Dokumentuaren akzioak
Mamuthone eta issohadoreak
Sardiniako irlaren barnealdean, Barbagiako eskualdean, entzute handiko
inauteriak egiten dira. Adituek diotenez, inauteri bestaren antzinako
ezaugarriak hobekien gorde dituen ospakizunetako bat da Mamujadakoa,
eta egiazki harrigarria da Iturengo eta Zubietako inauteriekin duen
antzekotasuna. Joare doinuetatik hasita. Mamuthoneak eta issohadoreak
dira Mamujadako inauterietako pertsonaia nagusiak. Lehenengo hauek
maskara beltza dute aurpegian, ardi larrua soinean, eta joare andana
bat bizkarretik zintzilik.
Maskara mutuak eta hiztunak
Hemengo joaldunen gisa, bi ilaratan egiten dute beren
ibilbidea, herriko bazter guztietan joare doinuak zabalduz. Ilara
bakoitzak bere dantza pauso propioak ditu, eta mamuthoneen inguruan
maskara zuriz eta kolore biziz jantzitako pertsonaiak ageri dira
issohadoreak, Sardiniako hizkuntzan sokadunak. Izan ere,
issohadorek soka luzeak daramatzate eskutan, eta haiekin desfilea
ikustera joaten diren neskatxak harrapatzen saiatzen dira, abilezia
handiz saiatu ere. Horrez gain, mamuthoneen norabidea eta erritmoa
markatzen dute issohadoreek. Beraz, batzuek menderatuen edo biktimen
jarrera hartzen dute, eta bertzeek garaileena. Mamuthoneek isilean egin
ohi dute ibilbide guztia, eta issohadoreek, berriz, alaiago,
ezker-eskuin aurkitzen dituzten herritarrekin solasean.
Pertsonaia hauen jatorria hainbat adituk ikertu izan dute azken hamarkadetan. Mamuthone
hitzak Mamujada herriaren izenarekin harremana izan dezakeela diote
zenbait hizkuntzalarik. Inauterietako desfilearen jatorriei buruz,
berriz, bertze hainbat teoria argitaratu izan dira. Batzuek diotenez,
issohadoreek Barbagiako artzainak irudikatzen dituzte, eta musulman
inbaditzaileak garaitu zituzten denborak gogorarazten dituzte. Horren
arabera, mamuthoneak musulman menderatuak dira.
Bertze batzuek lurrarekin lotutako teoriak defendatzen
dituzte, gertaera historikoak alde batera utzita. Horien ustez,
issohadoreak artzainen irudia dira, eta mamuthoneak, berriz, idi
menderatuak. Kontuan hartuta Europako bertze txokoetan nola
errepikatzen diren antzeko erritualak, hala nola Balkanetan, Alpeetan
eta Euskal Herrian, indar handiagoa hartzen du beharbada bigarren
teoria horrek, hau da, lurraren emankortasunarekin lotutakoak.
Haserrea eta banaketa
Maskarak dira mamuthoneen eta issohadoreen ezaugarri nagusia.
Desfilean parte hartzen duten herritarrek espresuki beraientzat eskuz
egindako maskarak dituzte, inauteri egunetan harro aski janzten
dituztenak. Maskara horien harira eztabaida bat baino gehiago piztu da
ikerlarien artean, batez ere issohadoreen maskara zuriak direla eta.
Batzuek diote issohadoreek maskaradunak izan behar dutela, eta bertzeek
ezetz, maskarak mamuthoneek bakarrik jantzi behar dituztela.
Herritarren artean ere eragina izan dute eztabaida horiek, elkarren
artean haserreak eta ezin ikusiak pizteraino, eta horren adibide, gaur
den egunean bi elkarte sortu direla inauteriak antolatzeko. Hala, baten
ordez bi desfile egiten dituzte herrian.
Kontuak kontu, otsailaren 13tik 16ra inauteri giroan sartuak izanen dira mamujadatarrak eta kanpotik bisitan etortzen direnak.
Canonauko bertako ardo beltza litroka edanen dute batzuek eta
bertzeek, eta mamuthoneen joare soinuez gain, mozorro zaratatsuek eta
Sardiniako kulturaren ikur diren tenorrek ere lagunduko dute kosta
ahala kosta lurra bere lozorrotik ernarazten.
Italiako San Michele all'Adige herriko museoan Europako inauterien arteko antzak biltzen dituzten film bat eta webgune bat osatu dituzte, tartean Zubieta eta Iturengo joaldunak (Nafarroa) eta Ezpeizeko maskarada (Zuberoa) direla.
'Inauteria, Europako errege'
Jon Ordoñez
Inauterien jatorriaren inguruan teoria bat baino gehiago egon arren, Europa osoan erro bera dutela argudiatzen du Juan Antonio Urbeltz ikertzaileak. Sardinia da horren adibide: joareek Iturengo eta Zubietako joaldunen antza duten moduan, issohadoreek ere Unanuko (Nafarroa) mamuxarroetako maskara mutuekin dute antza.
Hain zuzen ere, Italiako San Michele all'Adige herriko Trentoko Jendearen Ohitura eta Usadioen Museoan antzekotasun horien inguruko ikerketa bat ari dira osatzen 2007. urteaz geroztik. Iaz Zubietan izan ziren, eta Europako hainbat herritan filmatutako irudiekin film bat egin dute, Carnival King of Europe izena duena. Dantzan.com
webgunean eta Youtuben ikus daiteke, eta Zubietako irudiak jasotzeaz gain, Ezpeizeko maskaradakoak ere (Zuberoa) ageri dira, iaz urtarrilaren 25ean filmatutakoak.
Webgunean ere antzekotasun horiek jorratzen dituzte, eta Europa osoko inauterien mapa moduko bat osatu dute, batez ere Bulgaria, Kroazia, Frantzia, Italia eta Mazedoniako inauteriekin. Zintzarriak, zinta koloredunak, maskarak, korrikaldiak, panpinak sutan... Filmaz gain, argazkietan Europa osoko inauterietako irudiak jaso dituzte.
@Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
www.carnivalkingofeurope.it
Dokumentuaren akzioak