Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Manu Chaoren Babelgo dorrea

Dokumentuaren akzioak

Manu Chaoren Babelgo dorrea

Globalizazioa. Musikaren esparruan ekarri dituen aldaketak aztertu ditu Ignacio Aiestaran irakasleak Iruñean

Egilea
Edurne Elizondo
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Iruñea
Mota
Kronika
Data
2001/10/27

«Platonek dantza goraipatzen zuen, espirituaren eta gorputzaren arteko oreka lortzen zuelakoan. Musikak espiritua sendotzen zuen bere ustez; soinketak, berriz, gorputza. Bien arteko oreka zekarren dantzak», hasi zuen Aiestaranek bere hitzaldia.



Oraingoa ez da Platonen garaia, eta dantzaren eta musikaren esparruan ere gertatu da beste arlo guztietan izan den garapena. Gehiago musikan, dantzan baino, Aiestaranek erran zuenez, Juan Antonio Urbeltzen tesiak gogora ekarriz. «Urbeltzek dio Platonek aipatzen zuen soinketa eta musikaren arteko harremana igartzen dela, nolabait, Gipuzkoako hainbat dantzatan».



Soinketa eta koreografia batzen zituzten taula horiek bazuten dantzaria hezteko helburua, musika eta, atzean, folkloreaz gain, tradizio zibil eta, aldi berean, militarra igar zitekeen, Aiestaranen hitzetan. «Platonen garaian ere errepublikaren zaindariak heztea zen musikaren eta dantzaren helburua».



Mestizajearen bidez sortutako musika berriak



Platonen garaiko helburu horiek ezerezean gelditu dira gaur egun, musikari dagokionean, behintzat. «Plantonengandik Manu Chaorengana erabatekoa da musikaren esparruan gertatu den aldaketa». Are gehiago, egun egiten dena musikatzat jo ote dezakegun galdetu zuen Aiestaranek.



Gaur egungo musikaren eredutzat, Manu Chao abeslariaren lana aztertu zuen EHUko irakasleak. «Globalizazioaren garaian, musika berriak sortzen dira, eta, musika horiek, etnozentrismoa baino, mestizajea dute sorburu. Musika berri horiek ezin dira Estatu-nazio baten edo hemeretzigarren mendeko mugaz betetako gobernu baten diziplina hezitzailearen pean bizi. Sentimendu politikoak eta aldarrikapena ez dira desagertuko, baina euren helburua ez da, lehen bezala, gorputza eta espiritua osatzea aginta- riek nahi dutenaren arabera».



Edozein mugaren gainetik dagoen arte postmoderno horren adibidetzat jarri zuen Aiestaranek Manu Chao. «Txikitatik ezagutu dituen estilo tradizional eta forma berrien arteko nahasketa dakar Manu Chaok».



«Disko-collagetzat jo dute askok Manu Chaoren azken lana, Proxima estacion: esperanza izenekoa, era askotako elementuak batzen baititu: Marcos komandateordearen edo Yuri Gagarin astronautaren hitzak, haurrentzako sexu heziketarako ikastaro bateko zati bat, albistegiak, futbol partida baten kontaketa... denetarik; benetako Babelgo dorrea».



Manu Chaoren azken diskoko Infinita tristeza abestia jarri zuen Aiestaranek bere hitzaldian musikariaren collage moduko lanaren eredutzat, eta, abesti hori bezala, gaur egun egiten diren beste asko, «ezin kantatu daitezkeen kantak» direla azpimarratu zuen.



Musikaren bidez Manu Chao eta Marcos komandanteordearen artean sortutako harremana ere mintzagai izan zuen Ignacio Aiestaranek, horrek erakusten duelako, lehen aipatu sentimendu politiko eta aldarrikapenen esparruan, mugak lehen baino zabalagoak direla, edo. hobekiago erranda, muga horiek desagertzen direla.



Prozesu historikoa



Manu Chaoren kontraesanak agerian utzi zituen EHUko irakasleak, globalizazioaren aurka behin eta berriro agertu arren, musikaren globalizazioaren adierazgarri den multinazional baten eskutik plazaratzen dituelako bere diskoak. «Multinazionalek inposatzen dute denok entzuten duguna».



Globalizazioa ez dela oraingo kontua erran zuen Aiestaranek bukatzeko, baizik eta prozesu historikoa dela. Egun, ordea, prozesu horren erritmoa azkartu da, teknologia berriei esker».

Dokumentuaren akzioak