nahiago Kabana edo Pitxu izan?
Ez bortxaz. Kargu lodiegiak dira. Oraino gazteegi sentitzen naiz Kabana edo Pitxu izateko. Sekula beste maskarada bat baldin bada, segur ere bai, baina hor gazteegi naiz. Pitxu ez, baina Kabana izatea zerendako ez egun batez. Baina oraino ikasketetan ari naiz, eta Kabana-ren rola gauza handia da, idaztea… Hor Ximun [Pinque] bazen motibaturik, eta hark du kargua hartu.
Kauter izateko manera desberdinak izan daitezke. Zer da prestatu duzuena?
Berezitasunik ez da hainbeste izanen, salbu materiala, arropak eta bertzaren jokoa amiñi bat kanbiatuko ditugula udari haboro lotzeko. Ezustea izanen da. Mustraketan hasi gara herriko berrien biltzen, hautatzen, idazten eta antzerkiak jokatzen gure artean. Besteei ez diegu oraino erakutsi egin duguna.
Diseinu grafikoko ikasle zara, Bordelen. Maskaradaren estetika inspirazio iturri izaten ahal da?
Bai, baina ez dut beti erabiltzen ahal, ez baita hori galdetua. Ez maskarada baizik, Euskal Herriko gauzak oro interesgarriak dira. Integratzen ahal banitu, eginen nuke. Hor hazkurri industrian ari naiz; beraz, zaila da sartzea.
Dokumentuaren akzioak