Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Malandainek Maitaldiko zuzendaritza utzi du Ballet Biarritzen lan egiteko

Dokumentuaren akzioak

Malandainek Maitaldiko zuzendaritza utzi du Ballet Biarritzen lan egiteko

Egilea
Ainize Butron
Komunikabidea
Gara
Tokia
Biarritz
Mota
Albistea
Data
2004/09/17

Biarrizko Maitaldia dantza jaialdia guztiz bukatu ez izan arren, atzoko eguna baliatu zuten Biarritz Kultura elkarteko arduradunek Thierry Malandain arte zuzendariak postua utziko duela azaltzeko.



Ballet Biarritzen zuzendaria eta koreografoa izanik, lan asko ematen ziola guztiak esan zuen Malandainek, erabakia zehaztu nahian.



«Oso esperientzia ona izan da, eta plazer handiz egin dut, baina sobera lan ematen zidan. Egunean zehar, hamarretatik arratsaldeko zazpiak arte lan egiten dut konpainiarekin. Goizeko bi orduak baliatzen nituen jaialdia antolatzeko», argitu zuen. Bestalde, Maitaldira sekula gonbidatu ez dituen konpainia batzuekiko harremanak txartzen hasiak zirela gogoratu zuen koreografoak, eta Ballet Biarritzentzat «kaltegarria» izaten ahal zela esan. «Mota bereko jaialdia dago Cannes herrian, baina bost pertsona daude antolakuntzan. Bakarrik nengoen ni», erantsi zuen.



Ez dute ordezkatuko Thierry Malandainek Biarritz Kultura elkartean betetzen zuen postua. «Malandainek postua utziko zuela esan digularik, mota bereko lana beste artista batek bakarrik eramaten ahalko zukeela pentsatu dugu, baina kanpoko dantzari bat hartu behar genuen horretarako. Ez dut uste jaialdia egitea posible denik, harreman sakonak izan gabe Ballet Biarritzekin. Kanpoko norbait ekarriz gero, lehiak piztuko ziren», nabarmendu zuen Jakes Abeberrik, Biarritz Kultura elkarteko presidenteak.



Malandainen lana jarraitu



Beraz, Maitaldian ez da izanen arte zuzendaririk. Halere, Filgi Claverie aukeratu du Biarritz Kultura elkarteak jaialdiaren egitarauaz arduratzeko. Ballet Biarritz konpainiaren barruan, Gipuzkoarekiko, Bizkaiarekiko eta Arabarekiko harremanak sustatzen hasi zen arte duela lau urte, Biarritz Kultura elkarteko zuzendaria izan da hamar urtez Claverie.



«Maitaldiak lortua du gaur egun ezagutza. Nire helburua Malandainek egindako lana jarraitzea izango da, egitarauaren bitartez. Lau urte daramat Ballet Biarritzen. Hortaz, indarrean jarraituko dute Biarritz Kulturarekiko loturek», nabarmendu zuen Claveriek. Horrenbestez, Abeberrik argi utzi nahi izan zuen Malandainen abiatzea ez zela haustura, harreman sakonak izaten jarraituko zutela baizik.





Egungo jaialdiaren egituran sakondu

A.B.

BIARRITZ



Azken urte hauetan dantza jaialdi nagusienetariko bat bihurtu denez gero Maitaldia, bere egituran sakontzeko ordua iritsi dela azaldu zuten Biarritz Kulturako arduradunek. Izan ere, 500.000 euroko aurrekontua du Maitaldiak, hemezortzi eguneko jaialdia antolatzeko. «Mota bereko beste jaialdien aldean, txikia da aurrekontua, baina doan etortzeko prest dira dantza konpainia zenbait. Esaterako, doan etorri zaizkigu egunean zehar azaltzen diren dantza talde batzuk», argitu zuen Thierry Malandainek, eta bere hasieratiko xede nagusia dantza talde ezezagunak azaltzea izan dela nabarmendu zuen. Diru laguntzei dagokienez, diru iturri berriak eskuratzeko aukera batzuk azaldu zituzten. Izan ere, Jakes Abeberrik erran zuenez, behin baino gehiagotan eskatu diote Akitania eskualdeari ematen duen diru kopurua handitu dezan. «Ez dugu erantzunik oraindik». Filgi Claverie zuzendari berria dela-eta, Hego Euskal Herriari begirako proiektuak bultzatzeko aukera izaten ahal zela erantsi zuen.

Dokumentuaren akzioak